IKASTOLA 233 > iritziak > "Eskolak espazio publikoago bat izan beharko luke, zirkulazio jariago batekin"

25+1=26JP - CARLES PARELLADA, Pedagogia Sistemikoa

"Eskolak espazio publikoago bat izan beharko luke, zirkulazio jariago batekin"

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen formaziorako taldeko kidea eta Pedagogia Sistemikoaren Diplomaturako koordinatzailea

Irakasleen eta ikasle / familien harremanak  "bihotzetik bihotzera".

Irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanez eta harreman horiek egokiak eta jarioak izan daitezen egin beharreko urratsez aritu zen Parellada jardunaldiotan. Komunikazio esparruak irekiz eta elkarrekiko konfiantzan oinarritu behar dira harremanok, Parelladaren arabera, bihotzetik bihotzera.

Egungo familiek gehiago exijitzen al diete irakasleei eta ikastolari?

Familiek beren seme-alaben hezkuntzan interesa izan dute betidanik, baina orain badugu familien belaunaldi bat, batez ere 1975-84 urteen artean jaiotakoak, oso interes handia dutenak beren umeen heziketan, eta kezka handiz bizi dute hori. Hezkuntza lehen planora igaro da familietan, hezkuntzaz hitz egin eta eztabaidatzen dute; zein ikastetxe aukeratu, nolakoak izan beharko luketen eskolak eta irakasleek... Honek guztiak ondorioak ditu gurasoen exijentzia mailari dagokionean, baina baita haurrek eta irakasleek hori bizi duten moduari dagokionean ere.

Duela ez asko, irakasleen status galeraz hitz egin zen, eta haien ahalduntze beharraz. Urratsak egin direla uste duzu?

Gizartearen, eta hezkuntzan ere bai, egunerokotasunean denbora gehiago behar izaten da aldaketa eskariari erantzuteko. Lehen aipatu dudan interes horrek aldaketa bat ematea behartzen du, baina aldaketa hori mantsoa da. Gurasoek ez dute argi ikusten beren beharrei erantzun zaiela. Baina, bestalde, administrazioa, hezkuntza sistema eta irakasleria beste abiadura batean doaz. Irakasleok eraldaketa prozesu batean gaude, baina modu estrategikoago batean egiten dugu. Orain exijentzia maila handiago bat izan dugu, aldaketa bizkorragoak eskatzen dizkigute, baina ez dira abiadura horretan ematen ari. Horregatik egonezin bat sortu da.

Zein leku izan beharko lukete familiek eta irakasleek haurren heziketan?

Pedagogia Sistemikoaren begiradaren pean, ez dugu inolako zalantzarik: gurasoak dira beren seme-alaben heziketaren protagonista nagusiak, beraiek baitira kontratu bat sinatu dutenak, eta letra txikiak baitio bizitza osorako dela. Ondoren datoz eskola eta irakasleak. Helburua antzekoa dugu, ume horiek eroso sentitzea, beren ikasketak, konpetentziak eta abilitateak garatzea, eta horretan ados gaude. Baina bakoitzak duen eginkizuna desberdina da. Orduan zein leku du bakoitzak? Aurrena gurasoak, eta gero dator eskola; baina eskola irakasleek zuzentzen dute. Paradoxikoa ematen du, baina oso garrantzitsua da hori argi edukitzea.

Ondorioz, zer harreman mota izan behar dute familiek irakasleekin?

Bi oinarritan laburbiltzen da. Lehena da komunikaziorako espazioak sortu behar direla, batzuei eta besteei gertatzen ari zaienaz hitz egiteko. Bigarrena da konfiantza eman behar dela. Gurasoek presio handia dute aldiro ari direlako pentsatzen euren seme-alabek bizitzan aurrera egingo duten, behar adina ikasiko duten, ikasiko duten hori baliagarri izango zaien, eta horrek prozesuari dagokion denboralizazioz begiratzea zailtzen die, eta mesfidantza sortzen zaie. Orduan, eskolek esfortzu bat egin behar dute konfiantza hori sortzeko, eta hori kontaktuaren bidez soilik lor daiteke; ez da mezuen bidez lortzen, edo whatsapp bidez, … edo familiak eta irakasleok hitz egiten dugu, edo ez dugu korapilo hau askatuko. Komunikazio espazioak dira ikasgeletako bilerak, elkarrizketak, elkarlanerako espazioak, elkarrekin gauzak egitea. Eskolak ate bat ireki behar die familiei eta komunitateari; eskola eta errealitatea bereizten dituen mintzak iragazkorragoa izan behar du, baita gardenagoa ere. Gurasoek ezin diote irakasleei ikasgelan egin behar duenaz agindu, hori irakaslearen eskumena da; baina irakasleok eskolan egiten dugunaz gardenak izatera behartuta gaude.

Zeintzuk dira zailtasun handienak harreman horiek zuk diozun modukoak izan daitezen?

Opakotasuna eta mesfidantza, eta baita istorio pertsonalak ere. Horregatik garrantzitsua da bakoitzak dakarguna ohartzen laguntzeko lan bat egitea. Begirada sistemikoak interrelazioak nola erabiltzen ditugun ikusten laguntzen digu, gordean dagoena ikusten laguntzeko. Batzuetan zailtasunak izaten ditugu gurasoek hori ulertzeko: seme-alabek gurasook dakargun istorioen irakurketa sakona egiten dutela. Istorio horiek ez baditugu azaleratzen, arazoak eragiten dituen lotura bat sortzen da. Eta horrek gatazka bat eragingo du. Horregatik esan gabeko esan horiek elkarrizketa batean agertu behar dira, eta horretan irakasleok dugu erantzukizuna, esperientzia handiagoa dugulako, formazio zabalago bat daukagulako, eta horretarako ordaintzen digutelako. Familiek dakartena, zerbait pertsonal gisa hartu beharrean, korapilatsu egin den errealitate hori eraldatzeko aukeratzat hartu behar dugu. 

Eta zeintzuk dira eman beharreko pausoak bien arteko harremanak emankorrak eta osasuntsuak izan daitezen?

Familia bat gerturatzen zaigunean eskolak nola funtzionatzen duen azaltzen diegu, hau da, nola lan egiten dugun esaten diegu. Baina benetan galdetu beharrekoa da “nola ikusten duzue zuen seme-alaba?” eta “zer da behar duzuena?”. Eta azaldu behar da zer egiten duten eta eskolak zer eskaini diezaiekeen. Beharren gaineko elkarrizketa bat da, bihotzetik bihotzera, egoerak garatu daitezen beharrezko espazioak sortzeko. Bestela, ataskatu egingo dira, eta ataskatzen dena zirkulu itxi eta gero eta konplexuago bihurtzen da. Horregatik behar da gardentasuna, komunikazio esparruak sortzea, batzuetan formalak eta beste batzuetan ez hain formalak. Eskolak espazio publikoago bat izan beharko luke, zirkulazio jarioago batekin. Eskola baten barrualdea eta kanpoaldea ixten duen ate edo horma baten ideia erauzi egin beharko litzateke.

ikastola 233
2019 Apirila
233