Hezkuntza eraldatzen
Lehen Hezkuntzara ere iritsi da eraldaketa
DBHn eta HHn ezarritako marko pedagogiko berria aintzat hartuz.
Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarrituta
DBHn ezarritako EKI proiektuaren garapena da ikastoletako LH 6. mailan aurtengo ikasturtean erabiltzen hasi diren EKI ikasmateriala. Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutako proiektua da, DBHn bezala, eta harekin koherentzian etapa honetarako diseinatu da. “Lehentasuna ematen diogu ikasle bakoitzari, segurtasun afektiboa bermatzen dion testuinguruan, bere auto-errealizaziorantz aurrera egiteko, bere ahalmenak ahalik eta gehien garatzeko laguntza eta aukerak emateari, bakoitza bere bizi proiektua oinarri sendoekin eraikitzen joan eta ikasitakoak bizitzan zehar izango dituen erronkei eta arazoei irtenbide egokiak bilatzeko gai izan dadin”, azaldu digu Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako arduradun Belen Baztarrikak.
“Nolako pertsonak hezi nahi ditugu? Galdera horri erantzunez abiatu gara, alegia, ikaslearen irteera profiletik. Auto-estimu egokia eta auto-kontzeptu doitua duten pertsonak, pentsamendu irekia eta malgua dutenak, euskaldun eleanitzak, komunikazio gaitasuna eraginkortasunez baliatzen duten pertsonak, autonomoak, konprometituak, lankidetzan trebatuak, konpetenteak, ekintzaileak… heztea dugu helburu. Horretarako, ikasmaterial berriak, espazioen erabilera, proiektuka lan egitea… irakasleen formazioa eta hainbat esparru oinarri hartuta, lanean ari gara ikastoletan”.
Zer egin dezakegu egoera ahulean bizi direnei laguntzeko? Hau da, adibidez, 6.mailan proposatzen zaien egoera bat. “Egoera hori askatzeko, irtenbide bat bilatzeko arloetatik ikasi dutena egoera erreal batean aplikatuko dute. Denona da gizarte-arazo hori, eta denok izan behar dugu arazo horren konponbidearen protagonista”, gaineratu du Baztarrikak. Azoka solidarioa planifikatu eta antolatzen dute 6.mailako ikasleek. Jasotako dirua nori helaraziko dioten ere erabakitzen dute. Protagonistak bihurtzen dira.
Datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan ere erabiliko dute EKI ikasmateriala ikastoletako ikasleek. “Herrian, auzoan, ikastolan lanean ikusiko dituzue. Egoera errealetan- edo errealitatetik ahalik eta hurbilen daudenetan- bizi eta ikasi egingo dute”. Laugarren mailakorako materialaren sortze lanetan dabiltza gaur egun Ikastolen Elkartean. Material hori 2019-20 ikasturtean hasiko dira erabiltzen ikastoletan.
EKItik haragoko arloak
LHrako EKI proiektua garatzeko orduan, zenbait arlo ez dira ikasmaterialetara eraman. Baina ez dira alde batera utzi. Aitzitik, aintzat hartu dira eta esku-hartze bat egingo da. “Curriculum ikuspegitik, eta lortu nahi dugun ikasle profila kontuan hartuz, arlo horiei ere (Arte Hezkuntza, Musika eta Gorputz Hezkuntza ) erantzun egin nahi zaie mintegi baten bidez”, dio Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako arduradunak.
Pentsamendu konputazionala eta robotika ere indartu nahi dira etapa honetan, curriculuma osatze aldera. Ikastolen Elkartean, ikastoletako alorreko adituekin batera, IKT konpetentziaren ikuspuntua osatu nahi da, eta proposamen bat egingo da horren lanketa bermatzeko. “Curriculum aspektu batetik diseinu bat egongo da, eta proposamen zehatz bat egingo zaie ikastolei, Arte Hezkuntza, Musika eta Gorputz Hezkuntza alorrekin batera”.
Eredu digitala
Ikasturte honetan LH 6. mailarako EKI materialak ezarri dira ikastoletan, eta heldu den ikasturtean bertsio digitala ere eskuragarri izango dute. “Curriculumaren osaketan ekin diogun beste erronketako bat izan da heldu den ikasturtean LH 6ko materiala euskarri digitalean eskaintzea”, dio Baztarrikak. Orduan, paperekoa edo digitala aukeratzerik izango da? “Adin honetako ikasleentzat paperezko euskarriak edukitzea garrantzitsua da. Aldi berean, eredu digitalak abantaila gehiago ere eskaintzen ditu; euskarri multimediak erabiltzeko aukera, auto-zuzenketak egiteko aukera, edota irakasleentzat ebaluatzeko orduan eskaintzen dituen abantailak. Horregatik, eredu misto bat proposatzen dugu guk”.
