IKASTOLA 237 > elkarrizketak > 360 graduko ebaluazio sistema baten diseinurantz

Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra

360 graduko ebaluazio sistema baten diseinurantz

HPIn dabiltzan ikastolak gelako praktikaren eragina neurtzeko eta praktika onak kolektibizatzeko jardunean hasi dira

Bi ikasturte dira  ikastolak HPI Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra ezartzen hasi zirela.

Duela bi ikasturte hasitako Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorraren baitan, ikastolak gelako praktikaren ebaluazioan hasi dira, eragina neurtzeko eta praktika onak kolektibizatzeko xedearekin, neurketa egiteko iturri desberdinetara joz, autoebaluazioaren, koebaluazioaren, heteroebaluazioaren eta eraginaren ebaluazioaren bitartez. Hitz gutxitan, 360 graduko ebaluazioaren bitartez.

Bi ikasturte dira  ikastolak HPI Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra ezartzen hasi zirela, Ikastolen Elkartearen eta Bartzelonako Escalae Institutuaren elkarlanaren bitartez. Egun, hogeita hiru ikastola ari dira HPIn. Aurtengo berrikuntza nagusia 360 graduko ebaluazioa da. Horretan hasi dira, baina hasi aurretik, Escalae Insitutuko ordezkari Federico Malpica berrikuntza pedagogikoaren ebaluazio sistema honetaz mintzatu zitzaien ikastoletako ordezkariei. IKASTOLA aldizkaria bertan izan zen, eta hurrengo lerroetan laburbiltzen ditugu Malpicak emandako azalpenak.

“Ebaluatzeko kultura gutxi dago, eta gutxiago berrikuntzarena”, hasi zen hizketan Malpica. Haren arabera, praktika onetan jarri behar da fokua, baina praktika onak “modu kolektiboan lor daitekeen zerbait” izan behar dira, bestela, “anekdotak” izango dira. Horregatik, adituaren arabera, garrantzitsua da praktika horiek nola kolektibizatzen ditugun ebaluatzea.

“Gogoeta egin eta neurtu egin behar dugu gelan egiten duguna. Funtzionatzen du? Emaitzak ematen ari da? Zer aldaketa ari gara ikusten ikasleen aprendizaian? Diseinatu dugun irteera profila garatzen laguntzen digu?”. Galdera horietatik abiatzea proposatzen du Malpicak.

Gogoeta egitea da gakoa, hobekuntza bat egitea, berrikusi eta ebaluatzea, azaldu zuenez: “Ebaluazioak, berrikuntzan, garapenerako balio behar du. Nola egingo dugu ebaluaketa garapenerako izan dadin? Beti iturri berdinetara jotzea ez da egokia. Ikasleei bakarrik galdetzea ez da egokia, ikuspegi bat bakarrik dugulako. Iturri desberdinak behar ditugu, informazio iturri desberdinak; horri deitzen diogu 360 ebaluazioa. Ebaluazio horizontala, bertikala, eta eraginaren ebaluazioa, behetik gorakoa, egitea”.

Hauek lirateke, 360 graduko ebaluazioak biltzen dituen ebaluazioak:

AUTOEBALUAZIOA: “Norbera bere indarguneen eta ahulguneen jakitun izan behar da. Nire beharren kontziente ez banaiz, ez dut nire jarduna aldatuko. Profesional bakoitzak bere burua ebaluatzen jakin behar du, profesional gogoetatsua izateko. Autoebaluazioak funtzionatzen badu, orduan hasiko gara besteek ematen dizkiguten iritziak onartzen eta praktikan jartzen, eta besteei iritziak ematen”.

