IKASTOLA 234 > iritziak > Euritea, elkartasun uholde bihurtua

IBILALDIA - Bizkaiko ikastolen jaia

Euritea, elkartasun uholde bihurtua

Ibilaldi eguna zapuztuta, herritarren ekarpenek une larritik atera dute Azkue ikastolaren proiektua

Mila esker guztioi! Erantzuna paregabekoa izan da.

Eguraldi txarrak erabat hondatu zuen aurtengo Ibilaldiaren ospakizuna, Lekeition, zorrak egiteraino. Ondorioz, Azkue ikastolak eta Ibilaldiak herritarrei dei egin zieten laguntza eske. Erantzuna paregabekoa izan zen.

Etsigarria izan zen joan den maiatzaren 19an Lekeition bizitako eguna. Urtebeteko esfortzu eta lan guztiak alferrikakoak izan ziren, eurite handi batek zeharo zapuztu zuelako aurtengo Ibilaldiaren ospakizuna. Ibilaldia egin egin zen, egin zuen euria gora-behera. Antolatzaileak ahalegindu ziren Bizkaiko ikastolen jai handirako prestatutako egitarautik ahalik eta gehien betetzen. Bi gune itxi egin behar izan zituzten, ordea, ezinezkoa zelako bertan ezer ospatzea. Euriteak -alerta laranja ere ezarria zegoen- Lekeitiora joatea eragotzi zien milaka ikastolazaleri. Ondorioa argia zen; aurreikuspenak, jendearenak eta ekonomikoak, bertan behera geratu ziren, eta Azkue Ikastola bere proiektua hipotekatuko zukeen zuloaren aurrean zen.

Horren aurrean, SOS dei bat egin zuten, eta maiatzaren 19ko euritea elkartasun uholde bilakatu zen. Euskal Herriko txoko guztietatik iritsi zaien laguntzari esker, urte osoan egindako lanarekin batera, alegia, elkartasunari eta auzolanari esker, gaur esan daiteke Ibilaldiaren gastuek eragindako zorrari buelta ematea lortu dutela, eta Azkue ikastolak ez duela karga hori eraman beharrik izango.

Zenbat ekimen, zenbat proiektu eraiki eta aurrera atera ote dira azken berrogeita hamar urteotan Euskal Herrian, elkartasunari eta auzolanari esker? Herri ekimenari esker? Gaur egun crowdfunding esaten zaion hori, azken mende erdi honetan ezinbestekoa izan da Euskal Herrian herri ekimenak aurrera ateratzeko. Anomalia deitzen diote, zorioneko anomalia diogu guk, Edu Apodaka irakasleak ezagun egin duen terminoetan. Ezarrita dagoen publikoa/pribatua zatiketa hori ezeztatuz, hirugarren bide bat. Ikastolak ere halaxe dira, herritik eta herriarentzat sortuak, beste anomalia zoragarri bat. Euskal Herriak ondo dakielako ikastolak "anomalia" bat direla lortu da egoerari buelta ematea, Euskal Herriak ondo dakielako ikastolak ez direla "pribatuak", izaera komunitarioa dutela eta herri mugimendu direla. Horri esker lortu da egoera honi buelta ematea.

Azkue ikastolatik, Ibialaldiatik eta Ikastolen Elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu hedabideoi, guk egindako laguntza deia zabaldu zenutelako. Eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Herriko ikastola guztiei ere, dei hau zabaltzen aritu direlako. Eskerrak, lagundu diguten erakunde eta elkarte guztiei. Eta, eskerrak, bereziki, ekarpen ekonomikoa, xumeena nahiz handiena, egin duten milaka norbanako guztiei.

Elkartasun adierazpen erraldoi honek indarra ematen digu, bai Azkue ikastolari eta, hedaduraz, ikastola guztiei, gure proiektuak sendotzen jarraitzeko, zorioneko anomalia izaten jarraitzeko.

ikastola 234
2019 Ekaina
234