IKASTOLA 229 > iritziak > Hezkuntza Akordiorako proposamena aztertzen ari dira ikastolak

Hezkuntza Legea

Hezkuntza Akordiorako proposamena aztertzen ari dira ikastolak

Eskualdekako bilerak egiten ari dira gaia jorratu eta jarrera bateratua hartzeko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan

Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Hezkuntza Akordiorako proposamenaren edukia aztertzen, lantzen eta horren gaineko irakurketa egiten ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolak, gero ondorioak atera eta jarrera bat hartzeko. Proposamena Eusko Legebiltzarrerako bidean da dagoeneko –Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Ibilaldiaren jaian iragarri zuen ikasturtea amaitu aurretik aurkeztuko duela Legebiltzarrean-, eta ikastolek ikusi dute gaiaren gainean jarrera bateratu bat hartzeko unea dela.

Maiatzaren 22an hasi ziren egiten ikastolen bilerak. Eskualdez eskualde egiten ari dira, ikastoletako komunitateetako ahalik eta jende gehienak parte hartzeko helburuarekin. Guztira, hamahiru bilera izango dira. Orain arte egin diren bileretan parte-hartze handia izan da, eta eztabaida eta azterketa mamitsuak egin dituzte. Ikastolen Elkarteren izenean, Koldo Tellitu lehendakaria, Jose Luis Sukia zuzendaria eta Patxi Olabarria Egonkortasun arduraduna ari dira parte hartzen.

Hezkuntza Akordiorako proposamenaren gabeziak ( ez du hezkuntza sistemaren osaketa zehazten;  ez du publikotasunaren definiziorik egiten;  finantzaketa gaia ere ez du aipatzen…) eta eduki nagusiak aztertzen ari dira, eta bereziki hizkuntzen alorra eta hezkuntza inklusioa. Azken horri dagokionez, aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea ere aztertzen ari dira ikastolak.

Gai guztiei erantzun bat ematea du helburu abiatutako eztabaida prozesu honek. Gainera, iazko ikasturtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bati begira ikastolek landu eta osatutako dokumentua dute oinarri. Ekainaren 13an amaituko da bileren prozesua, eta haren ondotik ikastolek euren jarrera argituko dute.

Proposamenaren ibilbidea

Hezkuntza Akordiorako proposamenaren ibilbidea iragan udazkenean hasi zen, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Eragileei aurkezturiko dokumentu batekin. Dokumentu hura lantzeko bost lantalde osatu ziren, eta bakoitzak alor bat aztertu zuen (modernizazioa, bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa eta autonomia) eta ekarpenak egin zituen, azaro eta abendura bitartean. Horren ostean Jaurlaritzak beste testu bat aurkeztu zien eragileei, eta ekarpenak egiteko epe bat zabaldu zuen. Ikastolen Elkarteak bereak egin zituen. Martxoan, Eskola Kontseiluaren esku utzi zen testu hori, horren gainean iritzia eman zezan. Horren ostean, Legebiltzarrerako bidean da.

Hastapenetik, ikastolek bi gabezia nagusi ikusi zizkion testuari, azken orrazketan ere agertzen ez diren bi gai falta dira: hezkuntza sistemaren osaketa eta finantzazioa.

Lehenari dagokionez, ikastolen jarrera aspaldikoa da: egungo legediak soilik administrazioaren titularitatepeko ikastetxeak hartzen ditu, sistemaren erdia osatzen dutena; eta beste erdia, itunpekoak (ikastolak barne) legeditik at daude. Ikastolek Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatuko den sistemaren alde egiten dute, titulartasuna gorabehera, ikastetxe batek ematen dituen zerbitzuetan oinarritutakoa. Nolabait esan, publikotasun partekatu baten aldeko proposamena da, Europako iparraldeko hainbat herrialdetan dagoenaren antzekoa. Araudi propioa, berariazko araudia behar da, Hezkuntza euskal hiritarron interesen eta beharrizanen arabera antolatzeko. Hala, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartuko dute zerbitzu publiko hau ematen duten ikastetxe guztiek. Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikasle eta ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte. Betebeharrak: ikasle-bazterkeriarik ez (matrikulazio-irizpideak), hezkuntza doakotasuna, kudeaketa demokratikoa eta sozialki kontrolagarria. Eskubideak: Doakotasuna bermatzeko finantzazio nahikoa, eskaintza publikoaren parte izatea. Alderdi hauek guztiak araupetzeko Hezkuntza Legea ezinbestekoa da.

Finantzaketarena ere ezinbesteko gaia da ikastolentzat. Sekulako desoreka dago bi sareen arteko finantzazioan. Hori eztabaidatu gabe ezin dira parekatu baten eta bestearen egoera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ikasleko 9.800 euro inbertitzen ditu sare publikoan; itunpeko sarean, berriz, ikasleko 4.800 euro. Ikastolen proposamena da progresiboki ikasle guztien baliabideen banaketan eta finantziazioan berdintasuna; hezkuntza hitzarmenen sistema mantentzea sare kontzertatuan; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan dauden Ikastetxe guztiei  oinarrizko tratamendu berdina ematea eta ikastetxeetako ikasleriaren ezaugarrien eta Hezkuntza Sistemak bultzatzen dituen helburuen araberako finantziazio osagarria, banakako hitzarmenen bidez.

