Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia
840.000 euroko elkartasun adierazpen handia
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak hamar ikastolaren artean banatu ditu 2020ko diru laguntzak
Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek.
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak ikastolak laguntzea ebatzi zuen Orioko batzarrean. Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak 840.000 euroko laguntzak onartu zituen, azaroaren 28an, Orion egin zuen bilkuran. Lurralde desberdinetako hamar ikastolak egin zioten laguntza eskaria Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteari, eta hamarrei laguntza ematea ebatzi zuen Batzar Nagusiak. Diru hori 2020. urtean emango zaie hamar ikastola horiei.
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak ikastola hauei laguntzea ebatzi zuen Orioko batzarrean: Lekorneko Baigura ikastola, Basusarriko Biez Bat ikastola, Angeluko Kimua ikastola, Kanboko Ikastolen Etxea, Tuterako Argia ikastola, Lodosako Ibaialde ikastola, Bastidako Bastida ikastola, Argantzungo Argantzon ikastola eta Bilboko Abusu eta Harrobia ikastolak. Ikus daitekeen moduan, mota desberdinetako ikastolak dira: handiak eta txikiak, urte gutxi batzuk dituztenak eta urteak daramatenak Ikastola Eredua eskaintzen. “Guztiak gure gureak, guztiak beharrezkoak”, Batzar Nagusian Koldo Tellitu lehendakariak adierazi zuen gisan.
Hamar ikastola hauei emango dieten laguntza ekarpen modukoa izango da kasurik gehienetan, Abusu eta Harrobia ikastoletan salbu. Azken bi hauei emandako laguntza mailegu gisa egin da. Harrobiaren kasuan, gainera, laguntzaren erdia 2019ko aldiari dagokiona izango da eta beste erdia 2020. Gainerako ikastolen kasuan 2020ko laguntzak izango dira.
Batzarrean azpimarratu zen moduan, gainontzeko ikastolek adierazitako elkartasun horri esker, laguntza jaso duten ikastolek aurrera aterako dituzte euren proiektuak, eta orain jaso dutena biderkatuta itzuliko dute, beren proiektu eraldatzailearen bitartez heziko dituztelako ikasleak, euskaratik eta euskaraz.
Deituta zeuden ikastolen %80 agertu ziren Orioko Batzarrera, eta egin ziren proposamen guztiak atera ziren aurrera, gehiengo oso handiarekin (txikiena %85ekoa izan zen; gainontzeko proposamenak botoen %90etik gorako onespena jaso zuten).
111 ikastolak, 4.500 irakaslek, 500 langile ez irakaslek, 57.000tik gora ikaslek eta parte hartze zuzena duten haien gurasoek osatzen dute Ikastolen Elkartea. Hezkuntza proiektu sendo bat da, Euskal Herri osoan hedatua dagoen hezkuntza erakunde bakarra. Ikastola bakoitzak taldea indartzen du, eta taldeak ikastola bakoitza indartzen.
Bi europar kooperatibatan batzen dira ikastolak: Ikastolen Elkartea eta Elkartasun Ikastolak. Ikastola guztiak dira bazkide bi elkarteetan. Lehenak elkarlana irudikatzen badu, bigarrenak, izenean bertan dioen bezala, elkartasuna du ardatz. Sortze fasean, garapen fasean edota krisian den ikastolak aurrera egin dezan, gainerako ikastolek egiten duten elkartasun adierazpena da Elkartasun Kutxa. Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek, eta diru hori banatzen dute euren artetik gehien behar duten ikastolen artean. Horrela, euren kabuz aurrera egiterik izango ez zuketen, edo nekez egingo zuketen proiektuek, ikastola guztien bultzada jasotzen dute.
Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa –ikasleko hamabost euro jartzen dira–, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa.
Bideragarritasuna bermatzea helburu
Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatz hauek ditu:
-Ikastola berriak sortzen laguntzea.
-Dagoeneko sortuta dauden ikastoletan, aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea.
-Inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea.
-Tokian tokiko ikastola eta eremuetan, Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea.
Taldearen laguntza behar duten ikastolentzat ikasturte amaieran irekitzen da eskaera egiteko deialdia, eta hurrengoaren hasierara bitartean jasotzen dira eskariok.
