ELKARMAKER EGITASMOA
Elkarlanaren fruituak erakusteko ordua
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Ingeniaritzako ikasleek amaitu dituzte euren proposamenak
Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak aurrera eramandako proiektua da ElkarMaker, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du.
Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloak erabiliz ideia bat landu, hura garatu eta aurrera atera. Guztia elkarlanean, eta etapa desberdinetako ikasleen artean eginda. Hori da ElkarMaker egitasmoaren bitartez, hainbat ikastolatan aurtengo ikasturtean aurrera eraman duten proiektua.
Azpeitiko Ikasberri, Elorrioko Txintxirri, Orioko Herri Ikastola, Durangoko Kurutziaga, Santurtziko Bihotz Gaztea, Oiartzungo Haurtzaro eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastoletako eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleek hartu dute parte ElkarMaker egitasmoa. Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak aurrera eramandako proiektua da ElkarMaker, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du.
Ikasturte osoko prozesua izan da, eta bertan parte hartu dute ikastola horietako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako eta Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza ikasleek. Eguneroko bizitzan lagungarri izango den ideia bana proposatu behar zuten LHko ikasleek, taldeka. Ikasle bakoitzak ideia bat proposatu eta defendatu zuen taldean, eta taldekideen artean beraien artean proposatu ziren ideietatik bat aukeratu zuten. Ondoren, talde bakoitzeko ideia onenak erkatu zituzten, eta ikasle guztien artean ideia bat edo bi aukeratu zituzten. DBHko ikasleek, berriz, erabakitako proposamena horien gaineko maketak egin zituzten taldeka, eta maketarik onenak aukeratuta, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleek prototipoak egin zituzten.
Burua astindu eta ideiak arrapalan etorri zitzaizkien ikasleei, eta, azkenik, horietako hainbat garatu dituzte. Honakoak dira prototiporaino eramandako egitasmoak: Robot zerbitzaria, kortxo-kentzeko elektrikoa, litxarreria eta izozki banatzailea, Klinon leiho garbigailua, Motxili motxila automatikoa, Erlojua, Dinobizi bizikleta teknifikatua, Robota (pintza automatikoa), Arin-arin txankleta hegalariak, Pizza ordularia (labe mugikorra), Ohelari ohe automatikoa, eta Zakarmurgi zakarrontzi mugikorra.
Ideiak lantzetik haiek prototipo bihurtzerainoko prozesuak maiatza bitartean iraun zuen. Maiatzean, berriz, Ingeniaritza ikasleak ikastoletara itzuli ziren egin dituzten prototipoak erakustera DBHko ikasleei. Prototipoa egiteko aurrera eramandako urratsak azaldu zituzten, izandako zailtasunak, emandako irtenbideak, egindako prozesuak… eta prototipoek nola funtzionatzen zuten azaldu zieten.
Ekainean zehar, berriz, DBHko ikasleok prototipoak gizarteratzen aritu dira. Horretarako, ElkarMaker proiektua bere osotasunean aurrera eramateko partaide guztiek jarraitutako prozesua irudikatzen dituzten dokumentuak bildu eta azalpenak prestatu dituzte. Lehenik eta behin LHko ikasleei aurkeztu diete, eta, ondoren, ikastoletako komunitateei eta egitasmoa ezagutu nahi izan duten guztiei.
Esperientzia aberasgarria
Halaxe diote. Esperientzia mamitsua eta elkarlan aberasgarria izan da derrigorrezko hezkuntzako etapa desberdinetako eta Unibertsitateko ikasleak elkarlanean jartzea, bai eta hezkuntzako bi erakunderen arteko kolaborazioa ere. ElkarMaker egitasmoaren bitartez garatu den prozesua kontuan hartzekoa da, eta hurrengo ikasturtean ere segida izango du ElkarMaker-ek.
Sormena, arriskuak hartzeko gaitasuna, elkarlana eta pertseberantzia eta konstantzia dira ElkarMaker-en bitartez lantzen diren gaitasunak. Ekimenaren ardatza, berriz, elkarlana da, bai heziketa maila ezberdinen (LH, DBH eta Ingeniaritza), bai errealitate sozio enpresarialaren artean, izaera teknologikoko proiektuen esparruan. ElkarMaker-ek STEM arloetan (ingeleseko siglak dira Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika adierazteko) izaera ekintzaileko jarrerak indartzea du helburu. Beronen bitartez, helburu hauek bultzatu nahi dira: 1. STEM ikas-arloen bokazioa sustatzea, sormen esperientziaren bidez. 2. Hezkuntza etapa ezberdinen eta errealitate sozio enpresarialaren arteko kooperazioa bultzatzea. 3. Teknologia alorrean, sormen-pentsamendua garatzea, ikasleen beharren, gaitasunen, emozioen, nahien edo abilezien aniztasuna integratuz. 4. Ekintzailetza gaitasunaren garapenean laguntzea. 5. STEM ikas-arloetan estereotipoak eta genero rolak gainditzeko asmoz, erreferente positiboak eskaintzea.
ENTRESAKA
Esperientzia mamitsua eta elkarlan aberasgarria izan da derrigorrezko hezkuntzako etapa desberdinetako eta Unibertsitateko ikasleak elkarlanean jartzea, bai eta hezkuntzako bi erakunderen arteko kolaborazioa ere