Irakurzaletasuna
Hipatiaren lana ezagutarazteko komiki-liburua
Ikaselkar-en Zientzialariak bildumaren uzta berria da 'Hipatia, egia matematikan'
Hipatia matematikari aparta eta filosofo grinatsua izan zen.
Hipatia matematikari eta filosofo ospetsuaren bizitza eta zientziari egindako ekarpena ezagutzera emateko, Ikaselkar argitaletxeak Hipatia, egia matematikan komiki-liburua argitaratu du. Haur eta gazteentzako liburua, 'Zientzialariak' bildumaren baitan argitaratu da. Jordi Bayarri idazle eta marrazkilariak egin du, eta Maialen Berasategik itzuli du euskarara.
Hipatia matematikari aparta eta filosofo grinatsua izan zen. Bere lanei esker matematika eta astronomia eguneratu eta berrikusi ziren. Alexandrian bizi izan zen, garai hartan gatazkaz eta nahastez beteriko hirian, non ezagutza eta pentsamendua fanatismoak mehatxatzen zituen. Baina ez zen inoiz kikildu; bere ezagutzak ikasleei transmititu eta bere jakinduria zabaltzeko grina ez zuen sekula galdu.
Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta zientziarekiko interesa piztea du helburu egitasmoak. Komiki formatua heziketa tresna gisa erabiliz, historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handienen biografiak eta lorpenak haurrei ezagutzera eman nahi dizkie argitaletxeak.
Hain zuzen ere, zientziaren historian itzal handiko izenak aurki daitezke azken urteotan argitara emandako 'Zientzialariak' komiki-bilduman, hala nola, Marie Curie. Radioaren aktibitatea, Newton. Grabitatea ekinean, Galileo. Izarren mezularia, Darwin. Teoriaren eboluzioa eta Aristoteles. Jakiteko irrika. Zerrenda hau mardultzera dator Hipatia.
Helburu bikoitza du egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, dibulgazio zientifikoaren bitartez, haur eta gazteei zientzia modu ulergarrian gerturatzea, STEM arloekin lotutako bokazioak bultzatze aldera.
Gainera, azken argitalpen honekin, emakume zientzialarien lana agerian jarri nahi izan du argitaletxeak, haur eta gazteek, neskek bereziki, emakume zientzialarien erreferenteak izan ditzaten.
Irakurleek antzinako Alexandriako liburutegia deskubrituko dute Hipatiarekin batera, eta Alexandro Handiaren garaian matematika eta filosofia eta ikasle gazteen bizitza nolakoa zen ezagutuko dute. Liburuak, halaber, erakusten du Hipatiak ikasi egin nahi zuela, eta egia erdietsi, eta hori lortzeko matematika zela berarentzat biderik onena.