IKASTOLA 234 > orientazioa > Kalitatea, erabilera eta atxikimendua ardatz

Euskara

Kalitatea, erabilera eta atxikimendua ardatz

Bi proiektu lantzen ari da Ikastolen Elkartea ikastolekin eta ikastolentzako

Ikasleen euskararen kalitatea hobetzea, erabilera areagotzea eta atxikimenua sustatzea. 

Ikasleen euskararen kalitatea hobetzea eta erabilera areagotzea, eta euskararekiko atxikimendua sustatzea helburu hartuta, bi proiektu ditu eskuartean Ikastolen Elkarteak. Lehena ikasturte honetan martxan jarri da; bigarrena, berriz, heldu den ikasturtearen hasieran abiatuko da.

Bi proiektu lantzen ari da Ikastolen Elkartea ikastolekin eta ikastolentzako.

Iazko ikasturtean alarma piztu zen. Argitara emaniko kanpo ebaluazio emaitzek erakutsi zuten ikasleen euskararen kalitateak behera egin duela. Ikastoletan emaitzak hain nabarmenak ez baziren ere, ikusi zen ikastoletan ere beheranzko joera hartu zuela. Era berean, Branka neurketan ikusi zen euskararen erabilerak ere behera egin zuela ikasleen artean. Hori horrela, joera hori gerarazi eta berriro gorantz egiteko xedearekin, esku-hartu egin behar zela erabaki zuten ikastolek.

Emaitzen arrazoiak ezagutu, eta egoera iraultzeko plan bat diseinatu beharra ikusi zen eta horri ekin zion Ikastolen Elkarteak, Huhezi-rekin elkarlanean. Iazko ikasturtean proiektu bat diseinatu zuten, eta aurtengo ikasturtean martxan jarri dute bederatzi ikastolatan.

Ez da ikasturte bakarrean landuko den proiektua, hurrengoetan garatzen joango baita, eta daukan helburua da programa bat sistematizatu eta ikastoletan egite moduetan txertatzea. Ikasturte honetan proiektuan sartu diren ikastola horietako teknikariekin lan egin da bereziki. Formazio sakona jaso dute, eta haien lana izan da beraien ikastoletan proiektua bultzatu, martxan jarri eta garatzea, Ikastolen Elkarteko teknikarien laguntzaz.

Proiektuaren muina irakasleak trebatzea da. Haiek ere prestakuntza jasotzen dute, eta trebatzen dira elkarrekintza eraginkorrean: klaseak planifikatzerakoan zer irizpide kontuan hartu behar diren eta ikasle-ikasle eta ikasle-irakasle interakzioan zer izan behar den kontuan, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko esku-haratzeari. Ikusi da, lehen, irakasleak protagonismo handiagoa zeukala gelan, eta protagonismo horretatik irakasleak hizkuntza eredu zuzenagoa eskaintzen zuela. Gaur, aldiz, ikasleak protagonismo handiagoa hartu du, eta ikasle-ikasle interakzioa handiagoa da, talde lanak protagonismo handiagoa hartu duelako. Bilakaera horretan hutsuneak eman dira. Horregatik garrantzitsua da, eta horretan sakontzen du proiektuak, elkarrekintzari ahalik eta etekinik handiena ateratzea; zuzentasuna, erregistro  kudeaketa eta abar kontuan harturik.

Lehen Hezkuntzako 2. eta 6. mailetako geletan ezarri da programa, eta maila horietako irakasleak izan dira protagonista nagusiak. Lehenbiziko ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. Ez soilik zuzenean parte hartu duten irakasleen aldetik; klaustro mailan ere oso harrera ona jaso du, argi ikusten baita denak daudela arduratuta ikasleen euskararen erabilerarekin eta kalitatearekin.

Datorren ikasturteari begira, Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1.eko ikasleak izango dira protagonistak, eta maila horietako irakasleek eraman beharko dute proiektua aurrera. Asmoa da 2020-21 ikasturtean, berriro ere ebaluazio diagnostikoa egingo baita, maila hauetako ikasleei berriro ere Branka azterketa egitea, horrela ikusiko baita emaitzetan hobekuntzak eman diren, bai kalitatean eta baita erabileran ere.

Aipatu bezala, bederatzi ikastolak hartu dute parte ikasturte honetan. Heldu den ikasturtean, gehiagok hartuko dute parte, eta aurten bezala, teknikariak trebatuko dira. Irakasleei ere prestakuntza emango zaie elkarrekintzaren gainean, eta horrela hedatzen joango da ahalik eta ikastola gehienetara, eta ikastola barruan ere irakasle guztietara.

Pulunpa egitasmoa

Helburu berarekin baina eskakizun maila apalagoarekin, Pulunpa egitasmoa sortu du Ikastolen Elkarteak, garai batean murgiltze astea zenari berrikuntza batzuk eginez. Heldu den ikasturtearen hasieran jarriko da martxan, DBHko lehen mailako ikasleekin. Murgiltze astea baino sakonagoa da helburuetan. Emozioetan oinarritutako proiektu bat da, ikasleen arteko harremana euskaraz izan dadin, beraiek hautu hori egiterakoan emozioen bidez euskararekin, eta euskal kulturarekin eta euskaltzaletasunarekin atxikimendua garatu dezaten, eta ikus dezaten euskara beren garapen pertsonalerako oinarrizko elementu izan daitekeela. Helburu horiekin programatu da egitasmo berri hau. Bost eguneko iraupena izango du, eta Aisiola begirale eskolako hezitzaileek dinamizatuko dute egitasmoa, eta Ikastolen Elkartetik prestakuntza espezifikoa jasoko dute eta aholkularitza eta laguntza eskainiko zaie proiektua martxan dagoen bitartean.

ikastola 234
2019 Ekaina
234