IKASTOLA 233 > elkarrizketak > "Ikasleak, proiektuek eta teknologiek baino gehiago kitzikatzen ditu arrakastak"

25+1=26JP - STÉPHANE CôTÉ, Pedagogia 3.0-ren sortzailea

"Ikasleak, proiektuek eta teknologiek baino gehiago kitzikatzen ditu arrakastak"

Irakasle eta pedagogia ikertzaile nekaezina, berak sortu duen Pedagogia 3.0 azaltzera etorri da Quebec-etik

Ikasleak motibatuta edukitzeako estrategia ugari aurkeztu zituen.

Irakasle eta pedagogia ikertzaile nekaezina, berak sortu duen Pedagogia 3.0 azaltzera etorri zen Stéphane Côté quebectarra Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoetara. Ikasleak motibatuta edukitzeko estrategia ugari aurkeztu zituen, baita erabilitako estrategia horien eragina neurtzeko tresnak ere. 

Irakaskuntzan eman zituen lehen zortzi urteetan, bere ikasleak motibatu nahi izan zituen Cotek, IKTak integratzen zituzten proiektuen bidez, eta hezkuntza bikaintasunaren bi sari jaso ditu Kanadan, eta hamahirugarren geratu zen 2006an Kanadan egin zuten ranking batean. Gero master bat egin zuen hezkuntza psikologian, motibazioari buruzkoa, eta ostean IKTen aholkulari pedagogiko lanetan jardun zuen lau urtez, hura utzi eta Pedagogia 3.0 probatzeari eta frogatzeari ekin zion arte.

Nola sortu zenuen Pedagogia 3.0?

Galdera honen erantzunetik: “Irakasle batek sor al lezake benetan neur litekeen eraginik? Eta denborarekin areagotzen joan liteke?”. Porrot egin duen ikasleak oso auto-estimu baxua izaten du, eta bere erabaki asko auto-estimu gutxitu horretatik eratorriko dira. Ikasleei azaldu nahi nien ez zeudela lortzen zituzten notek “harrapatuta” eta egoera horretatik irten zitezkeela … Pedagogia 3.0-ren bideak oinarri-oinarrian erakusten digu ez ditugula  matematika edo hizkuntzak irakasten, geure buruarengan konfiantza izaten baizik. Efizientzia nahi bat ere baneukan, hots, nire irakats esku-hartze eta erabaki bakoitza optimizatzeko klaseko denbora hobeki aprobetxatzeko gogo zoli eta zorrotza. Ebaluazioa barne.

Zergatik da garrantzitsua gure geletako ikasle guztien eta bakoitzaren ikasketa emaitzak egoki neurtzea? Zer da Probe 3.0?

Denbora luzez pentsatu izan nuen notak ikasleenak zirela. Gerora, ohartu nintzen nota horiek agerian uzten zituztela nire pedagogiaren ondorioak, nire ebaluazio prozesua eta nire ikasleekin dudan harremanaren kalitatea. Hiru osagai horiek fluktuazioak eragiten dituzte ikasleon emaitzetan. Ondorioz, nire esku-hartze bakoitzak duen inpaktua neurtzeko baliagarria zait ikusmolde aldaketa hau. Probe 3.0, kalkulu orri boteretsu bat da, eta nire praktiken ondorioak hobeto ulertzen laguntzen dit.  Hogei bat funtzionalitate ditu, eta funtzionalitate horien bitartez, ikus dezaket ebaluazio bakoitzean zer gertatu den eta aukera ematen dit nire praktikak birbideratzeko.

Nola lortzen da gure geletako ikasle bakoitzak eta guztiek ikasketen garapen egoki bat izatea?

