IKASTOLA 201 > erreportajeak > ELKARTASUN IKASTOLAK ESTREINATU DU LAGUNTZAK BANATZEKO SISTEMA BERRIA
Ekarpen bakoitzari botoa eman zitzaion
EHIren Jose Luis Sukia, kudeaketa arduraduna; Koldo Tellitu, lehendakaria; eta, Imanol Igeregi, zuzendaria
EHIren Jose Luis Sukia, kudeaketa arduraduna; Koldo Tellitu, lehendakaria; eta, Imanol Igeregi, zuzendaria
Joxe Mari Erkiziarekin batera, batzarreko partaideen irudiak
Joxe Mari Erkiziarekin batera, batzarreko partaideen irudiak
Patxi Olabarria, EHIren egonkortasun arduraduna, Koldo Telliturekin
2013an laguntza jasoko duten ikastolak

ELKARTASUN IKASTOLAK ESTREINATU DU LAGUNTZAK BANATZEKO SISTEMA BERRIA

Elkartasun Ikastolak (lehen Elkartasun Kutxa) urteko batzarra egin zuen Orion datorren urteko laguntzak onartzeko. Izaera juridikoaz gainera, hedadura eta laguntzak banatzeko modua aldatu dira. Koldo Tellituk esan zuenez, “hedadura nazionala” izango du, eta lehen laguntzak doan ematen ziren bezala, orain mailegu edo diru ekarpen gisa emango dira.

Marko berri honetan, Euskal Herri osoko 13 ikastolek jasoko dituzte datorren urtean eraldatu berri den Elkartasun Kutxatik maileguak edo kapital ekarpenak, EHIk azaroaren 29an Orioko Herri Ikastolan egin zuen aparteko batzarrean erabaki zuenez.

Hauek dira 2013an diru laguntzak jasoko dituzten ikastolak: Azpeitiko Ikastola-Ikasberri, Lautadako Agurain ikastola, Ipar Euskal Herriko Itsasu, Ziburu eta  Kanbo, Oiongo San Bizente, Tuterako Argia, Lodosako Ibaialde, Argantzon Ikastola, Bilboko Harrobia eta Etxebarriko ikastola.

Jose Luis Sukia EHIko kudeaketa arduradunak esan zigunez, ikastola bakoitzaren egoera oso ezberdina da. “Mundu guztiak dakien bezala, egoera larriena Lodosako ikastolarena da. Sei gelatik hiru ditu kontzertatuak. Laurogei ikaslerekin hiru gela kontzertatu gabe mantentzea ezinezkoa da, ideia bat egiteko gela baten kontzertua 60.000 euro ingurukoa izaten baita. Gainera, maileguagua eta garraioaren defizita dituzte. Orain arte kanpoko laguntzei esker eutsi diote egoera horri, Eusko Jaurlaritzatik edo azken bi urtetan Madrildik etorri diren diruei esker. Baina horiek bukatu dira. Hiru urteko plangintza egin dugu: hemendik 3 urtera Nafarroa Oinez bat egingo dugu mailegua gainetik kentzeko. Sei gela izan ordez lau gelarekin funtzionatuko dute eta langileen lan orduak %83ra jaitsiko dituzte. Ixteko zorian zegoen ikastola zen, urteko 250.000 euroko zuloa egiten ari ziren eta plangintza berriari esker aurrera ateratzeko bidea eman zaie. Matrikulatzeko zalantzan zeuden guraso asko, seguru gaude, orain animatu egingo direla”, esan zuen.

Azpeitiko Ikastolari mailegua
Lodosako ikastola muturreko kasua da, dena den, eta beste zenbait kasutan aldi labur bateko estutasuna arintzeko ematen zaie laguntza. “Kasurik arinena Azpeitikoa izan daiteke. Bera da laguntza mailegu gisa jasoko duen bakarra, beste guztiek kapital ekarpen gisa jasoko baitute. Gogoratu azken hogei urteotan Elkartasun Kutxak doan banatu dituela laguntzak. Elkartasun Kutxa, EHI bezalaxe, europar kooperatiba bihurtu dugularik,  aldatu da laguntza sistema. Kapital ekarpenak esan nahi du Euskal Herri mailako kooperatiba egingo dela lagundutako ikastolaren ondaretik dagokion zatiaren jabe. Azpeitiko Ikastolaren kasua besterik da. Bi lerroko ikastola bihurtzen ari dira, baina pare bat urtean bi gela izango dituzte kontzerturik gabe. Bitarte horretan mailegu txiki bat behar zuten eta emango zaie”, esan zuen Imanol Igeregik.

Ikastola bakoitzaren premiak aztertu eta proposamenak batzarrera aurkeztu aurretik hiru talderen oniritzia jaso behar dute, Artezkaritza Kontseiluarena horien artean. Aurtengo batzarra apartekoa izan da, baina aurrerantzean bi batzar nagusi arrunt egitea erabaki zen, EHIrena ekainean eta Elkartasun Kutxarena azaroan edo abenduan.

Laguntzak jasoko dituzten ikastolen artean badira aipamen bat merezi duten beste hainbat, Bilbo Zaharraren bihotzean eraiki den Harrobia esaterako. Eraikin ikusgarri horretarako estrategi plan bat burutzen ari dira, baina gainean dituzten mailegu astunei erantzun behar zaie eta laguntzak behar dituzte. Etxebarrin ere ikastola handi bat egiten hasteko zorian dira. Datorren urtean lehen aldiz Euskal Herri osoko ikastolak sartuko dira hartzaileen artean, Ipar Euskal Herrikoak tartean. Ziburun eta Itsasun eraikin berriak egiteko 60.000 bana euro emango dira. Baina inbertsio aipagarriena Kanboko kolegioa eta eraikuntza berriarena da, bost milioi eta erdikoa izango baita. “Hogeita bost urterako milioi eta erdiko mailegu bat hartu du Seaskak bere gain eta kostu horren erdiari erantzungo dio  Elkartasun Kutxak”, erantsi zuen Sukiak.

ikastola 201
2012 Abendua
201