IKASTOLA 231 > iritziak > 220.000 ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’, hizkuntza ohiturak eraldatzeko

Euskaraldia

220.000 ‘ahobizi’ eta ‘belarriprest’, hizkuntza ohiturak eraldatzeko

Hamaika eguneko ariketa bizia izan da

Euskaldunok ditugun hizkuntza ohiturak eraldatu, eta lehen hitza euskaraz.

Hamaika eguneko ariketa bizia izan da Euskaraldia. Euskaldunok ditugun hizkuntza ohiturak eraldatu, eta lehen hitza euskaraz –eta, ahal dela, baita hurrengo guztiak ere– izatea bermatzeko inoiz izan den ekimen handiena egin da Euskal Herri osoan azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean.

11 egun euskaraz; horixe izan da Euskaraldiak euskal herritar guztioi luzatu digun ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egin den ekimen honek hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea izan du xede. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola bete dute. Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egin behar zieten 11 egunetan, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz (ulertzen baldin bazuten, euskaraz jarraitu behar zuten). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egin behar zieten.

Eta izugarria izan da ekimenean parte hartzeko jasotako eskaera: 196.000 herritarrek eman zuten izena ariketa soziala hasi bezperan, eta gehiago izan dira guztira, ariketa hasi ondoren ere irekia utzi baitzen izena emateko aukera. Berrehun eta hogei mila herritar euskararekiko konprometitu inguru, zazpi herrialdeetakoak, horietatik hiru laurden inguru ahobizi eta laurden bat belarriprest.

Emakumezkoak izan dira ekimen honetan parte hartzeko izena eman duten gehienak, %63. Adin taldeei erreparatuta, berriz, oso antzekoa izan da parte-hartzea: 16 eta 25 urte bitartean dituzte izena emandakoen %18k; 26 eta 35 urte artean %18k; 36 eta 45 urte artean %28k; 46 eta 55 urte artean %19k; eta 56 urtetik gora %17k.Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskara bultzatzeko ekimen honen arrakasta neurtzeko beste adierazle esanguratsu bat izan da Euskaraldia bultzatzeko erakunde publikoen, euskara elkarteen eta ehunka gizarte eragileen artean lortu den babesa eta konplizitatea. Era berean, Euskaraldia martxan jartzeko herrietan egin den lanketan izan den parte hartze handiak ere erakusten du ekimen honek gizartean izan duen harrera ona.

Euskaraldia igarota, orain, erronka hamaika egunez egin den ariketa sozial hori urteko egun guztietara edo ia guztietara eramatea da.

Geletan lantzeko unitate didaktikoak
Ikastolok hasieratik egin genuen bat Euskaraldiarekin, eta hasieratik izan gara ekimen honen sustatzaileak. Baina hezkuntza talde garen heinean, argi izan dugu ekarpen berezi bat egin behar geniola ekimen honi. Horregatik, unitate didaktiko bat egin dugu, Euskaraldia abiatu auretik ikasgeletan lantzeko. Ikasleei Euskaraldia ezagutzera eman, ekimen honen esanahia azaldu, eta Euskaraldiaren bultzatzaile izatera animatzeko unitate didaktikoa da; hobeki esan, hiru unitate didaktiko dira, etapa desberdinetarako (HH eta LHrako, DBHrako eta Batxilergorako) egin eta egokitutakoak.

Aipatutako helburuez gain, lehenbiziko bi unitateak (hamasei urtetik beherakoentzat) xede izan du ikasleek euren gertuko inguruan (familian) bereziki, Euskaraldiaren transmisore izatea, euren gurasoak ekimenarekin bat egitera bultza ditzaten lortzea. Batxilergorako unitatearekin, berriz, ikasleak (hasei urtetik gorakoak izanik) Euskaraldian ahobizi izatera (edo, gutxienez, belarriprest) bultzatzea izan du helburu.

Azaroaren 6an aurkeztu zen unitatea, Ikastolen Elkarteak, AEK, Irrien Lagunak, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak elkarrekin egindako agerraldian.

ikastola 231
2018 Abendua
231