IKASTOLA 201 > orientazioa > LIBURUAK
Liburuak

LIBURUAK

PATXI ZUBIZARRETAk gomendatuak

* URREZKO GILTZA (Patxi Zubizarreta. Erein). Mutiko batek, behin, urrezko giltza bat topatu zuen elur artean, eta kutxa bat gero. Giltza biratu, eta kutxa zabaltzekotan zela, Grimm anaiek hortxe amaitu zuten ipuina. Urrezko giltza izenburua ipini genion gure disko-liburuari (erein), eta gure tradizioko kantu, ipuin, formulak… sartu genituen 6-8 urtetik aurrera irakurtzeko.
   
* OTSOAREN BEGIA (Daniel Pennac. Ibaizabal). Literaturaren kutxan harribitxi asko topa ditzakegu, besteak beste Daniel Pennac idazlearen Otsoaren begia (ibaizabal) —L´oeil du loup originalean-. Baietz 10 urtetik aurrerakoek liburu hau amaitu! Zooan elkarri begira dauden ipar otsoa eta mutiko afrikarrari zer gertatzen zaien jakiteko irrikaz izango dira.

  
EUKENE HERRERAk gomendatuak

* 1-3 urte > KUKU, LEONTZIO (Jo Lodge. Ibaizabal). Leontzio eta haren lagunak ezkutaketan jolasten ari dira oihaneko bazterretan. Jolas egiteko liburua da. Haurrei oihaneko sekretuak ezagutzeko aukera eskaintzen zaie. Lerro lodiz egindako liburua da, txikienenek hainbat xehetasun aurkitzeko aukera izan dezaten.
   
  * 8 urtetik aurrera > IZEKO ELI ETA BIOK (Xabier Olaso. Ibaizabal). Izeko Eli Aneren izekorik kuttunena da, maitagarria, bromazalea eta bidaiazale porrokatua. Bidaia horietako batean, Obaba-Ibibi-Bobo buruzagi massaiak zuhaixka-hazi misteriotsu batzuk oparitu zizkion izeko Eliri. Herrira bueltan, izeko Elik Aneri utzi zizkion zaintzeko, berak beste bidaia bat egin behar baitzuen. Eta hara non, behin batean, gauza miresgarria gertatu zen…
   
* 8 urtetik aurrera > ZIRKU MAGIKOA (Philipe Lechermeier. Ibaizabal). Liburu honek irudi dinamiko eta koloretsuak ditu, zirkuko giro dibertigarria islatzeko. Testu poetiko eta jostalariek, umorez betetako eszena dibertigarriak islatzen dituzte. Zirku magikoa heldu da. Ikuskizuna has daiteke…
   
* 3 urtetik aurrera > MAITE ZAITUT (Mitxel Murua - Julen Tokero (ilustratzailea)). Marimotots, txorroskileroaren ahoko soinua entzun orduko, ohartuko da aitona Anakleto iritsi dela. Alabaina, kezka bat dakar berarekin: mendian utzitako hartz-kumeak negua bakarrik igaro ahal izango duen. Beti bezala, lagun guztiak elkartuko dira arazoari irtenbideren bat emateko.

  
XABIER MENDIGURENek gomendatuak

* 6 urtetik aurrera > FAMILIA BERRIA (Arrate Egaña - Jone Taberna (ilustratzailea)). Marita etxe berri batean bizi da, lehengo familia gerra batean galdu zuen eta. Egun batean ahate txiki bat agertu da, haren lagun guztiak hil baitira, ehiztarien tiropean.

   

* 8 urtetik aurrera > PERUTXO ETA TXOMINTXOREN ABENTURAK (Peru eta Txomin Magdalena - Iosu Mitxelena (ilustratzailea)). Magdalena anaiek bi anaia biki asmatu dituzte, haien antzera Perutxo eta Txomintxo izena dutenak, eta biki horien hainbat abentura kontatzen dizkigute: lehena, nola ezagutu zuten elkar amaren sabel barruan eta nola jaio ziren; eta hortik aurrera, beste hainbat jolas eta bihurrikeria.

   
* 10 urtetik aurrera > URRUNEKO MOTORRAK MILA ZALDI. HITZAREN GURPILA 1 (Joan Mari Irigoien - Antton Olariaga (ilustratzailea)). Haurrentzako poema liburu bikoitza ondu du oraingoan Irigoienek: umore jostalariz, batetik, baina haurrari pentsarazteko sen kritikoz, bestetik. Hitzarekiko jolasa, erritmoa, irudiak... Poesiaren alderdi ikusgarrienak eta entzutekoenak darabiltza egileak.
   
* 12 urtetik aurrera > URREZKO ORRAZIA (Gaizka Arostegi - Eider Eibar (ilustratzailea)). Ainhoa basoan galdutako bere arbasoen baserri zaharrera joango da bere gurasoekin egun batzuk igarotzera. Halako batean, auzoko amona zahar batek joko du etxeko atera. Hasieratik aztoratuko du Ainhoa emakume misteriotsuak. Mitologia, misterioa eta abentura osagai dituen irudimenez betetako ipuin honek III. Mikel Zarate Saria jaso du.
   
* 13 urtetik aurrera > EZEKIEL NORAEZEAN (Jasone Osoro). Ezekielek 15 urte ditu, lagunarte jator bat, neska-lagun moduko bat... Bizitza zoriontsu hori aldatu egingo da, ordea, inoiz ikusi ez duen aita bat-batean agertzen denean: ezagutu nahi luke, batetik, baina baita aldegin izana aurpegiratu ere.

   
JOSEBA ORELLAk gomendatua

* 5 urtetik aurrera > IRENEREN UNIBERTSOA (Carmen Arrazola eta Maitane Bernardo). (Elkar). Irene bost urteko neska argi eta bizia da. Irenerentzat egun guztiak dira inguruko pertsona eta egoeretatik ikasteko aproposak. Irene bere aulkitxo txikian eseriko da, amaren, amonaren, birramonaren eta hainbat lagunen kontuak entzun eta ikasteko prest. Egilea, Carmen Arrazola, Marketing aholkularia da, eta Zurriola ikastolako guraso ohia.

 
IKASTOLEN ELKARTEAK ARGITARATUTA

* ANUBIS 3.0 (Dani Fano). Dani Fanoren gidoia eta marrazkiak ditu, zientzia fikziozkoa da eta etorkizunean kokatua, arimaren pisua neurtzen duen makina baten asmakizuna baitu ardatz kontakizunak. Istorioak gaurko gizarteari buruzko ikuspegi kritikoa erakusten du. Dani Fano Ikastolen Elkateak argitaratzen duen “Xabiroi” komikiaren arduraduna da, eta “Anubis 3.0” komikiaren urteroko albuma da.

 

ikastola 201
2012 Abendua
201