IKASTOLA 233 > erreportajeak > Seaska, hurrengo 50 urteei begira

Seaskak 50 urte

Seaska, hurrengo 50 urteei begira

Mende erdi bat bete du Seaskak, eta inoiz baino indartsuago dago.

Seaskak Ikasleen hazkundeari eusten ari, galtzak bete lan erronkak aurrera ateratzeko.

Mende erdi bat bete du Seaskak, eta inoiz baino indartsuago dago. Ikasleen hazkundeari eusten ari zaio, ikastola gehiago irekitzeko edo handitzeko proiektuak ditu, eta galtzak bete lan hurrengo erronkei heldu eta aurrera ateratzeko.

36 ikastolak osatzen dute Seaska (31 lehen hezkuntzan, 4 kolegio, lizeo bat), eta 3.865 ikasle eta 450 irakasle eta langile ditu. Bi mila familiaren konfiantza irabazi dute Ipar Euskal Herriko ikastolek, eta hazkundeari eustea lortu dute berrogeita hamargarren urteurren honetan ere. Horrela, datorren ikasturtean, irailean, lau mila ikasle izango dituzte Seaskako ikastolek: 400 Bernat Etxepare Lizeoan, 1.000 Kolegioetan, eta 2.600 Lehen Hezkuntzako ikastoletan.

Azken urteetan jaiotza tasak behera egin du, baina pisuan hazteko aurreikuspenak ditu Seaskak, Hur Gorostiaga zuzendariak Ikastola aldizkariari azaldu dionez. “Gaur egun sortzen den haurren %12.5 eskolatzen dugu; %8 baino gutxiago eskolatzen genituen orain 10 urte. Ondoko 10 urteetan sortzeen %20 eskuratzea dugu helburu. Baina kopuru absolutuetan zaila da kalkulatzea, ez baitakigu jaiotze tasak zer garapen izanen duen”.

Zaila da berrogeita hamar urteotan ikastolen eragina zehatz neurtzea, baina euskararen ezagutzan beronen garapenean eta berreskurapenean ikastolen eragina handia izan da. “Azken urteetako lanari esker, euskaldunen odolustea gelditzea lortu dugu. Inkesta soziolinguistikoaren arabera 2016an 100 euskaldun gehiago zegoen 2011an baino. Bazen mende bat euskaldun kopurua jaisten ari zela. Datu oso garrantzitsua da”, azpimarratu du Gorostiagak. Baina ohartarazi duenez, “une berean, Frantziatik urtero 3.500 herritar etortzen dira Ipar Euskal Herrira bizitzera. Adin bateko jendea da (haurrak eskolan ezartzen badituzte bigarren hezkuntzan da) edo erretretara heldu dena. Ez dute inolako loturarik euskararekin ez eta euskal kulturarekin. Aberatsen migrazio bat da, beraz integratzeko motibazio berezirik ez duena. Beraz kopurutan geroz eta euskaldun gehiago,baina ehunekotan geroz eta gutxiago”. Horiek denak nola euskaldundu izanen da ondorengo erronka,  Gorostiagaren arabera. “Eta ez dugu bakarrik lortuko, tokiko erakundeek buru-belarri sartu behar dute gai horretan, gure hizkuntza eta gure herriaren nortasuna desagertzerik ez badugu nahi”.

Ikastolak, dena den, ez daude geldi. 2019ko irailean ikastola berri bat irekitzeko xedea dute Arbonan (Lapurdi). 2017an Bokaleko ikastola irekirik, Iparraldean 5.000 biztanlez goiti duten herri guztiek dute ikastola bat. “Kostaldeko herri guztiek dute ikastola bat; orain barnerantz zabaltzen joan behar dugu, 2.000tik goiti biztanle dituzten herrietan. Ahetze-Arbonako ikastolarekin, kostaldeko herrien bigarren lerroa betetzen ari gara”, adierazi du Gorostiagak.

Kolegioetan, Xalbador berritu eta handitu ondoren, Baionako kolegioa ireki dute. “Meek handitzeko lanak laster hasiko dira Ikastolen Elkartasun Kutxaren laguntzari esker. Piarres Larzabalek 300 ikasleen heina gaindituko du irailean. Lehenbailehen beste kolegio bat ireki behar dugu Lapurdi Hegoaldean, Senpere-Azkaine inguruan”.

