IKASTOLA 233 > orientazioa > "Wikipedia ikasgelan lantzeko irakasleen gida"

WIKIPEDIA + HEZKUNTZA

"Wikipedia ikasgelan lantzeko irakasleen gida"

Donostian egin den "Wikimedia+Hezkuntza" nazioarteko konferentziaren barruan aurkeztu da

Wikipediarekin ikastolek hartutako lehenbiziko konpromisoa izan da gida praktiko hau egitea.

Wikipedian sarrerak eginez, “aukera ematen digu gure ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko, eta bertan sarrerak ekoitziz, bai Wikipedian zein Txikipedian, gure ikasleek alor desberdinak uztartuta proiektu batean murgiltzeko aukera dute. Ez hori bakarrik, irakasleen arteko elkarlana ere sustatzen du”, Sukiak azaldu zuenez.

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak gaineratu zuen beste hizkuntzetan dauden edukiak euskarara ekarriz, edota Euskal Herriko gaiak euskaraz landuz, “gure hizkuntzari ere ekarpena” egiten diotela, eta Euskal Wikilariekin elkarlanean arituz, “gure gizarteko beste eragileekin proiektuak aurrera ateratzeko aukera” ere izan dutela.

Wikipediarekin ikastolek hartutako lehenbiziko konpromisoa izan da gida praktiko hau egitea, baina hurrengo hilabeteetarako beste konpromiso batzuk ere azaldu zituen Sukiak. Lehenbiziko konpromisoa da ikastoletatik alor desberdinetan ekoizpenak egingo dituztela Wikipedian nahiz Txikipedian. Bigarren konpromisoa da, heldu den ikasturtean Batxilerrerako unitate bat prestatzea. Ekain honetan, berriz, pilotaje bat martxan jarriko dute ikastola batean, Lazkaoko San Beniton, DBHko ikasleekin. Azkenik, hori guztiori aurrera eramateko, ikastoletako irakasleak ere prestatuko dituzte.

Ikastolen Elkarteak landu duen gida praktiko honen helburua da ikasgeletan bere ikasleekin Wikipediaren edizioa landu nahi duten irakasleei lanean hasteko laguntza ematea eta proposamenak egitea. Ander Iturburuk eman zituen gidaren xehetasunak.

Wikipedian editore moduan aritzeak esparru asko eta askotarikoak lantzen ditu: pentsamendu kritikoa eta ikertzeko trebetasunak, idazteko trebetasunak, lankidetza eta IKT Informazio eta Komunikazio Teknologikoaren konpetentziak, besteak beste. Wikipedian edizio-lanetan hasteko, Batxilergoko ikasleak dira egokienak, Iturbururen esanetan. Izan ere, ikasle horiek IKT konpetentzia nahikoa garatuta dute eskatzen zaiena egin ahal izateko. Beste hizkuntza batean idatzitako testuak ulertzeko  eta testu horiek euskarara itzultzen saiatzeko edo hutsetik testu bat euskaraz sortzeko ere gaitasuna badute.

Baina Txikipedia ere badago. Txikipedia 8-13 urte bitarteko umeentzat sortutako euskal entziklopedia da. Sortu berria denez, asko dago egiteko, osatzeko eta moldatzeko. Txikipediaren garapenean, Batxilergoko ikasleak ez ezik, DBHkoak ere inplika daitezke.

Hori dela eta, ikastetxe barruan ere, proiektu honek hainbat arlotako irakasleen inplikazioa beharko luke: IKT dinamizatzaileak; aukeratzen den gaiari dagokion arloko irakasleak; Euskara arloko irakasleak eta baita beste hizkuntzetakoak ere.

Bestalde, ordu gutxiko esperientzia xume batera mugatu daiteke, edota arlo arteko proiektu esanguratsu moduan landu daiteke. Ikasleen zaletasuna piztea eta etorkizuneko Wikipediako editore aktiboen kopurua handitzea ere bada egitasmo honen helburua.

ikastola 233
2019 Apirila
233