Hezkuntza Eraldaketa
"BEGIRADA, pertsonatik pertsonara"
Ikasleak ikusteko eta haiekin elkarri eragiteko modua aldatzeko aldarria
Irakaslearen, hezitzailearen begirada eraldatzea, halaxe aldarrikatzen dute Amaia Anterok eta Uxue Sukiak.
"Zer gertatuko litzateke, begirada aldatu eta egunero gure geletan ikusten ditugun haur eta nerabeak ikasle bezala ikusi beharrean, pertsona bezala ikusiko bagenitu?"
Irakasle izatetik hezitzaile izatera eta ikasleak ikustetik pertsonak ikustera igarotzea. Ikasleen arrakasta akademikotik haien arrakasta bitalera igarotzea; haiek bizitzarako prestatzetik, haien bizitza testuingurua eraldatzera igarotzea. Irakaslearen, hezitzailearen begirada eraldatzea, halaxe aldarrikatzen dute Amaia Anterok eta Uxue Sukiak.
Arizmendi ikastolako irakaslea da Antero; egun irakasleen irakasle lanetan ari da. Sukia, berriz, Ibarrako Uzturpe ikastolako irakaslea da, eta Ikastolen Elkarteko hIZAN Haur Hezkuntzako laborategiko kidea. Ikastolen azkeneko Jardunaldi Pedagogikoetan azaldu zituzten begirada berriaren ezaugarriak, eta begirada aldaketa horrek dituen eraginak.
Begirada berriaren arabera, ikasleen arrakastaren definizioaren bila abiatu ziren lehenik. Zer da arrakasta? Zer bilatzen dugu arrakasta akademikoa ala bitala? Galderari erantzun zien. “Begirada honek planteatzen duena da arrakasta bitala bermatu behar dugula, ez garela konformatzen arrakasta akademikoa lortze hutsarekin, eta horretan begiradak izugarrizko garrantzia duela”. Kontua da, azaldu zutenaren arabera, arrakasta bitala lortze horretan zein den hezitzailearen egitekoa. “Arrakasta bitala baldin bada pertsona hori dena izatea lortzea, gure egitekoa izango da hori deskubritzen eta eraikitzen laguntzea”
Testuingurua eta bi begiradak
Beraz, non kokatzen da begirada berria? Hiru elementu aipatzen dituzte: testuingurua, begiratzen duena eta begiratua dena
Testuinguruari dagokionez, egungo begirada gailentzen den hezkuntza paradigman kokatzen da. Horren arabera, hezitzailearen enkargua da ume horiek bizitzarako prestatzea. “Guk pauso bat harago joan nahi dugu”, azaldu zuten: “Ez da bizitzarako prestatzea bakarrik, baizik eta bizitza testuinguru hori eraldatzea. Eraldaketa kontzeptua hezkuntza munduan sartu beharreko kontzeptua da”. Enkargu horretaz gain, Anteroren eta Sukiaren arabera, “badugu begirada jakin bat, kontzienteago edo inkontzienteago duguna, eta da aurrean ditugunak kontsideratzen ditugula heldu inperfektuak bailiran, perfektu izateko prestatu behar ditugun pertsona heldu gabeak bailiran”.
Begirada berriak, berriz, bi agindu horiek apurtu nahi ditu. “Gure egitekoa ez da bakarrik bizitzarako prestatzea, gure egitekoa ere bada bizitza testuinguru hori eraldatzea. Eta bestetik, aurrean ditugunak ez dira heldu inperfektuak“.
Zer gertatzen zaio, berriz, begiratua den ume horri? “Begiratua den ume hori, haur edo nerabea, gure ispiluan ikusten dira. Segun eta zer ematen diegun bueltan ispilu horretan, eurek horrela eraikiko dute auto-irudi bat, horri lotuta auto-estimua, eta horri lotuta konpetentzia sentimendua. Orduan jokoan dagoena asko da, buelta ematen diogun ispilu horri lotuta”.
Begiratzen duena dago, bestetik. “Begiratzen duenak bere motxila eta historia dauka. Eta berarekin eramaten ditu bere esperientzia, bere bizipenak, bere ideiak eta pentsamenduak, funtzionatzeko moduak… horrek guztiak dauka eragina bere ispilua emateko moduan. Orduan, begirada uneotan gakoa da gure esku-hartzean. Zergatik? Begirada oso lotuta dagoelako ahotik zer esaten dugun, nola komunikatzen dugun eta nola esku-hartzen dugun aurrean ditugun pertsona horiekin”.