Batzorde Tekniko batek aztertzen ditu Elkartasun Kutxaren laguntza behar duten ikastolen eskariak. Talde hau Ikastolen Elkarteko eta ikastoletako adituek osatzen dute. Hauek txosten bat egiten dute, eta Balorazio Batzordera igortzen. Balorazio Batzordea Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta zuzendaritzako kideez osatuta dago, eta txostena aztertu eta Artezkaritza Kontseilura eramaten dute behin-behineko proposamena. Artezkaritza Kontseiluak txostena aztertu eta oniritzia eman ostean, Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian bozkatuko dira urte horretako proposamenak.
Orion egindako Batzarrean adierazi zen bezala, lana handia da. Aurreko hiru hilabeteetan burutu zuten. “Ikastolek euren ateak ireki dizkigute guk azter ditzagun, eta erantzukizunez jokatu dugu”, adierazi zuen Tellituk. “Erantzukizun handiko lana ere badelako. Zenbaki guztiak aztertu eta Elkartasun Kutxako diruak nola banatu erabakitzeak buru-hausteak ere sortzen ditu, eztabaidak ere bai, eztabaida sanoak, bide batez esanda, adostasunera iristeko”.
Horregatik ikastola guztien izenean eskerrak eman zizkien Tellituk lan hori dena egin duten guztiei, Ikastolen Elkarteko eta ikastoletako adituei, eta Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritzako kideei.
“Lan handia, erantzukizun handikoa, baina esker onekoa ere bada egin duguna”, gaineratu zuen. Izan ere, guztiaren emaitza “elkartasun adierazpen handi bat” baita.
Hamazazpi miloi euro eta erdi
Ikastolek 1990.eko hamarkadaren erdialdera Elkartasun Kutxa sortu zutenetik, urtero urtero ari dira ekarpen handi hau egiten. 2013an, Elkartasun Kutxak Europar Kooperatiba izaera hartu zuen, ikastolen arteko elkartasun tresna hau Euskal Herriko lurralde guztietara modu bateratuan ezarriz, eta ikastolon izaeraren beste ezaugarri nagusi bat ere osatuz.
Guztiarekin, Elkartasun Kutxa elkartasun tresna indartsu eta eraginkorra izatea lortu dute ikastolek. Sortu zutenetik hona, hamazazpi milioi eta erdi banatu dituzte ikastolek euren artetik unerik larrienean ziren ikastolen artean. Horrek adierazten du ikastolen elkartasunaren neurria. Erakunde gutxi dira ikastolak baino ekarpen handiagoa egiten dutenak. Kooperatiba izatearen balio handietakoa da elkartasunarena, ikastolen gizarte ekintza eta gizarte ekarpena agerian uzten ditu eta. Gainera, Elkartasun Kutxaren esku-hartzearen funtsezkotasuna ere agerian geratu da urteotan. Egindako ekarpenaren bidez, egoera larrian diren edo egon diren ikastolei laguntza ezinbestekoa eman diete ikastolek, eta horri esker, garai batean besteen laguntza jaso zuten ikastola asko proiektu sendoak dira gaur egun.
ENTRESAKAK
Jasotako laguntzari esker aurrera aterako dituzte euren proiektuak, eta orain jaso dutena biderkatuta itzuliko dute ikastola hauek, beren proiektu eraldatzailearen bitartez heziko dituztelako ikasleak, euskaratik eta euskaraz.
Deituta zeuden ikastolen %80 agertu ziren Orioko Batzarrera, eta egin ziren proposamen guztiak atera ziren aurrera, gehiengo oso handiarekin
Elkartasun Kutxa elkartasun tresna indartsu eta eraginkorra izatea lortu dute ikastolek. Sortu zutenetik hona, hamazazpi milioi eta erdi banatu dituzte.
IKASTOLA |
HERRIA |
LURRALDEA |
JASOTAKO DIRUA |
Baigura |
Lekorne |
Lapurdi |
100.000 € |
Biez Bat |
Basusarri |
Lapurdi |
100.000 € |
Kimua |
Angelu |
Lapurdi |
70.000 € |
Ikastolen Etxea |
Kanbo |
Lapurdi |
46.272 € |
Argia |
Tutera |
Nafarroa |
90.000 € |
Ibaialde |
Lodosa |
Nafarroa |
100.000 € |
Bastida |
Bastida |
Araba |
80.000 € |
Argantzon |
Argantzun |
Araba |
33.445 € |
Abusu |
Bilbo |
Bizkaia |
56.000 € |
Harrobia |
Bilbo |
Bizkaia |
163.916 € |
GUZTIRA |
|
|
839.633 |