Lehen ziklorako proposamena
Lehen Mailarako eraldaketa proposamena ez da mailarik maila modu linealean garatuko. Aitzitik, lehen zikloarekin ere hasiak dira proiektua garatzen, Haur Hezkuntzako markotik abiatuta. “Haur Hezkuntzarako markoaren garapena eta Lehen Hezkuntzako zortzi urte bitarterakoa uztartu nahi ditugu lehen zikloaren proposamena egiteko”, azaldu du Lehen Hezkuntzako arduradunak. “Zer lortu nahi dugu?, Zertarako? eta Zer testuingurua eskaini behar diogu ikasleari dituen gaitasun, ahalmen guztiak gara ditzan? galderei erantzunez abiatu gara. Alegia, irteera profiletik abiatu gara lehenik, hau da, nolako pertsonak hezi nahi ditugun; gero oinarrizko konpetentziak, orokorrak eta espezifikoak landu; eta, azkenik, metodologiak zehaztu”.
Metodologiari dagokionez, zehaztu da, batetik, irakaste espliziturako denborak behar direla , esaterako irakurketa-idazketa prozesua gidatzeko, matematikarako…, ikasleei mikroespazioak eta libre zirkulatzeko tarteak eskaini behar zaizkiela: konpetentzia espezifikoekin lotura duten espazioak, esperimentatzeko, norbere nahien eta interesen araberako erabakiak hartzeko, autonomia eta ikaskidetza lantzeko, mugimendua ahalbideratzeko eta abar.
Era berean, ezagutzak modu testuinguratuan bereganatzeko, ezinbestekotzat jo da ikaskuntza arazo /erronka /proiektuetan oinarritzea eta jakintzak ( jakitea, egiten jakitea, izaten jakitea ) mobilizatu beharreko baliabidetzat hartzea.
“Mintegi bana egin ditugu iazko eta aurtengo ikasturteetan, ikusteko zein aspektu diren landu beharrekoak, eta argi ikusi da, esaterako, espazioen birdefinizio bat egin beharra dagoela: zer mikroespaziok osatuko duten (esperimentaziorakoa, hizkuntzarakoa, matematika manipulatiborakoa…). Espazio bakoitzaren helburuak ezarri, eta proiektuei begirako irakaskuntza ikuspegitik osatu nahi da proposamen didaktiko bat egingo da, eta materialari begirakoa ere bai”, dio Baztarrikak. Lehen zikloari begira beste mintegi bat egingo da heldu den ikasturtean, irakasle guztiek norabide berean ekiteko.
Prestakuntzaren garrantzia
Hezkuntza eraldaketak irakasle prestu eta prestatuak eskatzen ditu, eta prestakuntza ikastolen lehentasunetako bat da. Lehen Hezkuntzari dagokionean ere ezinbestean gakoetako bat da irakasleen prestakuntza. Eta horretan dihardute.
EKI proiektuko ikasmaterialaren ezagutza, azterketa, lanketa eta ebaluaketaren gaineko prestakuntza saio trinkoetan ari dira iazko ikasturtetik, eta, era berean, beste hainbat alor ere jorratu dituzte. Aurrera begira ere prestakuntza plangintza zabala dago aurreikusia. Besteak beste gai hauek jorratuko dituzte: haurraren ezaguera, , ahozkotasuna eta euskara sustatzeko metodologiak, irakurketa-idazketarako baliabide metodologikoak, espazioen antolaketa, ebaluazioa eta proiektu interdiziplinarrak.
DESPIEZEA
KiVa LHtik DBHra
Iazko ikasturtea hasita ezarri zen KiVa programa ikastoletan. Eskola jazarpenari aurre egiteko mundu mailan eragingarriena den programa da KiVa, eta ikastoletan ere frogatu da haren balioa: ikasturte bakar batean erdira jaitsi dira jazarpen kasuak ikastoletan. Finlandiako Turkuko Unibertsitateak garatutako programa hau Lehen Hezkuntzarako dago diseinatua. Dena den, Finlandian eta Euskal Herrian etapak desberdin zatitzen dira, eta hango Lehen Hezkuntzak hemengo Bigarren Hezkuntzako lehen maila ere hartzen du. Hori dela-eta, aurtengo ikasturtean DBH 1en ere martxan da ikastoletan KiVa programa. Halere, hurrengo ikasturtetik aurrera, KiVa DBH osora hedatuko da, Turkuko Unibertsitateak dagoeneko garatu duelako etapa horretarako programa ere. Material guztiak euskaratzen ari dira dagoeneko, eta 2019ko urtarrilean eskura izango dute ikastolek, DBHko euren geletan KivA programa garatzeko.