IKASTOLA 232 > orientazioa > Hezkuntzan elkar eragin beharra, denon arrakasta bilatzeko

Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak

Hezkuntzan elkar eragin beharra, denon arrakasta bilatzeko

Bilbon eta Hernanin egingo dira aurtengo jardunaldi pedagogikoak, martxoaren 29an eta apirilaren 5ean

Bat gehiago eta hogeita bosti gehituta, hogeita seigarrena: 25+1=26JP.

Ikastolen iazko Jardunaldi Pedagogikoen 25. ekitaldian egindako “loraldatzeak” aurtengoen lorea ekarri digu. Bat gehiago eta hogeita bosti gehituta, hogeita seigarrena: 25+1=26JP. Nondik gatozen ahaztu gabe, erronka berriei begira jarrita datoz aurtengo jardunaldiak.

Aurrera begira horretan, bi aspektu elkartu nahi dira: eragina eta arrakasta. Elkarrekin doazelako ezinbestean. “Hezkuntzan elkar eragiten” lelotzat hartuta, norberaren, bestearen eta guztion arrakasta bilatu nahi da. Arrakasta, lorpen ikuspegitik eta progresio bat bezala ulertuta, eta, bide horretan, elkar eraginak duen garrantzia azpimarratuta. Erronka berrietan arrakasta izateko, hobetzeko, berritzeko, eraldatzeko … aurrera begiratzeko pedagogia 3.0-ren bidetik.

Testuinguru horretan datoz aurtengo jardunaldiak. Bi ostiraletan zehar, gelaren kudeaketa arrakastatsua eta norberaren eta bestearen arrakastaren garapenaren arteko loturak izango ditugu hizpide.

Martxoaren 29ko jarduna Bilboko Bizkaia aretoan izango da, eta gelako kudeaketan zentratuko da. Bost puntu nagusi izango ditu lanketarako:

  1. Gelaren kudeaketa: nola errealitate bilakatu guztien ekarpena, bakoitzaren eta guztien ikas-arrakastaren (progresioaren) zerbitzura.
  2. Pedagogia 3.0-k zer ekarpen egiten dion Ikasteetan hobekuntzari
  3. Gelaren kudeaketa emankorrerako irakaslearentzat (irakasleentzat) kontseiluak eta egikera zehatzen azalpenak.
  4. Nola aurre egin gelaren kudeaketan agertzen diren hiru zailtasun nagusiei.
  5. Irakasleek egiten duten feedback-a (akonpainamendua) nola burutu arrakastaz (efikaziaz) ikasleen praktikara

Pedagogia 3.0
Horretarako, Stéphane Côté pedagogia 3.0-n irakasle, ikertzaile eta aditu quebectarra izango dugu gure artean. Bere ekarpenetatik garatuko dira jardunaldiotan gelako kudeaketaren garapen arrakastatsuari lotutako jakite, egiten jakite eta izaten jakiteak.

Martxoaren 29ari dagokion jardunaldietako ekitaldiei osaera emateko, geure arteko ikastolen berri jasoko dugu: gelaren kudeaketaren hobetze lanetan burututako esperientzia biren berri emango digute, elkarrekin osatutako lan bat partekatuz.

Bigarren ostirala, apirilaren 5ekoa, bestearen eta norberaren arrakastan nola eragin sakontzen jarraitzeko erabiliko dugu.

Horretarako, gaur egungo ikuspegiek aholkatzen duten eran, kognitiboaren eta afektiboaren artean bereizketak egitea alboratuz.

David Duran izango dugu hizlari eta gogoetan bidelagun. Hasteko, ikaste kooperatiboak onurak soilik laguntza jasotzen dutenei ekartzen dizkiela eta ez laguntza ematen dutenei kontsideratzen duen ikuspegi okerra gainditzeko ebidentzia zientifikoen errebisioa egingo du. Azken finean, guztion progresiorako eta onurarako  berdinen arteko ikasleen ikastea geletan nola indartu sakon pentsatzen jardungo dugu, berdinen artean hezkuntzan elkarERAGITEN jardunaldietako leloaren erritmoan gure ikastea eta espertotasuna indartuz eta sendotuz.

Bigarren zatian, jardun praktikoa ildo beretik burutuko dugu, ikasleek elkarri lagunduz nola sakonago ikasten duten adibide praktiko zehatzak ezagutuz eta partekatuz.

Guztia, bestearen eta norberaren arrakasta ardatz hartuta eta horretara elkar eraginaren garrantzian azpimarra jarriz. Norberaren arrakastaren esparru honek trataera berezi bat ere izango du tarte honetan.

Egunaren azken zatian ikastolak izango ditugu protagonista. Bi esperientzia ezberdin plazaratuko dira egunean ikusitako elkar-eraginaren isla. Bestearen eta norberaren arrakasta eraginaren eredu.

Azkenik, bi egunen laburpenak eta jardunaldien itxierak aurtengo jardunaren amaiera ekarriko du.

ENTRESAKAK
Martxoaren 29an Stéphane Côtè pedagogia 3.0-n irakasle, ikertzaile eta aditu quebectarra izango dugu gure artean. Bere ekarpenetatik garatuko dira jardunaldiotan gelako kudeaketaren garapen arrakastatsuari lotutako jakite, egiten jakite eta izaten jakiteak.

Apirilaren 5ean, guztion progresiorako eta onurarako  berdinen arteko ikasleen ikastea geletan nola indartu sakon pentsatzen jardungo dugu David Duranen eskutik.

ikastola 232
2019 Otsaila
232