IKASTOLA 234 > orientazioa > Kooperatibismo kulturalean hazi berri bat

HUMANITY AT MUSIC

Kooperatibismo kulturalean hazi berri bat

Humanity at Music Sinfonia Kooperatiboa ikastoletara iritsi da.

MONDRAGON Korporazioaren egitasmoa da, kooperatibismoaren iragana, oraina eta etorkizuna aurkezteko modu berezia.

Humanity at Music Sinfonia Kooperatiboa ikastoletara iritsi da. Balio kooperatiboak erakusteko eta partekatzeko esperientzia kulturala dugu aurrean; kooperatibismoaren iragana, oraina eta etorkizuna aurkezteko modu berezi bat, bakarra.

MONDRAGON Korporazioaren egitasmoa da, Fernando Velázquez musika egileak eta Jon Sarasua letra egileak sortutakoa, Sinfonia Kooperatibo batetik abiatua. Ezin ahaztu, era berean, Euskal Herriko idazle eta bertsolariek osaturiko “Humanity at Music” liburua, Maite Mutuberriaren ilustrazioak jasotzen dituena.

Proiektu hau abentura eta esperientzia ahaztezina izango da parte hartzen duen ororentzat. Izan ere, herri ezberdinetako abesbatza eta dantza taldeak gehitu dira Sinfonia Kooperatiboaren ikuskizuna herriz herri aurkezteko. Dagoeneko Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin burutu dira saioak, baina azken helmuga izango da garrantzitsuena, hain justu, irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan, bertan ikuskizun erraldoia egingo baita.

Gainera, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, haurren artean balio kooperatiboak sustatzeko hainbat ekimen jarri dira martxan. Besteak beste, Lekeitioko Ibilaldian eta Gasteizko Araba Euskaraz jaialdietan ikuskizunak egin ziren eta Ikastoletan balio horiek integratzeko eduki ezberdinak zabaltzen hasiak dira: batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Etorkizuna” musika piezaren koreografia eta bideoklip-a, haurrek ikuskizunetan parte hartu eta dantzatzeko; eta, bestetik, IRRIA aldizkariaren kooperatibismoaren inguruko edizio berezia.

Kooperatibismo kulturala bizi nahi al duzu?
Informazio gehiago:
www.humanityatmusic.com

ikastola 234
2019 Ekaina
234