Barrura begiratu beharra
Bada beste ideia bat, bi irakasle hauen aburuz, eta da kanpora begiratzeko erabiltzen ditugun betaurreko berekin begiratu behar diogula baita ere gure barruari. “Guk begirada sakonago bat planteatzen dugu. Sakonagoa eta zorrotzagoa, izateari lotuagoa den begirada bat, sintomatan bakarrik geratzen ez dena, ikusgarria den horretan geratzen ez dena, zergatietara doana. Uste dugu hezitzaile moduan gure erronketako bat hori dela une honetan. Orduan honek planteatzen duena da begiraden joko honetan, pertsonatik pertsonarako begirada, eta plano horretan jartzen garenean, ikusten ditugu gaitasunak, ikusten ditugu zailtasunak, potentzialtasun bat, beharrak, ametsak… pertsona bere osotasunean, guk daukagun enkargu akademikotik harago; hori da planteatzen duguna begirada honetan”.
Ariketa interesgarri bat planteatzen dute: “Zer gertatuko litzateke, begirada aldatu eta egunero gure geletan ikusten ditugun haur eta nerabeak ikasle bezala ikusi beharrean, pertsona bezala ikusiko bagenitu? Zer gertatuko litzateke, gure begiek gure aurrean ditugunak perfektu izateko falta zaien horretan erreparatu beharrean, dagoeneko dauden puntu horretatik abiatuko balira? Eta zer gertatuko litzateke akatsa egin izana ospatuko bagenu? Akatsa kondenatu beharrean, akatsa ikusiko bagenu gauza bat azaltzeko bide gisa? Eta zer gertatuko litzateke aurrean ditugun horiek arrakasta lor dezaten marraztu beharreko bidean zentratuko balira? Ze ondo! ikusi dugu non dagoen hutsunea eta hau da bidea hori betetzeko”.
Lau ideietara ekarri dute proposatzen duten begirada berria.
-Begiek ikusten dutenaz haragokoa da. “Icebergaren behe aldera doa. Begirada positibo bat da, pertsonaren hondo on horretan sinesten dugu; pertsona, berez, ona dela”.
-Pertsonaren ikuspegi dinamiko eta ebolutiboan oinarritzen da. “Ez da estatikoa, ez da aurreiritzietan oinarritzen; eboluzionatzeko eskubidea aintzat hartzen du”.
-Konfiantzazko begirada bat. “Konfiantza izatea benetan bakoitzak egiten dugula ahal duguna momentu bakoitzean, eta hau oso inportantea da. Hortik abiatuko bagina, bai ikasketa prozesuari dagokionez, bai portaera disruptiboari dagokionez, bai guk ditugun espektatibei dagokienez, zenbat aldatzen den begirada!”
-Begirada humanoagoa. “Pertsona ezagutzeko ahalegina egiten duen begirada bat da, zertarako? Pertsona bera sendotzeko”.
Irakasleak eta hezitzaileak apelatuta
Irakasle eta hezitzaileak daude apelatuta begirada aldaketara. Lehen helburua pertsonak bizitzarako prestatzea baldin bazen, zein da gaur egun helburua, kontuan hartuta, gainera, gaur egungo errealitatearen ziurgabetasuna eta etorkizunaren ziurgabetasun handiagoa? “Begirada honetatik ikusten duguna da, aspektuetako bat, ez bakarra baina bai garrantzitsuena, gure enkargu inportanteenetako bat dela gure pertsona horien barne sendotasuna zaintzea, elikatzea, garatzea, eraikitzen laguntzea. Barrutik sendoak izango diren neska mutikoak garatzen laguntzea”.
Lau aspektu ekarri dituzte horren barruan: norberaren ezagutza (indar guneak, potentzialak, ametsak…), barne-askatasuna (aske sentitzea ideietatik, harremanetatik, loturetatik, benetan bere bidea topatzeko), heldutasun afektiboa (dependentzia afektiboetatik askatzen laguntzea poliki poliki), eta konfiantza (beren buruarengan konfiantza gai izango dela egokitzen zaion hori bizitzeko eta konfiantza bizitzea tokatu zaion hori inportantea izango dela aurrera egiteko).
Baina kontuan hartuz, nekez eraman daitekeela inor norbera iritsi ez den lekura. Eta beraz, sendotasun zentzu horretan ikusten dute erronka, eta hezkuntza munduan iraultza inportanteena dela, hain zuzen, hau, garapen pertsonala nola egiten den hezitzaile moduan egokitu zaien paradigma berri honetan. “Hezkuntza momentu honetan garai historiko batean dago. Eraldatzen ari gara espazioak, metodologia berriak ezartzen ari gara, baina ziurrenik iraultzarik handiena hau izango da: nola pasa egungo egoeratik eraldaketara, heldutasun prozesu batera, autonomiara, irekitasunera, gure nortasunaren eraikuntzara? Prozesu oso bat dago begirada honetan”.
