Lur eta Amets
Liburuetatik zeluoidera jauzi egin dute Lurrek eta Ametsek
Euskal Herriko Historian barrena murgiltzen den abentura
Otsailaren 7tik aurrera zinemetan egongo da ikusgai.
Otsailaren 7tik aurrera zinemetan egongo da ikusgai Euskal Herriko Historian barrena murgiltzen den abentura
Duela hamar urte hasi zen gorpuzten Lur eta Amets proiektua, Euskal Herriaren Historiaren ezagutza haur eta gazteei helarazteko egitasmoa. Kontsulta liburu bat, mahai joko bat, eta hainbat ipuin argitaratu dira egitasmoaren baitan. Baina hastapenetik film bat egitea amestu zuten Elkarrek, Ikastolen Elkarteak eta Katxiporretak. Otsailean ikusiko du argia.
Lur eta Amets titulupean argitaratutako liburu eta ipuinetan oinarritzen da Elkar, Katxiporreta, Ikastolen elkartea eta Lotura Films- ek eskuartean duten animazioko luzemetraia. Gure Historian barna bidaiatuko dute eta abentura gazi gozoak biziko dituzte Lur eta Amets neba-arreba bikiek, beren amona Andereren eta Baltaxar katuaren botereei esker.
Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce zinemagileek zuzendutako filma da Lur eta Amets. Uxue Alberdi eta Unai Elorriaga idazleen ipuinetan oinarrituta dago, eta 87 minutuko iraupena izango du. Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala arduratu dira pantaila handirako egokitzapena egiteaz eta Joserra Senperena, berriz, musika sortzeaz.
Hamar urte badira filma egitearen ideia sortu zenetik. Ezinezkoa zirudien ilusioa, pausoz pauso errealitate bihurtzen joan zen. Hiru ipuin, kontsulta liburua eta mahai jokoa etorri ziren lehenengo; webgune propioa ere sortu zen pertsonaia hauekin. Gerora, beste sei ipuin batu zaizkie. Azkenik, 2017.urtean filma martxan jartzea lortu zen, eta bi urte beranduago filma bukatzear aurkitzen da. Durangoko Azokan hasiko da filmaren promozio kanpaina, eta bertan erakutsiko da beronen trailer-a. Zinemetan, berriz, 2020ko otsailaren 7an estreinatuko dute.
Filma urteotan argitaratzen joan diren bederatzi ipuinetan oinarritua dago. Historiaurrean hasi eta 80. hamarkadara iritsi bitarteko abenturaz jositako bidaia bat kontatzen du. Baina ipuinen esentziari eusten zaion arren, istorio berri bat kontatzen da luzemetraian. Balio hezitzaileetan oinarritutako film honek, gure historian oinarritutako garai desberdinetan gertatzen den abentura entretenigarri bat izatea du helburu.
Lur eta Amets bildumak izandako arrakasta ikusita, apustua egin dute filmaren alde, eta sorpresaz beteriko sustapen kanpaina zabala abiatuko dute aurtengo abenduan hasita.
Abentura honetako protagonistak
LUR: Geldi egoten ez dakien horietako neskatoa da Lur: inguruak miatzea gustatzen zaio eta korrika egitea; abenturazale amorratua da. Oso ausarta da, ezerk ez dio atzera eragiten. Jenio bizia du eta, haserretzen denean, Baltaxar katuak ere ihes egiten dio.
AMETS: Lurren neba bikia da Amets. Biek bikote ezin hobea osatzen dute. Amets ameslaria da, irudimen handikoa, sortzaile fina eta mutiko sentibera. Asko gustatzen zaio bakarrik egotea, hala ere, inoiz ez da aspertzen. Amona Anderek dio beste inork ikusten ez dituen gauzak ikusten dituela.
ANDERE: Lur eta Ametsen amona da Andere, emakume zaharra bezain argia. Maite du gure herriaren historia, asko daki eta asko dauka erakusteko. Beti dauka Lur eta Ametsi kontatzeko ipuinen bat ahotan. Berak esana da Euskal Herria dela gure ametsaren lurra. Beti dabilkio inguruan Baltaxar katua.
BALTAXAR: Baltaxar katu berezia da, berehala jabetu zen horretaz amona Andere; zer esanik ez, hitz egiten entzun zionean. Hori bai, amonak bakarrik ulertzen dio. Etxe-katu bihurtu zenetik, beti egon da amonarekin. Betidanik zaindu dute elkar. Baltaxar katu mesfidatia eta xaxatia da, jeloskorra ere bai.