Lizeo berria 2017an irekirik, gaur egun sail orokorra, teknologikoa eta profesionala eskaintzen ditu Etxeparek. “Kolegioetatik Lizeora ikasleen erdiak joaten ziren lehen, orain, berriz hiru laurdenak. Arrakasta bizia izan du, eta handitze lanak hasi ditugu”. Luza gabe, bigarren Lizeo baten beharra izango dutela dio Seaskako zuzendariak: “Non kokatu? Jende gehien dagoen Lapurdi kostaldean, ala kostalderako exodoa geratzen lagun lezakeen barnealdeko herri batean? hori erabaki beharko dugu …”.

Honek guztiak irakasle eta langile kopurua emendatzea ere ekarri behar du. “Ikasturtero 15 irakasle eta dozena erdi bat langile gehiago beharko ditugu”, diosku Seaskako zuzendariak. Iazkoa kontuan hatuz, ordea, arazoak izango dituzte: “Une honetan heldu den ikasturterako irakasle postuak negoziatzen ari gara. 25 irakasle gehiago behar genituzke; 5 hitzematen dizkigute. Tokiko erakundeek gurekin bat egin dute, eta espero dugu negoziaketa ongi bideratuko dela. Bestela, berriz ere protesta ekitaldiak antolatu beharko ditugu, zor digutena lortu arte”.

Beharrizan bereziak dituzten haurren kasuan ere, Frantziako gobernua ez da legeak dioena betetzen ari: “Integrazio Batzordearen bidez 120 haur dira zerbitzu hori eskuratzen dutenak ikastoletan. Hezkuntza ministerioak dioelarik ez dagoela aurrekonturik haur horiendako laguntzaileak ezartzeko, guk haur horiek eskolatzen ditugu, beharrezko laguntzaileak gure sakelatik ordaindurik”.

Frantziako agintariekin harremanak ez dira onak: “Macron presidenteak eta Edouard Philippen gobernuak mehatxu gisa dituzte tokiko hizkuntzak, idealizatzen duten Frantzia uniforme eta liberalerako”, ohartarazi du Seaskako zuzendariak. “Ahalegin guztiak eginik ere, ikastolek bakarrik ez dugu lortuko gizarte guztia euskalduntzea. Horregatik garrantzitsua da eskola publiko eta giristinoek ere sare elebiduna garatzea. 3 eta 4 urteko haurretara mugatzen den ’murgiltze eredua’ esperimentatzen hasi dira sare publikoan [klaseak dira osoki euskaraz, kanpo eremua frantses hutsez]. Eskola giristinoetan ere 15 dira hein bereko esperimentazioan”. Baina, orain, Gobernuak adierazi du murgiltzea sare publikoan “antikonstituzionala” dela. Gorostiaga ezkor da: “Argi dago sare publikoan sare elebiduna garatzea oztopatu nahi dutela. Baina ez gaitezen engaina, sare publikoan euskarazko irakaskuntza mugatzea lortzen badute, gure bila etorriko dira ondoren”.

Berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari egiten ari dira eta egingo dituzte urtean zehar. Otsailean izan ziren lehenbiziko ospakizunak, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistekin antolatutako BECtso eguna izan zen lehena, eta GOazen! telesailaren aurre estreinaldia izan zen gero. Baina neguko ospakizunik handiena Miarritzen egin zen jaialdia izan zen; 5.000 lagun elkartu ziren Berri Txarrak, Willis Drumond eta beste talde batzuek eskainitako kontzertuan.

Udaberriko ekitaldi nagusia, berriz, Herri Urrats izango da. Ospakizunek jarraipena izango dute irailean, Euskal Herriko ikastola guztiak biltzen dituen Ikastolen Ikasturte Hasierako Ekitaldia Baionan egingo baita. Urrian, berriz, Estatuko beste murgiltze sareekin batera (Diwan, Bressola, Calandreta, ABCM) jardunaldi pedagogikoak egingo dituzte Baionan. Murgiltze ereduaren aldarrikapena egiteko unea izango da. 50 urteak ospatzeko herri bazkari bat eta omenaldi ekitaldi bat antolatzeko xedea ere badute, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.

ikastola 233
2019 Apirila
233