Bost aldaketa garrantzitsu dakartza begirada aldaketak, bi irakasle hauen esanetan:
-Irakasle izatetik hezitzaile izatera pasatzea. “Hau beheko mailetan barneratuta dago, baina DBH eta Batxilergoan sentitzen gara gure arloko irakasle, eta hezitzaile rol hori hartzea gehiago kostatzen zaigu. Etapa guztietarako aldaketa moduan ikusten dugu guk”.
-Ikaslea ikustetik, pertsona ikustera
-Curiculumean, elementu akademikoetatik elementu pertsonalera igarotzea.
-Kontroletik, konfiantzara.
-Akatsa ekidin nahi izatetik, akatsa eskertzera
Eraldaketa pertsonala
Amaia Anterok eta Uxue Sukiak begirada aldaketak pertsonalki eragin diena ere azaldu zuten. Ikastolan eta ikastoletan egiten ari diren eraldaketa honek, eraldaketa pertsonal handia dakar eta eskatzen duela aitortu dute. “Honek dakar zure beldurrei aurre egiten hastea, zure konfiantza garatzen hastea. Bihurtzen da bizitzarako begirada bat, arlo guztietarako, familian, lankideekin, lagunekin. Pertsona bezala, hazten laguntzen du, eta hasiera batean ikasleei begira garatzen hasitako begirada hori zabaldu egiten da zure buruarekiko begirada horretara”, azaldu zuen Sukiak. “Jakin badakit amaitzen ez den bidea dela eta etengabe ikasten, hausnartzen, egoera berrietara moldatzen joan behar dugula, eta honek hazten jarraitzeko aukera handia ematen didala pentsatzen dut”.
Orain arteko egiteko modu asko desikasteko beharra ere sortu dietela aitortu dute, baina horretarako ere prest sentitu direla, beren egitekoa zalantzan jarri eta ikasteko prest, jakinda bide luzea daukatela egiteko, “baina inguruak eskaintzen dituen aukera horiei esker” bide luze bat eginda daukatela.
Begirada honek askoz baikorrago izaten lagundu die. “Egoera eta pertsonen alderdi positibo horiek topatzera eramaten zaitu, eta errespetutik desberdintasunak onartu eta maitatzera. Akatsek eta bidean topatzen ditugun zailtasunek ikasteko bidean jartzen gaituztela sinesten dugu, eta zailtasunek aukerak ematen dizkigutela aurrera begira jartzeko, hazteko eta sendotzeko”.
Uste dute, gainera, ikastolek eta ikastolakide guztiek izan beharreko balore eta printzipioekin (komunikazioa, gertutasuna, partaidetza inklusiboa, eraldatzailea…) koherentzian jokatzeko aukera ematen duela. “Pentsatzen dugun hori, esaten dugun hori eta jokatzeko dugun modu hori harmonian eramateko aukera ematen digu. Begirada honetatik testuinguru lasai eta natural bat sortzeko aukera dugu, eta pertsonak bere osotasun horretan zaintzeko aukera”.
Bestea ikusteko modu honek etengabeko elkarlana eskatzen duela uste dute, baina baita ere elkarlan hori ahalbidetzen duela. “Behaketak, iritziak, hipotesiak, nahiak elkar-jartzea beharrezkoa da aurrera egiteko, eta begirada positibo horrek, aukerak irekitzen dizkizu bestearengandik ikasteko eta elkarlanerako”.
Hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio eta denborak izatea gakoa da, eta baita aldameneko guztien motibazioa eta gogoa. “Aldaketa hau ezinezkoa litzateke talde lanik gabe, elkarrekin egindako lanik gabe”.
ENTRESAKAK
“Begirada honetatik ikusten duguna da gure enkargu inportanteenetako bat dela gure pertsona horien barne sendotasuna zaintzea, elikatzea, garatzea, eraikitzen laguntzea. Barrutik sendoak izango diren neska mutikoak garatzen laguntzea”.
“Hezkuntza momentu honetan garai historiko batean dago. Eraldatzen ari gara espazioak, metodologia berriak ezartzen ari gara, baina ziurrenik iraultzarik handiena hau izango da: nola pasa egungo egoeratik eraldaketara, heldutasun prozesu batera, autonomiara, irekitasunera, gure nortasunaren eraikuntzara?”
“Egoera eta pertsonen alderdi positibo horiek topatzera eramaten zaitu, eta errespetutik desberdintasunak onartu eta maitatzera. Akatsek eta bidean topatzen ditugun zailtasunek ikasteko bidean jartzen gaituztela sinesten dugu, eta zailtasunek aukerak ematen dizkigutela aurrera begira jartzeko, hazteko eta sendotzeko”.