Adierazpen instituzionala
Elkarrekin, elkarlanean, erantzunez eta ekinez
Prozesu honetatik ahulduta aterako gara esparru batzuetan, baina baita indartuta ere beste batzuetan
Ikastolen Elkarteak landu duen adierazpen instituzionala aurkezten dizuegu.
Koronabirusak eragindako larrialdi egoera honetan ikastolok jakin dugu ahalik eta ongien erantzuten eta gure hezkuntza proiektua aurrera ateratzen eta babesten. Asko egin dugu eta asko dugu egiteko, elkarrekin eta elkarlanean. Ikasi ere asko ikasi dugu, eta ikasitakoak lagunduko digu aurrera egiten. Hurrengo lerroetan, salbuespen egoera honen gainean Ikastolen Elkarteak landu duen adierazpen instituzionala aurkezten dizuegu.
Ikastolakide agurgarriak, aurrean duzuen aldizkariaren alea berezia da, berezia da bai forman (zuengana ailegatzeko era bakarra euskarri informatikoa delako) bai edukietan ere, azken bi hilabete hauetan bizitzen ari garen egoera zeharo baldintzatzen ari delako gure egoera eta bizimodu pertsonala zein familiarra, orokorki, eta gure esparruari begira ikaskuntza-prozesua eta ikasle-irakasle-ikastola-familia harremana asko aldatu delako epe honetan.
Inoiz ezagutu ez dugun egoera kolektibo zein partikularra bizitzen ari gara, gure bizimoduan aldaketa sakonak eragin dituena. Ez genekien, ez dakigu, nola erantzun behar diogun egoera ezezagun honi, eta bizitzako beste alor askotan bezala, probatuz, neurri ezberdinak esperimentatuz, proba-errorea printzipioa aplikatuz egin beharko diogu aurre, eta hori dena ez bakoitzak bere zilborrari begira, baizik eta denon artean irtenbideak aplikatuz, talde bezala, herri bezala, bakoitzak aldamenekoei bere eskuetan dagoena eskainiz, eta, beldurrik gabe ere, besteen laguntza behar dugunean hori eskatuz ere. Ziur aski prozesu honetatik ahulduta aterako gara esparru batzuetan, baina baita indartuta ere beste batzuetan. Bizitza horrelakoa da, ez ditu gure aurreikuspen guztiak betetzen, alde batetik, baina ezta denak zapuzten ere.
Hala ere, zeintzuk dira prozesu honetatik atera ditzakegun ondorio nagusiak?: Gure ustez nagusiak honakoak dira (ordenak ez du garrantzia adierazten, ez baitago faktore bakar bat beste guztien gainetik dagoena).
Gizarteak egoera zailei aurre egiteko (berriro ere) erakutsi duen gaitasuna. Oso gutxi aipatu den gai bat da hau, baina askotan denoi gertatu zaigu munduan zehar gertatzen diren egoera latzen aurrean pentsatu dugula “nola da posible egoera hori jasatea eta, hala ere, aurrera egitea?”. Nork esango liguke orain dela bost hilabete gai izango ginenik (guraso, ikasle, langile, ….) horrelako egoeraren aurrean erantzun egoki eta, kasu askotan, eredugarria erakustea?. Ba bai, gai gara, bere ondorio guztiekin (hau ez da dohain izango), denok ordainduko dugu era batera edo bestera egun-hilabete hauetan pasatzen ari garena, baina GAI GARA ETA IZANGO GARA EGOERA LATZEI AURRE EGITEKO. Ez dezagun ahaztu datu hori, gure autoestimurako balio behar duelako, gure gaitasunak (eta gizarte osorena) ispilua behar du izan.
