IKASTOLA 231 > orientazioa > Euskadi Saria ‘Santa Familia’ri

Xabiroi bilduma

Euskadi Saria ‘Santa Familia’ri

Haur eta Gazte Literaturaren alorrean saritu dute Eider Rodiruez eta Julen Ribasen lana

Iaz aurkeztutako Xabiroi bildumaren zenbakiari, ‘Santa Familia’-ri, Euskadi Saria.

Unai Iturriaga eta Alex Sanvi  ‘Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista’ albuma aurkezten ari zirela etorri zen berria: iaz aurkeztutako Xabiroi bildumaren zenbakiari, ‘Santa Familia’-ri, Euskadi Literatur Saria ematea erabaki zuen epaimahaiak, Haur eta Gazte Literatura alorrean. Ikastolen Elkartearen bitartez argitaratzen diren komiki albumek jaso duten bigarrena da.

Izendapena urrian izan bazen, azaroaren amaieran jaso zuen Eider Rodriguezek saria, albumaren egileak bi diren arren, epaimahaiak testua hartu baitzuen aintzat eta ez ilustrazioa, komiki batean biak bereiztea ezinezkoa den arren. Xabiroi aldizkariarentzat eta Ikastolen Elkartearentzat, ordea, biak dira, bai Eider eta baita Julen ere.

“Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko”. Istorio hori kontatzen du ‘Santa Familia’-k

Binaka

Bi zenbakia adierazgarria, kasik magikoa, bihurtu da. Izan ere, Eider Rodriguez behin ez, bitan saritu dute aurten Euskadi Sarietan, ‘Santa Familia’z gain, ‘Bihotz handiegia’ eleberriarengatik ere jaso baitu saria. Julen Ribasentzat ere bigarren aldia da, lehendik ere bere bilduma batek, Iban Zalduarekin batera landutako ‘Azken garaipena’ bildumak, Euskadi Saria Jaso baitzuen. Eta Xabiroi bildumarentzat ere bigarren aldia da bere album bat saritzen dutena Euskadi Sariarekin.

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik ere elkarlanean egindako bigarren albuma aurkeztu zuten urriaren17an: ‘Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista’. Aurretik, ‘Haur Besoetakoa: Litxarrerien jauna’ argitaratu zuten biek.

Haur Besoetakoa komiki ganberroa da, nobela beltz bat, haurren munduan girotua, egia handi eta biribilak kontatzen dituena, mozorrotuta. Aurreko albumetik hona, denbora bat igaro da, eta gauzak asko aldatu dira Haur Besoetakoaren munduan.

“Ihes egitea zaila bada, are zailagoa itzultzea, ahaztuen zerrendatik irten eta gailurreraino berriro iristea. Horrela dabil HB [Haur Besoetakoa]. Lehengo lagunak bizirik ote? Lo-li-ta izan zuen salbatzaile, baina aldi berean etsai; ezin inorekin fidatu. Zailtasunak zailtasun, HB ez da jaio erdipurdikoen lohian plisti-plasta ibiltzeko. Kosta ahal kosta bereganatuko du berriz Litxarrerien Jaunari dagokion lekua. Itzuli da HB!”. Horrela dio album honetako sinopsiak. Eta jarraitzen du: “Baina oraingo  honetan Beste Aldetik dator mehatxua. AIMAk saldoka datoz ihesi haurren mundura, helduen mundutik errefusatuak. Zertaraz datoz ordea? Ba al dago heldu onik? Lo-li-taren eta HBren mundua arrisku larrian dago”. Istorio hori kontatzen du.

Xabiroi aldizkaria 50. zenbakira iristen

Ikastolen Elkartearentzat ohore bat da, urteotan guztiotan, eta jada hamahiru badira, Xabiroi egitasmoa bultzatu izana. Duela hamahiru urte sortu, eta berrogeita hamargarren zenbakira iristear da Xabiroi aldizkaria, abenduko uzta izango denak izango baitu ohore hori. Kalitateko lana eta elkarlana eskaintzen ditu Xabiroik, eta bi aldiz Euskadi Sariarekin ezagutu dute balio hori. 

ikastola 231
2018 Abendua
231