Gure gelako ikasle guztiengana helduz eta gure pedagogia aldatuz beren emaitzak arreta handiz behatzen ditugun bitartean. Sarri asko, irakasleek arazoak dituzten ikasleak bereizi egiten dizute gelako garaian haiei zuzentzen zaienean; egiten ditugun aldaketek albo efektuak eragiten dizkiete beste ikasleei ere. Adibidez, kontzeptu espezifiko bat gela osoari azaltzeko irakaskuntza esplizitua erabiltzen badugu, ikasle horiei lagunduko diegu, baina baita beste batzuei ere.

Zer da Matrice 3.0, zure azken proiektua, eta zeintzuk dira bere helburuak?

Matrice 3.0k betiko aldatuko ditu etengabeko prestakuntza eta garapen profesionala. Esperientziak erakusten du ia alferrikakoa dela irakasleak prestatzea. Hauek ikasitako berritasunetatik batzuk aplikatuko dituzte, baina denbora igaro ahala ahaztu egingo dituzte. Modu hori oso garestia da, eta azkenean ez du efekturik eragiten. Hogeita hamar irakasleren gelako lana behatzeko aukera izan eta gero, eta 25.000 ikaslek bost urtean zehar lorturiko emaitzak analizatzen 600 ordutik gora eman eta gero, ikusi nuen ia irakasle guztiek efektu desberdinak eragiten zituztela oinarrizko ikasgai desberdinetan. Matrice 3.0k irakasle bakoitzaren efektua, esperientzia, analizatzeko erreminta bat izan nahi du, neurtutako efektu horien gainean irakasleen arteko gogoetan laguntzeko. Adibidez, litekeena da eskola bateko bi irakaslek efektu neurgarri handi bat izatea ikasleen irakurketan, baina laguntza behar izatea ikasleok ariketen ebazpenean trebatzeko orduan. Matrice 3.0ren bitartez, jakiterik izango zuketen eskola horretako zein beste irakaslek egingo zukeen hobeto, eta nork ongien, alor horretan. Horrela, elkar trukeak zeharo apartak izango lirateke, eta, azkenean, ohartuko lirateke, irakasle guztiek behar duten aditua beren alboko gelan dutela!

Esan digute eztabaida pedagogikoen aurrean adore nekaezinekoa zarela. Zein da zure iritziz ikasgeletan aurkitzen dugun arazo pedagogiko nagusiena?

Goresten dut pedagogia, hala da, pedagogiaz solastatzeak ez nau nekatzen! Akitzea da irakasleen arazorik garrantzitsuena. Denbora pila erabiltzen dugu, bukaeran eragin nahiko urria lortzeko. Uste dut hau dela arazorik larriena; neurketaren kultura eta efizientziaren kultura falta ditugula.  Ikasleak nola motibatuko ditugun galdetu beharrean, askoz eraginkorragoa litzateke helburuak argiago jarriko bagenitu, ikasketak automatizatzeko zereginak ezarriko bagenitu, edo ebaluazio hezigarrian zentratuko bagina. Horrela eginda, denbora asko irabazten da ikastorduetan, proiektu kitzikagarri ugari egin ahal izateko!  Baina hori egin gabe proiektuei ekiten badiegu, edo gaia proiektuetan integratzen ahalegintzen baldin bagara, arazoak dituzten ikasleek ezin dute funtsezkoa ikusi, arreta galtzen dute, eta porrotera bideratzen dira …

Filosofia apur bat egin dezagun, edo, hobeto esan, epistemologia apur bat. Zer da zeuretzako arrakasta (zeurea eta ikasleena)?