KOEBALUAZIOA: Berdinen arteko behaketa. “Elkar behatzea, neu eta bestea hobetzeko, denok hobetzeko aukera izan dezagun, hobekuntzan laguntzeko. Garrantzitsua da profesionalek ikasten dugulako kolaboratuz, elkarrengandik eta elkarrekin ikasiz. Arazo mota gehiagori erantzun eta konpondu ahal izatea da konpetentea izatea. Nola? Praktika desberdin gehiago ikusiz eta ikasiz, ezagutuz. Beste  praktika  batzuk eta beste testuinguru batzuk ikusten laguntzen digu koebaluazioak, eta lankideen arteko elkarrizketak eta elkarlana sustatzen ditu. Beste profesional batzuek egiten dutena egiten hasi eta ikasi behar dugu irakasleek. Gela itxien kultura hautsi behar da. Gelak espazio publiko gisa ulertu behar ditugu eta edonork sartu beharko luke”.

HETEROEBALUAZIOA: “Zuzendaritza taldeak ere ebaluatu behar du, gelak behatuz. Bere betebeharra da gelako esku-hartzeak eta jarduna irteera profilari begira daudela ziurtatzea. Argi eduki behar dugun gauza bat da hau: ikastetxearen gurasoekiko eta ikasleekiko erantzukizuna hasten den puntuan amaitzen da katedra askatasuna. Kanpoko behatzaile bat ere egon daiteke behaketa lanetan. Batzuetan kanpoko batek beste ikusmira bat eduki dezake”.

ERAGINAREN EBALUAZIOA: “Ikasleei galdetu egin behar zaie, behetik gorako ebaluazioa da. Prozesuaz galdetu behar zaie: nola sentitzen diren, aldaketarik nabari duten, giro hobea antzeman duten gelan… Beste modu bat ere badago, zuzenean, aprendizaiaren emaitzak hobetzen ari diren behatuz, ikasleen ebaluazio emaitzak ikusiz (kalifikaziora mugatu gabe). Azken honetan, ordea, kontuz, emaitzak ez daukatelako zertan zerikusirik izan prozesuarekin”.

Hau dena nola eraman daiteke aurrera ikastetxe batean? Erabat sofistikatua izan daiteke diseinatzen dena, baina Malpicak gutxinaka joatea aholkatzen du: “Erraminta gutxi batzuk nahikoa dira, oso errazak baina eraginkorrak eta indartsuak”.

Escalae Institutuko kideak egitura batzuk martxan jartzea proposatzen du:

-Klaustroko akordio metodologikoak: “Lanerako jarraibide komunak eduki behar dira”.

-Praktika gogoetatsurako saio sistematikoak ezarri behar dira. “Elkarrekin hitz egiteko une eta guneak ezarri behar dira”.

-Berdinen arteko behaketarako bisita periodikoak egin behar dira geletan.

-Eraginaren ebaluazioa neurtu behar da.

Hori dena aurrera eramateko erremintak ere proposatu zituen Malpicak.

Autoebaluaziorako erreminten artean, irakaskuntza-jardunaren hobekuntzarako plan pertsonal bat egitea funtsezkoa dela aipatu zuen. “Zer planteatzen dudan, nola egin behar dudan, eta nola ebaluatuko dudan neure burua ikasturte osoan zehar. Garrantzitsua da irakasleak plan hau bere arduradunari helaraztea. Pertsonala da, baina komunikatu egin behar da. Nik ohitura bat hasi nahi badut, baina inori ez badiot esaten, konpromisoa ahulagoa da. Beste bati esanda, eta areago, neure arduradunari, konpromiso handiagoa eskatzen du. Arduradunak, berriz, plan horren arabera jarraipena egiteko konpromisoa hartuko du”.

Beste bi erreminta ere proposatzen ditu: gelan egiten denaren erregistroa edo egunkari gogoetatsu bat egitea, eta irakasuntza-ebidentzien portofolio bat egitea.