Euskararen ezagutza maila

Ikastolek, oro har, bat egiten dute Hezkuntza Akordiorako proposamenean hartzen den bide pedagogikoarekin. Hala ere, zehaztasun falta ikusten da Administrazioak hartu beharko lituzkeen protagonismoaren eta konpromisoen inguruan.

Proposamenak lantzen dituen bi puntu nabarmendu dituzte ikastolek. Lehena hizkuntzen atala da, eta horri lotuta, euskararen ezagutza mailaren inguruan egin diren kanpo ebaluazioen emaitzak. Izan ere, ikastetxeko «Hizkuntza Proiektuari» berebiziko garrantzia ematen bazaio ere (eta ikastolak horretan ados daude, baita helburuekin ere), A) ez da zehazten helburu horiek ikasle guztientzat derrigorrezkoak izango diren ala ez, B) ez da aipatzen helburu horien lorpena neurtzeko ebaluazio mekanismorik, C) ez da aipatzen zailtasun bereziak dituzten ikasleekin konpentsazio neurririk, ….

Eta horrek kezka eragiten du, izan ere, azken ebaluazio probek erakutsi dute euskararen ezagutza maila jaitsi egin dela ikasleen artean. Horrek alarma piztu du ikastoletan, euskararen erabileran berebiziko eragin kaltegarria ekar  dezakeelako, eta neurri eragingarriak berehala hartzen ez badira, eragin kaltegarriak izango dituelako. Ikastolen kezka horren berri eman zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak iragan maiatzean Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian, baita Ibilaldia jaiaren hasiera ekitaldian ere. Bi agerraldietan hizkuntza ereduak albo batera utzi behar direla esan zuen, ez baitute euskalduntzen, eta benetako murgiltze eredu bat abian jarri behar dela azpimarratu zuen.

Horregatik, gaur egun euskarak gure hezkuntza sisteman duen egoera kontuan hartuta, akordioan eta legean ezinbestean puntu hauek ezarri behar dira, ikastolen ustez:

• DBH bukatzerakoan, hizkuntza konpetentzia neurtu eta ebaluatu behar da. Europako Hizkuntzen Erreferentzia Bateratuen Esparruaren araberako ebaluatu beharreko helburu argiak: B2 maila hizkuntza ofizialetan eta B1 maila hirugarren hizkuntzan

• Ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen ikas eredu orokorra jarri behar da abian: murgiltze eredua.

Atzerriko jatorria duten ikasleak

Ikastolen artean gehien aztertu den beste gaia atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea izan da, akordiorako proposamenean Bizikidetza atalean ageri dena. Proposamenean agertzeaz gainera, gaiaren inguruan aurkeztu den Herri Ekimen Legegile bat ere tarteko, ikastolek berebiziko garrantzia eman diote gaiari.

Ikastolek argi dute  atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat dela, hezkuntza eragile guztiek konpromisoa izan behar dutela, eta ikastolek eurei dagokien mailaren araberako konpromisoa betetzeko prest egoteaz gainera, bete egin nahi dutela. Era berean, gai hau ikastolen aurka jotzeko erabili izan dute hainbat sektoretatik, manipulatutako datuak erabiliz eta hainbat gezur esanez.

Horren aurrean, ikastolak hainbat konpromiso hartzeko prest daude, eta mahai gainean jarri dituzte hainbat puntu:

• Administrazioak bideratu beharko lituzke ikasle horiek ikastetxe guztietara (gaur egun ez du hori egiten).

• Hori  bideratzeko, «zonifikazio» sistema desagertu egin beharko litzateke.

• Ezinbestekoa da finantzazio sistema egoki bat bideratzea Administrazioaren aldetik, kuotarik ez kobratzea nahi bada, Administrazioak ez duelako finantzatzen oinarrizko funtzionamendua sare kontzertatuan (berak onartuta 2005ean eta 2.007an egindako azterketetan)

• Egoera berezian dauden ikasleak, matrikulazio tasaren arabera dagozkien guztiak, hartu nahi dituzte ikastolek, eta behar izanez gero, beka sistema propio bat eratzeko prest daude.

• Ikasle etorkinak gizarteratzeko eginbidean hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu da… desagertu behar dira.

• Herri eta auzoetan instituzioek bultzatu behar dituzte harrera plan integralak … segregazioaren arazoa hezkuntzarena bakarrik ez delako.

Azken batean, inklusibotasuna transbertsala da, ikastolen ustez, eta hainbat gairekin ukaezinezko lotura dauka (hizkuntzak, hezkuntza proiektua, eskola mapa, finantzazioa …); horregatik, guztiek bultzada orokorra behar dute, lege baten oinarri orokorra behar dute.

 

ikastola 229
2018 Ekaina
229