Arrakasta aurrerapena da. Ikasle baten kasuan, aurrerapena da arrakasta izatea bere emaitza akademikoak hobetzen. Hori lortzeko bide bakar bat dago, estrategiak aldatzea edo batzuetan  gehitzea. Bere prestaketan, ikasleak probatu dezake estrategia berria errentagarria den edo ez beretzat… eta aukera dauka besteekin eztabaidatzeko, iritziak partekatzeko, eta estrategiak hobetzera igarotzeko. Aurrerapenean oinarritutako ikuspegi honek ikasleen arteko ekarpenak ere ahalbidetzen ditu, aukera ematen duelako ikasle batzuek egin dituzten aurrerapenak ikusteko, baina baita jaso duten laguntzaren emaitzak ere. Eta alderdirik onena da laguntza eman duen ikaslearentzat onuragarria dela harreman hau. Gogor lan egin duelako estrategia horiek ezagutarazten, eta hori eginez, gai izan delako oraindik arrakasta handiagoa izaten laguntzen duten xehetasunak hobeto ulertzeko. Irakasten duzuenean, hobeto ikasten dituzu gaiak. Arrakasta, bestalde, niretzat, lehen baino modu eramangarriagoan eta denbora gutxiagoan irakatsi ahal izatea da. Arrakasta ere bada irakasteko moduak ordenatzea, zeregin bakoitzak eragiten duen efektuaren arabera ordenatzea. Ikasleei ere galdetzen diet gertatzen ari dena ulertzen ez dudanean, eta zeharo aparta da zure ikasleekin pedagogiaz hitz egin ahal izatea.

Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan orientazio pila bat eman dituzu Pedagogia 3.0ren bitartez gela kudeatzeko. Funtsean zer izan da transmititu nahi izan duzuna?

Irakasleek beren praktikak “garbitu” egin behar dituztela transmititu nahi izan dut. Efektu handiak eragiten dituzten gauza asko egiten ditugu, baina efektua murrizten duten gauzak ere egiten ditugu. Pedagogiaren asmoa da, zalantzarik gabe, praktika original batzuk edukitzea norberaren gelaren errealitatea aldatu ahal izateko, baina modurik eraginkorrena da gure ikasleen auto-estimua hobetzea arrakasta handitzearen bitartez.  Proiektuak, bai, ikasleek izugarri atsegin dituzte. Teknologia ere bai. Haatik, arrakastak, progresioak, askoz ere gehiago kitzikatzen ditu gazteok. Motibatuta daudenean, gutxiago gogaitzen dute, gehiago hartzen dute parte, eta gelako denbora biderkatu egiten da. Bat-batean,  ikasle konprometituagoak ditugu, eta denbora gehiago daukagu… Aurreztutako denbora hau zeregin gehiagotarako erabilgarri egongo da.

Twitterren oso aktibo zabiltza eta gogo biziz hartzen duzu parte gogoeta pedagogikoen gaineko harietan. Sare sozialek zein puntutaraino lagundu dizute gelako lan pedagogikoaren gainean  dituzun ideiak eta gogoetak transmititzen?

Nire gogoetak partekatzeak eta, batzuetan, alderatu edo erkatzeak, laguntza paregabea ematen didate pentsamendua bera eta pedagogia bera argitzeko. Hor kokatzen ditut, adibidez, ikastolen jardunaldietan parte hartzea, edo webgunean ditudan argitalpenak edo sare sozialak.  Pentsamenduak argitzeko beharrezkoa den ikerketa oso baliotsua da, egiten ari zaren hori eta egiten ari zarenaren horrek zein efektu eragiten duen hobeto ulertzeko.

Esateko geratu zaizunik bada?

Gauza bat azpimarratu nahiko nuke: irakastea munduko ofiziorik ederrena da: gurpila berrasmatu dezakegu; gazteei bidean argia egin diezaiekegu,  ikusarazi euren “bertsiorik onena” izatera irits daitezkeela … eta, gainera, ordaindu egiten digute hori egin dezagun! Bidea aurkitu dugula gero eta konbentzituago gaudenean, orduan eta oztopo gehiagorekin egiten dugu topo, baina oztopo horiek bultzatzen gaituzte gure mugak gainditzera. Gela batzuk zailak izaten dira, ohartzen garen arte ikasle horiek direla, hain zuzen ere, hobeto irakats dezagun bidea erakusten digutenak. Zin-zinez maite dut pedagogia!

ikastola 233
2019 Apirila
233