Aisialdia
Ikastolen aterpetxea
Ikastolen Elkarteak Alloko La Tahona eraikina eskuratu du, ikastolen aisialdirako
Heldu den ikasturtetik, ikastolek eraikin propio bat edukiko dute ikasleen egonaldiak eta irteerak prestatzeko. Allon dago, Lizarrerrian, Nafarroako ekialdean. 40 urtez euskal udalekuak egin dira bertan, eta orain Ikastolen Elkarteak kudeatuko du, egiten ari diren eraberritze lanak amaitutakoan.
Lau hamarkadaz euskal udalekuak antolatu izan ditu Ezki taldeak Alloko La Tahonan, XVII. mendeko eraikinean. Legedi berrietara egokitzeko, ordea, eraberritze lanak egin beharra zeuzkaten bertan; 250.000 euro inguruko inbertsioa. Aurrekontuari aurre egin ezinda, eraikina orain bezala euskal udalekuak antolatuko zituen erakunde bati doan eskaintzea pentsatu zuten, eta Ikastolen Elkartera jo zuten.
Ikastolen Elkarteak aukera oso ona zela ikusi zuen, horrelako eraikin bat ikastolentzako eduki ahal izatea, eta aurre egin beharreko inbertsioa txikia ez den arren, Artezkaritza Kontseiluak aurrera egitea eta eskaintza onartzea erabaki zuen. Hori horrela, ikasturte honetan eraberritze lanak egin dira La Tahonan, eta datorren ikasturte hasierarako ikastoletako ikasleak hartzeko moduan egongo da.
Eraikin handia da La Tahona. Ehun lagunentzako lekua du, eta kanpoaldean ere lur puska handi bat dauka. Ingurune lasai batean dago kokatua, eta espazio zabalak ditu eta naturaz gozatzeko aukera ugari eskaintzen ditu. Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeak kudeatuko du eraikina, eta proiektuan itxaropen handiak ditu baita egitasmo ugari ere. Dena den, eta lehenbiziko ikasturtea izango denez, pausoz pausoa joango dira eskaintza zabaltzen.
Uneotan hiru erabilera egitea aurreikusi dute: ikasturtean zehar ikastolen egonaldietarako, udalekuak egiteko eta Aisiola Begirale Taldearen zenbait ikastarotarako.
Egutegiaren arabera lehenbiziko ekintzak egonaldiak direnez, horiek prestatzen hasiak daude buru belarri. Hasteko, LH3-6 bitarteko ikasleentzako egonaldiak aurreikusi dituzte, gau bat edo biko iraupenekoak. Egonaldi hauetarako ere bi txanda aurreikusi dituzte: urritik abendura bitartean, eta apiriletik ekaina bitartean. Egonaldiok Ikastolen Elkarteko hezitzaileek dinamizatuko dituzte.
Helburuak, berriz, honakoak dituzte: ikasle taldearen arteko elkarbizitza hobetzea, ikasleen arteko eta ikasleek irakaslearekin duten harremana landuz; haurraren autonomia sustatzea, hari begirako ekintzak diseinatuz; inguruak ematen dituen baliabide eta aukerak baliatuz, gelan landutako edukiak sakontzea; euskararen erabilera sustatze eta Euskal Herriaren ezagutza sakontzea; ikastolen arteko saretzea indartzea; eta, noski, ongi pasatzea.