IKASTOLA 232 > erreportajeak > IkaDig Egitasmoa abiarazi du Ikastolen Elkarteak

IkaDig Egitasmoa

IkaDig Egitasmoa abiarazi du Ikastolen Elkarteak

Teknologia digitalak integratu eta modu eraginkorrean erabiltzeko marko berria diseinatzen hasi dira ikastolak

Digitalizazio plan propioak egiten laguntzeko.

Ikastolen eskaeretatik abiatuta eta gaiaren inguruan administrazio desberdinetatik (tokikoak zein estatu edo europar mailakoak) ezarritako zuzentarau eta norabideak kontuan izanik, Ikastolen Elkarteak Ikastola bakoitzari, bere Hezkuntza Proiektuarekin bat datorren eta bere kudeaketan lagunduko dion digitalizazio plan propioa egiten laguntzeko IkaDig (Ikastolen Digitalizazioa) egitasmoa abiarazi du. Urrian aurkeztu zuten egitasmoa, eta lehen urratsak egin dira.
 

Ikastolen digitalizazioa lehentasunen artean kokatu du Ikastolen Elkarteak. Horregatik, ikasturte honetan ikastolen digitalizazioa Hezkuntza egitasmoetako lan ildo nagusien artean kokatzea erabaki zuen eta beronen arduraduna Josune Gereka izendatu zuen. Ikastolen Elkarteko IKT taldekide guztiak dira egitasmoaren partaide, dagozkien ardurekin. Ikastolentzat, hezkuntza-erakundea diren heinean, beren konpetentzia digitala garatzen laguntzeko eta teknologia digitalak integratu eta modu eraginkorrean erabiltzeko markoa diseinatzea da IkaDig egitasmoaren xedea, eta markoaren definizioan, hasieratik, ikastolekin lan egingo da eta beren beharretara egokituko da.

Ikastolen Elkartearen helburua da ikastolen Digitalizazio Marko berria Euskal Herriko ikastola guztietara hedatzea. Horregatik, egitasmoa aurkezteko Zuzendarien Mintegi Nazionala egin zen iragan urriaren 19an. Bertan, ikastola guztietako zuzendariez gain, ikastoletako IKT dinamizatzaileek ere parte hartu zuten. Altsasun batzartu ziren diagnostikorako eta markoaren edukiak zehazteko lan saioan.

Azken urteetan ikasmaterialen digitalizazio prozesuan eta hainbat aplikazioren garapenean jarri ditu indarrak Ikastolen Elkarteak. Bide horretan hainbat lan egin da eta dagoeneko ikasleen konpetentzia digitala garatzeko jarduerak txertatu dira EKI materialetan eta ikastoletako geletan erabiltzen ari dira. Emaitza dagoeneko ikastoletako geletan ikusten bada ere, bidea ez da laburra izan, aurretik, besteak beste, eta Euskal Curriculumaren bitartez proposatutako hezkuntza eredu berriaren baitan,ikasleen konpetentzia digitalerako markoa sortu eta beronen garapen sekuentziatua diseinatu baitziren.

Alor pedagogikoko gaiez gain, ikastolekin beste egoera batzuk ere landu dira: heldutasun teknologikoa eta hobekuntzaren inguruko lanketa, dispositibo egokien aukeraketa eta erosketa bateratua, azpiegituren azterketa eta aholkularitza … Horri esker zerbitzua eman zaie behar horiek zituzten eta laguntza eskatu zuten ikastolei.

Horrekin batera, ikastolek beste behar batzuk ere badituztela adierazi zuten, eta horien artean lehentasun gisa zegoen digitalizazio markoa berritzea.

Lau dimentsio

Plano horiek guztiak aintzat hartuz eta ikastoletako eskakizunei erantzunez jarri da martxan IkaDig egitasmoa. Lau dimentsio hartuko ditu egitasmoak: dimentsio pedagogikoa, teknologikoa, prestakuntzarena eta antolaketa/kudeaketarena.

