IKASTOLA 233 > erreportajeak > Gelako elkarreraginean sakontzen

Ikastolen 26.JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

Gelako elkarreraginean sakontzen

Hezkuntza elkarERAGITEN lelopean

Sakondu zuten ikastoletako irakasle, arduradun pedagogiko eta zuzendariek, igaro berri diren Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoetan.

Irakasleen jardunak eta gelan erabiltzen dituen metodologiek ikasleen ikasketen garapenean duten eraginaz, ikasleen artean berdinen arteko lankidetzaz eta irakasleen eta familien arteko harremanez sakondu zuten ikastoletako irakasle, arduradun pedagogiko eta zuzendariek, igaro berri diren Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoetan.

Hezkuntzan elkarERAGITEN lelopean egin ziren Ikastolen 26. Jardunaldi Pedagogikoak, martxoaren 29an eta apirilaren 25ean. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Maite Alonsok ireki zituzten jardunaldiok.

Elkarreraginez ikasle guztien eta bakoitzaren ikas-arrakastaren garapenaz, eta hori lortzeko bideaz hausnartu zuten lehenbiziko egunean, Bilbon. Stephan Cote hezkuntza aditu quebectarra izan zuten bide erakusle. Cotek asmatua da Pedagogia 3.0 kontzeptua. Horren bitartez, irakasleak gelan egiten duen esku-hartzean, bere ikasleengan, guztiengan eta bakoitzarengan, duen inpaktua neur dezake, eta ikasleen ikas-arrakastaren garapenean laguntzeko estrategia egokienak zeintzuk diren ebaluatu eta kuantifikatu daitezke.

Irakasle batek beti du inpaktu bat, eragin  bat, bere ikasleengan. Baina eragin hori, estrategia desberdinak erabiliz, eta ikasleei ere erabili araziz, handitu egin daiteke, baldin eta estrategia bakoitzaren eraginak neurtu eta ebaluatzen badira. Mezu hori eman zuen Cotek, Bilboko saioan saioan. “Arrakasta aurrerapena da. Ikasle baten kasuan, aurrerapena da arrakasta izatea bere emaitza akademikoak hobetzen. Hori lortzeko bide bakar bat dago, estrategiak aldatzea edo batzuetan  gehitzea”. Cotek hainbat estrategia azaldu zituen gelan praktikara eramateko, berak probatuak. Gela barruko gatazkak ere hizpide izan zituen hezkuntza aditu quebectarrak, eta horiek era egokian kudeatzeko argibideak ere eman zituen.

DURAN eta PARELLADA

Jardunaldien bigarren saioa Hernanin egin zen, Orona Ideon. David Duran, Psikologia doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Hezkuntza Piskologiako Departamenduko irakaslea ikaskuntza kooperatiboaz, berdinen arteko irakas-ikaskuntzaz eta binakako tutoretzaz aritu zen, eta horiek arrakastaz aurrera eramateko gako nagusiak eta  estrategiak azaldu zituen. Ikaskuntza kooperatiboan jasotzen duenak bakarrik ikasten duela diotenen aurrean, Duranek defenditu zuen ematen duenak, irakasten duenak, berdin  ikasten duela eta, askotan, jasotzen duenak baino gehiago. Irakas-ikaskuntza kontzeptua azaldu du, hau da,  irakastearen bitartez nola ikasten duen ikasle batek. Horretarako, hainbat ikerketa eta esperientziatan oinarritu zen, eta, hein handiago batean, bere esperientzian. Eta gako nagusi bat azaldu zuen arrakastaren bidean: interakzioa; ematen eta jasotzen dutenen artean zenbat eta interakzio handiagoa eman, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira, bai emailearentzat eta baita jasotzen duenarentzat. Egiteko honetan irakasleak hartu behar duen bideaz ere mintzatu zen aditu katalana. Duranek tailer txiki bat ere eman zien jardunaldiotako entzuleei, berdinen arteko tutoretzaren estrategiak lantzeko.

Carles Parellada, berriz, irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanez eta harreman horiek egokiak eta jarioak izan  daitezen egin beharreko urratsez mintzatu zen. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Pedagogia Sistemikoaren Diplomaturako koordinatzailea da. Adierazi zuen gaur egun guraso direnen belaunaldia (1975-84an jaiotakoa), oso inplikatua dagoela beren haurren heziketan, eta horrek irakasleek guraso horiekin dituzten harremanetan eragina duela. Parelladak azaldu zuen irakasle-guraso harremanek konfiantzan oinarritu behar dutela, biek bilatzen dutelako helburu bera, haurraren/ikaslearen garapenik handiena. Baina argi eduki behar dute bi aldeek batek ezin duela bestearen eremuan sartu, askotan tentazioa eduki arren. “Gurasoek eta irakasleek ahal dugun hobeen egiten dugu. Horrek ez gaitu zuritzen, baina gerturatu egiten gaitu”. Era berean, haurraren heziketa ezin da bakarka egin, elkarrekin egin behar dute gurasoek eta irakasleek.

Ikastetxeak jakintza eta kultura sortuko dituen espazio bat izan behar duela defenditu zuen Parelladak, zentzua izango duten elkarrizketak sortuko dituena, eta kontzientzia sortzeko balio izango duen espazioa. Izango diren harremanetan aurreiritziak alboratu eta konfiantza esparruak eraiki behar direla azaldu zuen, haurrak eskolan etapa luze bat egingo duelako, prozesu luze bat izango delako. Harreman horietan, izan irakasle-ikasle, edota irakasle-guraso, azkenean, umoreari, alaitasunari, eskertzeari, elkarri begi onez begiratzeari eta bihotzetik jokatzeari atea irekitzearen beharra ere azpimarratu zuen Parelladak.

Ikastolen praktika onak

Ikastoletako geletan egiten diren hainbat esku-hartze ezagutzeko aukera ere izan da jardunaldiotan.  Lehenbiziko egunean, Oiartzungo Haurtzaro ikastolatik bizikidetza gelan nola lantzen ari diren azalpenak eman zituzten bertako ordezkariek. Oñatiko Txantxiku ikastolakoek eta Bilboko Abusukoek, berriz, ikasleek elkarrekin ikasteko eta elkarri eragiteko ikasketa kooperatiboa gelan lantzeko dituzten estrategiak azaldu zituzten. Bigarren egunean, berriz, Arizmendi eta Uzturpe ikastoletako esperientziak ere ezagutzeko aukera izan zuten, Orona Ideo aretoan elkartu ziren irakasle eta arduradun pedagogikoek. Amaia Anterok eta Uxue Sukiak “begiradaren eraberritzearen” bitartez praktikan bizitako elkarreraginaren agerpen esperientzia ezberdinak azaldu zituzten.

ikastola 233
2019 Apirila
233