IKASTOLA 237 > orientazioa > Energia berriztagarrien aldeko ikastolen apustua

Klima larrialdia

Energia berriztagarrien aldeko ikastolen apustua

Ikastolen Elkarteak eta Goiener kooperatibiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Ikastolek kontsumitzen duten energia elektrikoaren %100 berriztagarria izatea; horixe da ikastolen apustua eta horri begira izenpetu dute lankidetza hitzarmena Ikastolen Elkarteak eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak. Klima larrialdi egoera honetan, ezinbesteko urratsa da.
 

Ikastolen Elkarteak eta Goiener kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, iragan abenduaren 12an, Donostian, Ikastolen Etxean. Beronen bitartez, ikastolek kontsumitzen duten energia elektrikoa %100 berriztagarria izan dadin nahi da, eta era berean, kontsumo arrazional eta eraginkorrena izan dadin lortzea. Hitzarmena Koldo Tellituk eta Maria Arretxek izenpetu zuten, Ikastolen Elkartearen eta Goiener kooperatibaren izenean.

 “Kooperatibagintzan sinesten dugu, ekintzailetza kooperatiboan, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetze moduan eta lan egiteko eran”, azaldu zuen Tellituk, hitzarmena izenpetzeko orduan. “Elkarlanean sinesten dugu, ikastolen artekoan bezala, gizarteko beste hainbat arlotan ere bai”. Adierazi zuenez, ikastolak kontziente dira beren inpaktuaz, beren eraginaz, herri mailan bezala eremu zabalagoetan ere, har ditzaketen erabakietan.

Horrelako erabaki bat da Goiener kooperatibarekin egin duten hitzarmena. Beronen bitartez, Ikastolen Elkartetik, ikastolak bultzatuko dituzte kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izan dadin, eta ahal dela, energia hori ekoizteko bideak ireki ditzaten. Dagoeneko Hegoaldeko hainbat ikastolak ere egin dute hitzarmena Goienerrekin, hamaseik, zehazki; beste batzuek azterketa egiteko eskatu diote, eta beste batzuk ere interesatu dira egitasmo honetaz. Ikastolen Etxean bertan ere ari dira azterketa egiten Goienerrekin. Ipar Euskal Herrian, berriz, Enargia kooperatibarekin ari dira energiaren gaineko lankidetza hau egiten.

Zergatik erabaki hau? “Ingurumenaren aldeko keinu esanguratsu bat delako”, azaldu zuen Tellituk. “Hezkuntza eraldatzen ari garela diogu ikastolok, baina hezkuntza eraldatzen, zertarako? Gizartea ere eraldatzeko. Klima larrialdi garai hauetan, ezinbestekoa da ingurumenaren aldeko ekimenak biderkatzea, eta gure apustua da ekimen horietan parte hartzea”, gaineratu zuen.

Zergatik Goienerrekin? “Goiener, gu bezala, kooperatiba bat delako. Ez du ibilbide luzea, 2012an sortu baitzen, baina zazpi urteotan erakutsi digu eraldaketa horretan eragile dela, eta eraginkorra, hamar mila bazkidetik gora ditu eta”, esan zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta hau gaineratu zuen: “Ingurumenaren aldeko apustua egin duelako ere bai, argindarraren ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena bultzatzen duelako, subiranotasun energetikoa berreskuratzeko helburua duelako, energia kontsumotik sorkuntzarako jauzia ere egin duelako…”

Hitzarmen honen bitartez, lehen adierazi bezala, ikastolak bultzatuko dituzte energia berriztagarrien aldeko hautua egitera eta energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko bideak urratzera. Baina Ikastolen Elkarteak ez du nahi ikastoletan bakarrik geratu. Aitzitik, ikastolako komunitateko kideak, familiak eta irakasle eta langile taldeak ere animatu nahi ditu ingurumenaren aldeko apustu hau egitera.

Subiranotasun energetikoa berreskuratzea xede

Energia, batik bat elektrikoa, egungo gizarteetako oinarrizko ondasun bilakatu da, ura edo elikagaiak bezain beharrezkoa. Goeinerren xedea hiritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzea da, honen garrantziaz jabetzea, energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatuz.

Goienerrek subiranotasun energetikoa berreskuratu nahi du egun sektore elektrikoan liberalizatuta dauden esparruetan sartuz: merkaturatzean (energia erosketa) eta sorkuntzan. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, elektrizitate berdea merkaturatuz lorturiko etekinak kooperatibara itzuliko dira berriz, eta bazkideek erabakiko dute batzarretan zertara bideratu diru horiek. Era berean, bazkideek sorkuntza berriztagarriko egitasmoetan inbertitu ahal izango dute, kooperatibak berak kontsumituko lukeelarik ekoizpen hori.

Azken helburua kooperatibak sorturiko energia kopurua bazkideek kontsumitzen duten kopuru bera izatea da, hori guztia energia berriztagarrien bitartez eta ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena eginez.

 

ENTRESAKA

Dagoeneko Hegoaldeko hainbat ikastolak ere egin dute hitzarmena Goienerrekin, hamaseik, zehazki; beste batzuek azterketa egiteko eskatu diote, eta beste batzuk ere interesatu dira egitasmo honetaz. Ipar Euskal Herrian, berriz, Enargia kooperatibarekin ari dira energiaren gaineko lankidetza hau egiten

ikastola 237
2020 Otsaila
237