Beste irakaspenetako bat teknologia berrien garrantzia da. Egia esanda ikastolok egokituta genituen teknologia berrietara gure ikasmateriala eta jarduteko modua. Ikasmaterial digitalak, dispositiboak, ikasle guztientzako posta elektroniko kontuak, ikasleak digitalki konpetenteak… Ikastolen Elkartean duela urte batzuk egin genuen gure ikasmaterialen digitalizazioaren aldeko apustua. Erabaki honen oinarrian ikasleen konpetentzia digitala garatzeko helburua zegoen, etorkizuneko gizartean ezinbestekoa izango den gaitasuna garatzea alegia. Ikasmaterialetan egindako ekarpenak eta ikasleekin era digitalean aurrez egindako lan guztiak bere fruituak eman ditu, salbuespen egoera honi aurre egiteko erraztasunak eskaini ditu: saio lektiboen garapenerako, ikasle-irakasle arteko harremana mantentzeko, ikasleen egoera pertsonalaren jarraipena egiteko, ikasleen jarraipen akademikorako…
Ez da bakarrik bitarteko teknologikoak genituela, baizik eta teknologia hori erabiltzeko prest geundela harrapatu gaituela egoera honek. Asko (ikaragarri) lagundu digute, bai bakoitzak bere lan profesionala etxetik gauzatzeko momentuan, baita ikasketa prozesuetan ikasturteko dinamika mantendu ahal izateko eta ikasleei faktore humano eta emozionala eskaintzeko, elkar entzun eta ikusi ahal izateko eta, ondorioz, bakoitzaren egoera ezagutzeko. Teknologia berriak ez ohiko egoera honi erantzuteko baliabide bat izan dira, ezinbestekoak bilakatu diren baliabideak. Baliabide hauen erabilera arduratsua eta orekatua egin beharraz ere ohartu gara, ikasle zein irakasleek pantaila aurrean pasatzen dituzten ordu kopuruan arreta jarriz, ikusmenaren zaintzarako gomendioak eginez… Erabilera arduratsuari dagokionean, ziber-jazarpen egoerak agertu daitezke eta horren aurrean guztion arduran eta enpatian jartzen dugu indarra. Guztiok daukagu honelako egoerak eman ez daitezen eta jarraitu ez dezaten zaintza eta ekarpena egiteko beharra.
Prozesu berriak irudikatzeko baliagarri
Hala ere argi dugu teknologiak ez duela inoiz irakaslearen jardun presentziala ordezkatuko; irakaslearen gertutasuna, berotasuna, begirada, umorea, esku-hartzea, zaintza eta ardura, inprobisazioa, harremana… ezin dira era berean eman. Ikaskuntza eta irakaskuntza prozesu berriak irudikatzeko baliagarria izan behar zaigu gertatutakoa; ordutegien malgutasuna, ikaslearen autonomia eta ardura, ebaluazio hezigarria egiteko tresnak… Asko ikasi dugu azken hilabete luzean, eta guzti horrek gure eguneroko jardunean izan dezakeen eraginean hausnartu behar da. Ikasketa prozesuaren izaera sozialean jartzen dugu fokoa. Pertsonen arteko elkarrekintzaren bitartez, berdinen arteko interakzioa sustatuz, erreferente baten laguntza jasoz eta ikasketa lehen pertsonan biziz eta esperimentatuz gertatzen da. Guzti horretarako ezinbestekoa da talde izaera, komunitate bateko kide izatea.
