IKASTOLA 237 > iritziak > Arabar Errioxako ikastolen lana

Ikastolak

Arabar Errioxako ikastolen lana

Berrogei urte daramate eskualdea euskalduntzen, pedagogia berritzaileen bitartez

Hiru ikastolak Arabar Errioxako ikasleen %40-45 inguru hartzen dituzte.

Arabar Errioxako ikasleen erdiek ikasten dute D ereduan. Horietatik %85ek eskualde horretako hiru ikastoletan ikasten dute. Berrogei urteko lanaren ondorioz, Arabar Errioxan euskaraz mintzatzea eta entzutea lortu dute Assa, Bastida eta San Bizente ikastolek.

Eustaten euskalduntze datuen arabera, 1981ean Arabar Errioxan biztanleen %0,86 ziren euskaldunak, eta %2,54 ia euskaldunak. 2016ko datuei begiratuz gero, 35 urtetan euskaldunak %22,6ra igo dira, eta ia euskaldunak %42,29 dira. Bilakaera hori ez litzateke posible izango, 1970.eko hamarraldiko amaieran, Bastidan, Lapuebla de Labarkan eta Oionen ikastolak sortu izan ez balira. Izan ere, eta horixe da errealitatea, Arabar Errioxan ikasleen ia erdiek euskaraz ikasten baldin badute, ikastolei esker da. Izan ere, Jaurlaritzaren titularitatepeko ikastetxeek ez dute D eredurik eskaintzen derrigorrezko etapetan, Lantziegokoak izan ezik –1994ean publifikatu zen Lehen Hezkuntzako ikastola bat da–. Gainontzean, D eredua eskola publikoetan, Oiongo eta Bastidako ikastetxeetan ematen da, baina soilik Haur Hezkuntzan.

Gaur egun, hiru ikastola hauek Arabar Errioxako ikasleen %40-45 inguru hartzen dituzte (312 ikasle San Bizentek, 169 Bastidak eta 425 Assak), eta murgiltze ereduarekin batera, eredu pedagogiko berri eta berritzaileak erabiltzen dituzte, egungo ikasleak etorkizunean izan daitezen herritar euskaldun eleanitz, aske, prestu eta prestatuak, bizitzan izango dituzten erronkei aurre egiteko gaitasunekin.

Hau guzti hau aurrera eraman dute Arabar Errioxan, oztopoak oztopo. Ez baitira gutxi izan bidean aurkitutako eragozpenak, lurralde ia ez euskaldun batean hasi, aurreiritziei aurre egin, herrian txertatu eta herriarentzat lan egin, guraso eta irakasle eta langile konprometituekin elkarlanean.

Honen berri eman zuten hiru ikastola hauetako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek, iragan abenduan, Gasteizen eman zuten prentsaurrekoan. Oionen atzerritar jatorriko ikasle gehienak ikastetxe publikoan eskolatuta daudela eta ikastolak ez dituela hartzen leporatu zioten San Bizente ikastolari, eta horri erantzunez azaldu zuten ikastola hauen lana zertan den, eta desmuntatu egin zuten leporatzen dietena. Izan ere, D ereduan ikastolek atzerritar jatorriko ikasle gehiago dituzte ikastetxe publikoek baino. Horixe baita gakoa; Eusko Jaurlaritzako Arabako Eskolatze Batzordeak A eta B ereduetara bideratzen dituzte jatorri horretako ikasleak Arabar Errioxan. Era berean, ukatu egin zuten gelak betetzen dituztela matrikulazio garaitik kanpoko ikasleak ez hartzeko, eta datuak eman zituzten, zenbat leku libre dituzten adierazteko.

Bide batez, dei egin zuten bizikidetzan arazoak sortzen hasi den eztabaida hori amaitzeko, eta Eskolatze Batzordeari galdegin zioten irizpideak aldatzeko atzerritar jatorriko ikasleen eskolatze erabakietan. Hori bai, gaineratu zuten, auziak auzi, ez dutela etsiko euren egitekoan; Arabar Errioxa euskalduntzen jarraituko dutela, ikasleak euskaratik eta euskaraz heziz.

ikastola 237
2020 Otsaila
237