Mahai ingurua
Hezkuntzaren erronkak aztergai, IBILALDIAren baitan
‘Hezkuntza, pauso bat haratzago’ bi eguneko topaketa antolatu zuten urtarrilaren 25ean eta 26an
Ibilaldia Kultur Elkarteak eta Azkue ikastolak antolatutako mahai ingurua.
Ibilaldiaren baitan, hezkuntza gaiak jorratzeko bi eguneko topaketa egin zen Lekeition. Hain zuzen ere, urtarrilaren 25ean eta 26an egin zen topaketa hori.Lehen egunean mahai inguru bat egin zen hezkuntza eragileekin, hezkuntzak egun dituen erronkak aztertzeko. Mahai inguru interesgarria izan zen, ikuspegi desberdinak eduki arren erronketan bat egin zutelako eta horiei aurre egiteko eragile guztien parte hartzea ezinbestekotzat jo zutelako.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, LAB sindikatuko ordezkari Nora Salbotxek eta Gonzalo Larruzea adituak hartu zuten parte mahai inguruan. Hasiera batean eragile gehiagotako ordezkariek ere hartu behar zuten parte, baina arrazoi bat edo beste medio, azkenean ez zuten egin.
Baina parte hartu zutenak badira nor. Koldo Tellituk ikastolen mugimendua ordezkatzen du, Euskal Herri osoan 110 ikastola eta 56.000 ikasle eta 5.000 irakasle eta langile ez irakasle biltzen dituen Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibako lehendakaria da. LAB sindikatua, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sindikatu nagusia da irakaskuntzan. Eta Gonzalo Larruzeak urteak daramatza hezkuntza ikuskari lanetan, eta bera da Segregazioaren aurkako Herritar Ekimen Legegilea aurrera eraman duen ordezkari eta bozeramaileetako bat.
Ibilaldia Kultur Elkarteak eta Azkue ikastolak antolatutako mahai inguru honetan, esan bezala, hezkuntzaren egungo erronka nagusiak jorratu zituzten hizlariek, Irati Elizalde kazetariaren gidaritzapean. Jorratu zituzten gaien artean, honakoak: ikastetxeen autonomia; familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea eta segregazio arriskua; hizkuntza ereduak eta murgiltze eredua; eta nola ulertu behar den publikotasuna.
Azkue kultur etxeko aretoan egin zen ekitaldia eta jendez mukuru egon zen, hezkuntza gaiek daukaten interesa handia baita. Hizlariek sakon aztertu zituzten gaiak, eta jendeak eskertu zuen euren ikuspuntua azaltzeaz gainera, hiruek gai horiei erantzuteko orduan guztien parte hartzea beharko dela azpimarratu izana.
Izan ere, azken aldian hezkuntza gaiek interesa pizteaz gainera, eztabaida ere pizten dute, eta zenbait eragileren jarrera hertsiak hezkuntza gaiei konponbidea emateko edo euskal hezkuntza sistema eraikitzen joateko urratsak egitea zailtzen dute. Ez zen horrelakorik izan mahai inguru honetan. Aitzitik, hiru ordezkariek bat egin zuten Lekeition egin bezalako mahai inguru gehiago behar direla adierazteko orduan, eta baita jendaurrean bezala elkarren arteko bilerak ere behar direla esateko orduan ere.
Urtarrilaren 25ean Lekeition egindako mahai ingurua, osorik dago ikusgai ikastola.eus webgunean, gaika sailkatuta.
ENTRESAKA
Hiru ordezkariek bat egin zuten Lekeition egin bezalako mahai inguru gehiago behar direla adierazteko orduan, eta baita jendaurrean bezala elkarren arteko bilerak ere behar direla esateko orduan ere.