Baina, teknologia berriek beren garrantzia (erlatibizatuta, baina oso garrantzi handikoak) erakutsi badigute ere, garbi utzi digute ere badagoela arrakala soziala, familia eta egoera guztiak ez direla berdinak eta, beti bezala, egoera hauetan zailtasun handiena duten familiak (etxeko egoeragatik, espazioen faltagatik, baliabide faltagatik, behar bereziak dituzten haurrak….) betikoak direla, baliabide gutxien daukatenak eta arrakala sozial handiena jasten dutenak; hori datu objektibo bat da. Aniztasunari erantzuteko ardura izan dugu, eta enpatiaz eta erantzukizunez jokatu dugu. Ikastoletako komunitatea osatzen duten familia guztiak ez dira profil berdinekoak, baliabide teknologikoak, familia elkarbizitza, ikasketa prozesuaren autonomia, zailtasun eta erraztasuna, etxebizitzek eskaintzen dituzten aukerak eta mugak… Asko dira aniztasunean eragiten duten faktoreak, eta horiek guztiak kontutan hartzen saiatu gara. Ikastoletako zein Ikastolen Elkarteko baliabide material, teknologiko eta humanoak aktibatu dira familia eta ikasleei ahalik eta arreta pertsonal eta gertukoena eskaintzeko. Kolektibo honi erantzuten jarraitzeko oraindik zer egina badagoela jakin badakigu, eta horretan aurrera begira ere jarriko ditugu indarrak.
Komunitatearen erantzuna eta lotura
Ezin dugu ahaztu ere ikastola, erakunde bezala, osatzen dugun/duzuen eragile guztien erantzuna eta lotura. Ezinezkoa izango litzateke egoera honi aurre egitea parte guztien kolaboraziorik gabe, bakoitza bere lekutik, baina denon artean eta elkarlanean. Familiak egoera onartuz eta bere aldetik bai seme/alabei laguntza zuzena ematen, baita ikastoletako profesionalekin harreman zuzena eta egokia bideratzen; ikastoletako langileak inoiz egin ez duten lana bideratuz, berehalako formakuntza jaso eta beraien eskuetan zegoen material pedagogikoa egokituz egoera berri honetara, baina ez hori bakarrik, baita ikasle eta familiekin harremanak mantentzeko egin duten (egiten ari diren) esfortzu ikaragarria ere.
Eta, nola ez, ikasleak. Zaila da irudikatzea batez ere adin txikiena duten ikasleen erantzuna, ikaragarria; merezi dute aitorpen bat. Ikasgai itzela eman digute, ezin dugu ahaztu beraiek egoeraren pertzepzio propio bat izan dutela eta, hala ere, egoera onartuz eta moldatuz (bakoitzak bere gaitasunaren arabera), erakutsi duten heldutasuna eta autonomia ikaragarria izan da eta egun hauetan beraien ikasketa prozesua aurrera egiteko indar handiaz aritu dira. Ez hori bakarrik, sortzaile, irudimentsu ikusi ditugu etxeko lanetan eta zaintzan eta gauza izugarriak sortzen. Sare sozialak horren lekuko izan dira: ikasturtean zehar denbora faltarengatik egiten ez genituen gauzak egiten eta beste balore eta arlo batzuei tokia ematen beraien bizitzan, gurasoekin denbora asko konpartitzen, dantzarako, musikarako, jolaserako, sukaldatzeko, irakurketarako. Ordu horiek altxor baten moduan ikusi beharko genituzke, gure gizartea esku onenetan utziko dugunaren adierazle.
Elkartasuna eta elkar laguntza
Eta bakoitzak bere aldetik ekarpena egin badu ere, denon artean dagoen ekarpen handiena egin dugula pentsatzen dugu: ELKARTASUNA ETA ELKAR LAGUNTZA. Ikastolen ezaugarri nagusienetako bat da hau, eta ez hitzetan, askotan gertatzen den bezala, ekintzetan baizik. Adibide asko daude (aldizkari honetan batzuk ikusteko aukera daukazue) baina gure ustez eredugarri izan dira ikastoletan eman diren adibide zehatzak: ahal izanez gero ERTEak ez aplikatuz, edota aplikatuz gero langile horien eskubide eta lan baldintzak mantenduz, ordaindu ezin zuten familiei beka eta laguntza bereziak eskainiz, dispositibo edo konexiorik gabeko familiei (ikastolakoak ez zirenei ere) ikastoletako baliabide guztiak eskainiz, langile batzuen soldaten zati bat beste batzuei laguntzeko jarriz, oihalak eta biserak ikastoletako medioekin ekoiztu, janaria eta instalakuntzak udalen eskuetan jarri …..