Ikastolen artean egoera desberdin ugari dago alor honetan, baina guztiei erantzun nahi zaie. Horregatik, egingo den markoa moldagarria izango da, ikastola bakoitzaren Hezkuntza Proiektuarekin bat datorrena eta martxan dituen egitasmoetan ongi integratuko dena. Lehenbizi, ordea, ikastola bakoitza zein puntutan dagoen jakin nahi da, eta horretarako hainbat inkesta zabal bat egiten ari dira hilabeteotan. Lehenbizikoa alor pedagogikoari zegokiona izan zen, eta iragan urtarrilean egin zen Zuzendari Mintegi Nazionalean aurkeztu ziren emaitzak. Bigarren inkesta ireki dute orain, alor teknologikoan ikastolek darabilten hardware eta softwareak ezagutzeko,alegia zein dispositibo eta programa edo aplikazio erabiltzen dituzten jakin nahi da.

Ikastola bakoitzarentzat moldagarria

Markoan jasotzen dena ikastola bakoitzarentzat moldagarria izateaz gainera, Europar Batasunak konpetentzia digitalaren inguruan argitaratu duen markoa aintzat hartuko du, eta horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren heldutasun teknologikoaren edota Nafarroako Gobernuaren digitalizazioaren inguruko planak integratzeko balioko du.

Prestakuntzaren atalari ere garrantzia emango dio egitasmoak, eta horretarako, IKT mintegia izateaz gain, IkaDig Egitasmorako Elkargunea ere sortu da gaiaren inguruko ikastaroak, dokumentazioa eta foroa edukitzeko, eta digitalizazio gaiari dagokionez ikastola desberdinen arteko esperientziak trukatzeko eta sarea sendotzeko.

Urratsez urrats joango dira digitalizazio markoa egiten, eta aldioro ikastolekin kontrastatuko da foro desberdinetan (IKT mintegia, zuzendarien mintegia, administrariena …). Marko adostua ikasturte amaierarako osatu nahi da. Hartara, ikastolek aukera izango dute hurrengo ikasturterako beren digitalizazio planak diseinatzeko eta Ikastolen elkarteak bere IKT egitasmoen doikuntza bideratzeko.

 

DESPIEZEA
IkaDig EGITASMOA

ZER HELBURU DAUKA? Ikastolentzat, hezkuntza-erakundea diren heinean, beren konpetentzia digitala garatzen laguntzeko eta teknologia digitalak integratu eta modu eraginkorrean erabiltzeko markoa diseinatzea.

NOLA EGINGO DA? kontuan izango dira: ikastola bakoitzaren beharrak eta egoera,ingurune hurbilean (Hezkuntza Sailan, Nafarroako Gobernuan) nahiz estatuetan eta Europan plazaratutako egitasmo eta marko desberdinak.

ZERTARAKO EGINGO DA? Ikastola bakoitzari, bere Hezkuntza Proiektuarekin bat datorren eta bere kudeaketan lagunduko dion digitalizazio plan propioa egiten laguntzeko eta Ikastolen Elkarteari begira, bere plan estrategikoan eta urtez urteko planean, ikastolen digitalizazioan laguntzeko zein jarduera eta garapen egin behar dituen zehazten laguntzeko.

ZEIN EPETAN EGINGO DA? Urrian aurkeztu zen egitasmoa eta ikasturte amaierarako osatu nahi da marko adostua. Eta horretatik abiatuta, marko horren baitan ikastola bakoitzak 2019-20rako bere digitalizazio plana diseinatzeko aukera izango du, Ikastolen elkarteak bere IKT egitasmoen doikuntza bideratuko du eta 2019-20 ikasturterako lan plangintzaren abiapuntua izango da.

 

ENTRESAKAK
Lau dimentsio hartuko ditu egitasmoak: dimentsio pedagogikoa, teknologikoa, prestakuntzarena eta antolaketa/kudeaketarena.

Ikastolen artean egoera desberdin ugari dago alor honetan, baina guztiei erantzun nahi zaie. Horregatik, egingo den markoa moldagarria izango da, ikastola bakoitzaren Hezkuntza Proiektuarekin bat datorrena eta martxan dituen egitasmoetan ongi integratuko dena.

ikastola 232
2019 Otsaila
232