Ikastolen jaiak
Tantaz tanta, elkartasuna biltzen
Euskal Herriko Ikastolen aldeko TANTA, elkartasuna batzeko eta herritarrak saritzeko ekimena
Herritarrek euskal hezkuntzaren alde ekarpena egiteko egitasmoa, abian da.
Euskal Herriko Ikastolen aldeko TANTA, herritarrek euskal hezkuntzaren alde ekarpena egiteko egitasmoa, abian da. Ikastolen jaiek abiarazi dute, Ikastolen Elkartearen babespean. Elkartasun txartelak dira TANTA eta bost euroan daude salgai. Baina ikastolek elkartasun adierazpen hori saritu egin nahi dute. Horregatik, TANTA txartelak erosten dituztenek 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.
Ihintza, kresala, lanbroa, elurra… tantaz-tanta, malutaz-maluta, gure paisaia bustitzen duten fenomeno metereologiakoak dira. Haiei esker dira diren bezalakoak gure mendi, zelai, baso, kostalde, herri, hiri… Gure gureak ditugu, gure gurea dugun bezala elkartasuna.
Elkartasuna ere tantaz-tanta osatzen da. Bakoitzak jartzen duen aletik, tanta horretatik, osatzen da elkartasuna. Ikastolok badakigu, ongi jakin ere, elkartasuna zer den. Sortu ginenetik jaso izan dugu, eta horri esker atera dugu aurrera ikastolen proiektua.
Ikastolen jaiak dira jasotzen dugun elkartasun horren adierazle nagusiak. Urtero, ehunka mila lagunek adierazten digute, tantaz-tanta, gurekiko elkartasuna. Adierazpen horrekin, ikastolok hurrengo urteari adorez ekiteko indarra hartzen dugu, eta gure proiektu pedagogikoari erantzuteko baliabideak eskuratzen ditugu.
Ikastola eredua ezagutarazteko baliatzen ditugu jaiak; baina, horrekin batera, euskal kulturaren lagin bat eramaten dugu gure jaietara (musika, dantza, antzerkia, gastronomia, jolasak…), guztiok gozatu eta bizi ditzagun jai hauek, euskaratik eta euskaraz.
Ikastolen jaiak auzolan erraldoiak dira. Gure herrigintzaren berezko ezaugarrietako bat da auzolana, eta hura oinarri hartuta antolatzen ditugu gure jaiak. Milaka lagunek musu truke egindako lanaren emaitza dira. Baina dena ezin da musu truke egin, eta gure jaiek kostu ekonomikoak ere badituzte, urtero handiagoak, tamaina honetako jaiak antolatzeko exijitzen dizkiguten baldintza zorrotzek eragindakoak.
Auzolanean bezala, autogestioan eta autofinantzaketan oinarritzen dira gure jaiak. Ikastolok gure proiektu pedagogikoak aurrera ateratzeko behar dugun bultzada ekonomikoa jasotzea izanik helburuetako bat, jaiaren egunean edota urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak…).
Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du; dirua, auto bat, bidaia bat… gauza desberdinak zotz egiten dituzte. Helburua bera izanik –jaien autofinantzaketa–, bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dugu, eta TANTA sortu dugu.
Zer da TANTA?
Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena.
Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu.
TANTA txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak.
Ikastolok herritarren elkartasun adierazpen hau saritu egin nahi dugu. Horregatik, TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.
TANTA txartelarekin IKASTOLA EREDUA ere azaldu nahi dugu; nondik gatozen, non gauden eta nora joan nahi dugun adierazi nahi dugu. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen Historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.
TANTA abiatzeko aukeratu dugun lehen pertsona Elbira Zipitria da. Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen Zipitria, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez. Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.
Noiz eta nola?
TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. Arestian aipatu bezala, bost euroren truke eskuratu ahal izango dira elkartasun txartel hauek.
Esan dugu, baita ere, TANTA txartelek ordezkatuko dituztela ikastolen jaiek antolatu izan dituzten zozketak. TANTA txartelak, beraz, ikastolen jaien ekimenez sortzen dira, baina ikastola guztienak dira. Horregatik Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartuko dute ekimenean. Guztiak arituko dira herritarren elkartasuna tantaz-tanta biltzen, auzolanean, ohi dugun gisan.
Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, udaren hasierarekin bat egin nahi izan dugu. Horregatik, 60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo dugu, notario aurrean.
ENTRESAKAK
TANTA txartelak abenduko lehen astean jarri dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan.
60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo da, notario aurrean.