Pandemiaren aurretik, behin eta berriz ohartarazten genuen euskararen normalizazioaren egoera kezkagarria zela hezkuntzaren eremuan. Orain egoera hori kezkagarriagoa bihurtu da, eta ez bakarrik zenbait ikaslerengan izan duen eragin zuzenagatik, bereziki etxean euskaraz egiteko aukerarik ez dutenengan, baizik eta hezkuntza prozesuan zerikusi handia duen eremu batean izan duen eragin gogorragatik ere, euskal kulturan. “Alerta” egoera honetan, euskalgintzako beste eragile batzuekin batera, Kontseiluaren baitan, euskara behar duen planoan kokatzeko eta gure artean lankidetzan aritzeko ekintza koordinatuak aztertzen ibili gara, Euskaraldiak aktibatu duen etxeko jarreretan eragiteko dinamikarekin bat egiten dugu dagoeneko. Baita euskara entzun gabe denbora luzez egon zitezkeen haurren egoerari aurre egiteko, multimedia aplikazio ugari irekian eta musu truke erabil zitzaten Euskal Herriko ikasle guztien eskura jarri genituen, baita gure elkarlana eskaini ere zenbait telebistari programa hezitzaileak euskaraz egiteko. Baina ezin gara gelditu, formula gehiago aurkitu behar ditugu, bakarrik edo beste eragile batzuekin elkarlanean, euskara etxean ez duten ikasleei euskara eskaintzeko; asko dago jokoan.
Ariketa kritikoa eta hausnarketa
Euskararen eta euskal kulturaren egoera latzarekin batera, hain biziki jasotzen ari garena, ezin dugu mezu hau amaitu, egoera honek ekarri dizkigun beste arrisku batzuk aipatu gabe; izan ere, hezkuntza proiektu gisa, gizarte gisa, ezin izango dugu aurrera jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala, eta ariketa kritiko bat egin beharko dugu egoera hori sortu duten arrazoiei buruz, eta gogoeta, hausnarketa egin, gure ikasleekin ere.
Eta horrela, hau bezalako pandemia baten zergatiei buruz galdetu eta hausnartu beharko dugu, ingurumenari egiten ari garen kalteari buruz, aztarna ekologikoa nola aldatzen ari garen barne, teknologiarekiko dugun mendekotasunari buruz, kontsumismoari buruz, bai eta herri gisa erantzuna emateko orduan izan ditugun gabeziei buruz, gure familia askotan sortu dituen egoera ekonomiko zailei buruz eta gizartearen urruntzeari buruz ere.
Bukatzeko, eta autokonplazentzian erori gabe, ezin dugu utzi aipatu gabe Ikastolen Elkartearen erantzuna talde bezala. Hasieratik ikastola guztiekin harremanetan jarri gara, ikastoletako erakunde guztiekin etengabeko informazio eta kontraste lanak egiten aritu gara, aholkuak edo erantzun bateratuak egon zitezkeen iritziak eztabaidatu eta bideratzen, ikastolen arteko komunikazio, esperientziak trukatzen, behar orokor eta bereziei erantzunak eta laguntzak eskaintzen, …. Alegia ikastolen esanetara eta beharretara eskaini gara. Harro gaude egindakoarekin, hobetu zitekeen, noski, eta arlo horiek ere identifikatzen ari gara (batzuk zehaztuta dauzkagu jadanik), baina gure ustez agerian geratu da ikastolak bizirik gaudela, erantzuteko gaitasuna dugula eta, ezbairik gabe, ikastoletako erakunde ezberdinen artean komunikatzeko eta elkar laguntzeko gaitasuna ere badugula. ikastola bakoitzak taldea elikatu du eta taldeak ikastola bakoitza elikatu du.