Koebaluaziorako erreminta edo estrategien artean, hezkuntza ‘saio klinikoak’ egiteari eman zion garrantzia Malpicak: “Prestatu egin behar da, medikuen artean egiten den bezala. Praktikan bertan oinarritutako emaitzak aztertzea da, gelan gertatzen den horretan oinarrituta aurrera egiteko aukera izan dezagun. Gure analisi unitatea talde bat da, gela bateko ikasleak. Praktika komuna dugunez, horri buruz hitz egin behar da, lanerako jarraibide komunei buruz. Jarraibide komunak direnez, gogoeta interesgarria da. Niri interesatzen zait zuk jarraibide hori nola ezartzen duzun, eta, ondorioz, zuri ere bai nola aplikatzen dudan nik jarraibide hori”. Horrek koordinazio on bat eskatzen du. “Lan honen zati bat hau nola organizatu eta nola dinamizatu daitekeen pentsatzea da. Eta gero erabaki zenbatean behin egin behar dugun praktikaren gaineko gogoeta hau eta egutegian ezarri. Eta ziurtatu behar dugu irakasle guztiek urtean zehar praktika gogoetatsuak edukitzeko aukera, eta desberdinen artean baldin bada askoz hobeto, irizpide gehiago izango direlako”.

Koebaluazioaren barruan, berdinen arteko behaketa ere funtsezkotzat du Malpicak. “Marko bat  dugu; lanerako jarraibide komuna. Behaketa hau ez da ebaluatiboa, helburu nagusia da gelan sartzen dena ikastera sartzen dela eta ez ebaluatzera. Praktikak ez dauka perfektua izan beharrik, komuna baizik. Jardunbidean dagoena bakarrik ebaluatu behar du, gainontzekoa ez; hori da jokoaren araua. Biek ikasten dute, batek bere feedbacka eman diolako, eta besteak bere erakusteko modua erakutsi diolako”.

Hetero ebaluaziorako erreminten artean, berriz, bisita pedagogikoak (barneko zein kanpokoak, zuzendaritzak edo bideratzaileek eginikoak) eta ikasleen asebetetze inkestak aipatu zituen Malpicak.

Laburbilduz, funtsezko urratsak egin behar dira: talde ezberdinak elkarlanean jartzea, berdinen arteko behaketak antolatzea, praktika gogoetatsua aurrera eramateko foroak sortzea, adostutako jardunbideei begirako prestakuntza planak osatzea eta dena sistematizatzeko antolaketa egitea… Honek guzti honek eskola antolamenduan eta denboraren kudeaketan eragina daukala aintzat hartuz.

 

HPIren HIRUGARREN IKASTURTEA

Duela bi ikasturte hasi ziren ikastolak HPI Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorrean. Guztira hogeita hiru ikastola daude HPIren barruan, batzuk hirugarren ikasturtean, eta beste batzuk lehen eta bigarrengoan. Ikastolen Elkarteak jarri zuen abian ekimena, Bartzelonako Escalae Institutuarekin elkarlanean, eta Ikastolen Elkarteko adituak ari dira ikastoletan bideratzaile lanetan, tartean behin Federico Malpicaren aholkularitzarekin.

Lehenbiziko ikasturtean Ikaslearen Irteera Profiletik abiatu ziren, eta helburu horretarako diseinatutako eredu pedagogikoa aztertu zuten baita hezkuntza praktikaren analisia egin ere, eta hurrengo ikasturtean eragin nahi ziren lau eremu aukeratu eta egin beharreko esku-hartzea diseinatu eta jardunbideak onartu zituzten.

Bigarren ikasturtean, aurrekoan diseinatutako jardunbideak praktikara eramateaz gainera, beste lau eremu hautatu ziren hurrengo ikasturterako. Ikasturte horretarako planifikatutako jardunbide horiek gelaratzeaz gainera, beste lau eremu horietan egin beharreko esku-hartzea diseinatu eta jardunbidea onartu zituzten.

Hirugarren honetan, berrikuntza 360 graduko ebaluazioa izan da, baina aurreko jarduerak albo batera utzi gabe, eta beste eragin eremu batzuk aukeratuko dituzte hurrengo ikasturterako. Laugarren ikasturtean amaituko da prozesua, baina hobekuntza iraunkorra izan dadin, hurrengo ikasturteetan ere egingo diren urrats guztiak aztertzea eta horren arabera jardunbideak egokitzen/diseinatzen joatea da helburua.

ikastola 237
2020 Otsaila
237