IKASTOLA 238 > orientazioa > Haurrak erdigunean jarrita

Alderdi emozionala

Haurrak erdigunean jarrita

Familia kohesioa lantzeko eta liskarrak era egokian kudeatzeko ezinbestekoa izango da gure txikienei behar duten kalitatezko arreta eskaintzea

Ikasleak etxealdian egonik, etxeetan, familian, emozioen kudeaketa hori lantzea ezinbestekoa da.

Familia kohesioa lantzeko eta liskarrak era egokian kudeatzeko ezinbestekoa izango da gure txikienei behar duten kalitatezko arreta eskaintzea

Edukien transmisioaz eta konpetentzien jabetzeaz gain, emozioen kudeaketa ere lantzen da ikastoletan. Ikasleak etxealdian egonik, etxeetan, familian, emozioen kudeaketa hori lantzea ezinbestekoa da egoera berezi honetan.

Gizarte egoera berezi baten aurrean gaude, bizitzeko egoera berri eta ezezagun baten aurrean alegia. Horrek etxe eta familia besteko egoera desberdin sortu ditu eta ez ohiko elkarbizitza egoeretara eraman gaitu. Bizimodu berri horien kudeaketa, gainera, ez da beti erraza izaten. Egun batetik bestera gure egunerokoa aldatu behar izan dugu eta honek pertsonengan orokorrean eta haur, gazte eta nerabeengan bereziki, ondorio psikologikoak izan ditzake. Denok ez ditugu modu eta maila berdinean egoerari erantzuteko baliabideak eta tresnak, haurrak dira baliabide gutxien dituztenak eta, ondorioz, honelako egoeretan zaurgarrienak. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa izango da gure seme-alabekin lotura emozionalak garatzea eta berauei segurtasuna transmititzea.

Gogoan hartu behar dugu etxean gauden guztiok gure egunerokoari erantzun behar diogula bakoitzak dituen egitekoen ardura hartuz. Horrez gain, etxebizitzak dituen mugak kontutan izan behar ditugu eta baita egun osoko elkarbizitzak sortu ditzakeen gatazka egoerek ere higadura emozional garrantzitsua sortu dezaketela ere. Horiek guztiak kudeatzeko emozionalki erregulatzea ezinbestekoa izango zaigu, baina oinarrizko elkarbizitza baterako jarraibideak ere zehaztu beharko ditugu. Elkarbizitza jarraibideak aipatu ditugu ez arauak, ezohiko egoera honen aurrean malgutasuna eta afektuaren garrantzia azpimarratzen baititugu. Guztiok sufritzen dugu egoera berdina, baina haur eta txikienak dira egoera ulertzeko gaitasun gutxien dutenak eta egoerak eragindako behar gehien izango dutenak. Hori horrela izanik, haurrak erdigunean jartzeko beharra dago, entzun egin behar diegu eta ulertu egin behar ditugu. Beraiekin jardun, jolastu, irakurri… egin behar dugu, familia kohesioa lantzeko eta liskarrak era egokian kudeatzeko ezinbestekoa izango da gure txikienei behar duten kalitatezko arreta eskaintzea.

Honetarako ezinbestekoa izango da helduak bere egoera emozionalari erreparatzea. Haur eta nerabeekin ondo egoteko lehenengo helduak berak egon behar du ondo. Frustrazioak eta haserrealdiak kudeatu beharko ditugu etxeko egoera sozial eta emozional on eta orekatu baterako. Familian eta bikotearekin ondo egoteko ezinbestekoa da norbere buruarekin bakean egotea, eta horretarako momentu pertsonalak guztiok behar ditugu, gure buruarekin egon eta barrura begiratzeko egunak dira. Momentu horiek aurkitzea eta adostea elkarbizitzarako garrantzitsua izango da. Bide batez, gogoratu yoga, mindfulness eta antzeko ekimenak horretarako lagungarriak izan daitezkeela. Aspektu hauetan laguntza eskaintzeko psikologo eta profesional sareak antolatu dira eta horrez gain, sarean hitzaldi eta tailer interesgarriak ere aurkitu daitezke.

Nerabe eta gaztetxoak

Nerabe eta gaztetxoei ere zuzenean eragiten die egoerak. Bizitzako prozesu zail bezain eder bat pasatzen ari dira, familiaren nukleotik atera eta taldean, lagunartean bizitzen ikasten ari dira. Lagunarteak garrantzi eta pisu handia duen prozesua bizitzen ari dira. Eta bat batean eta aurretik hausnarketa egiteko denborarik gabe etxetik atera ezinik geratu dira, lagunekin aurrez aurre egon ezinik, beraien maitea(k) besarkatu ezinik… Guzti honek eragin handia izan dezake beraien egoera psikologiko eta emozionalean. Hasierako berritasunak dakarren ezjakintasuna eta euforia pasatu ostean, errealitatearekin topo egin dute. Asko luzatzen ari den errealitatea gainera. Onartu behar da garai digitalean jaiotako pertsonak direla eta beraien eta helduen harremantzeko erak ez direla berdinak. Aspektu honetan abantaila izan dezakete; izan ere, mundu digitalean murgilduta bizi dira eta harreman digitalak izaten oso ohituta daude.

Hala ere, gure harreman sarea ezin dugu gailu digitalen erabileran bakarrik oinarritu; oreka aurkitu behar da, eta beraiekin batera adostasunera iritsi behar gara. Horrez gain, erabilera arduratsua egiten lagundu eta erakutsi behar diegu; gu gara beraientzat erreferenteak hein handi batean eta guri dagokigu gure jokaeraren bitartez adostutako horiek betetzea lehenengo. Gailurik gabeko momentuak ere zehaztu behar ditugu bestelakoak egiteko: familian jolastu, hitz egin, harremandu, ekintzak egin, irakurri, sukaldatu… Asko dira egin daitezkeenak eta egunean tarte bat horiei eskaintzea oso aberatsa izango da familia elkarbizitzarako eta gure arteko komunikaziorako.

Horrez gain, informazio gehiegikeria bizitzen ari gara eta kontu handiz kudeatu beharreko gaia da. Haur, gazte eta nerabeak behatzaile ezin hobeak dira baina ikusi, entzun, bizi eta sentitzen duten horren interpretazio okerrak ere egiten dituzte. Adi beraz gaiaren inguruan jasotzen dugun informazioarekin.

Despiezea
Etxealdi garairako ideia batzuk

Zer egin dezakegu gure seme-alabekin egoera ulertu eta era egokiagoan bizi dezaten? Jarraian hainbat ideia zehazten dira:

  1. Beraiek ulertzeko moduan egoera azaldu.
  2. Egun hauetan etxean egotea beharrezkoa dela komunikatu, epe mugatu baterako izango dela argitu eta ondoren, pausoz pauso izango bada ere, egoera normalizatuko dela adierazi.
  3. Guztion emozioei arreta jarri, eta horien inguruan hitz egin. Litekeena da momentu batzuetan beldurra, tristura, haserrea eta bestelako emozio ezatseginak sentitzea, eta hauen inguruan ere hitz egin behar da.
  4. Balorean jarri egiten ari direna, bai egoera orokorrari dagokionez bai eta momentu ezberdinetan egiten ari diren ekintza ezberdinetan.

Pertsonak izaki sozialak gara, eta taldean, lagun artean, familian bizi gara. Teknologia era egokian erabili maite ditugun pertsonengandik hurbilago egoteko, banaketa eramangarria.

ikastola 238
2020 Maiatza
238