DBH osteko etapak
Ikastolen hezkuntza eraldaketaren erakusleiho
Askotariko proiektuak, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Ikastolen Praktika Onen V. Jardunaldian
Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Praktika Onen V. Jardunaldia, Ikastolen Etxean
Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Praktika Onen V. Jardunaldia burutu zen, martxoaren 21ean, Ikastolen Etxean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren osteko ikasketetan ikastoletan egiten ari diren berrikuntza pedagogikoak aurkeztu zituzten hainbat ikastolak, eta etorkizunerako ildoak azaldu zituzten Ikastolen Elkarteko ordezkariek.
Aurreko etapetan bezala, hezkuntza eraldaketa Batxilergora eta Lanbide Heziketara eramaten ari dira ikastolak, eta horren adierazgarri dira, martxoaren 21ean, Ikastolen Etxean egin zen etapa hauetako Praktika Onen V. Jardunaldian azaldu zituzten proiektuak. Hogeita sei ikastolatako hirurogeita hamar irakaslek hartu zuten parte jardunaldi honetan. Jardunaldiak balio izan zuen ikastolek diseinatu eta gelaratu dituzten proiektu eraldatzaileak beste ikastolekin partekatzeko; ikastolen eredu berriaren argazki bat egiteko. Izan ere, askotarikoak izan ziren aurkeztu zituzten proiektuak: arlokakoak, metadiziplinarrak, lan proposamenak, geletako paretetatik harago lan egiteko aukera ematen dutenak … Inspirazio pilula asko, baina egingarri direla ere frogatu zuten.
Jardunaldia bi saiotan banatu zen. Lehenbizikoa saio orokorra izan zen, eta bigarrengoa, berriz, gunekako saioak izan ziren. Saio orokorrean, INMAKULADA IKASTOLAk ikasketa zerbitzuak eta erronkak aurkeztu zituen; Ibaizabal ikastolak, berriz, Durangoko airearen kalitatearen inguruko lanketa azaldu zuen; Txorierri Politeknika Ikastolak, bere aldetik, Ethazi proiektua aurkeztu zuen, eta, azkenik, Txantxiku ikastolak giza mailei begira eginiko proiektua azaldu zuen.
Gunekako saioetan, KIRIKIÑO, TXORIERRI, TXANTXIKU, AITA LARRAMENDI eta SAN BENITO IKASTOLek Batxilergoko zientzia ikasgaietan egiten ari diren proiektuak aurkeztu zituzten. Batxilergoko giza zientzietan egiten ari diren berrikuntzak aurkeztu zituzten, berriz, KIRIKIÑO, URRETXU-ZUMARRAGA, SANTO TOMAS, LAUDIO eta LASKORAIN IKASTOLek. Batxilergoko ikasgai orokorretan, esku artean dituzten zenbait proiekturen gainean azalpenak eman zituzten ARMENTIA, AXULAR, IKASBERRI, AITA LARRAMENDI, OTEITZA eta TXANTXIKU IKASTOLek.
Azkenik, Lanbide Heziketako praktika onak aztertzeko gunean, HARROBIA ikastolak marketin eta publizitatean egiten ari diren berrikuntzak azaldu zituen eta OTEITZAko ordezkariek lan estazio aurreratuen gaineko proiektua aurkeztu zuten; Inmakulada ikastolak diagnosi irudiaren gainean egiten ari diren lanaren berri eman zuen, eta Ibaizabal ikastolak, berriz, haurrentzako ikuskizunak azaldu zituen.
ETORKIZUNEKO ILDOAK
Bertaratu ziren irakasleek praktika onen azalpenak jaso ostean, Ikastolen Elkarteak marrazturik dituen etorkizuneko ildoen berri eman zuen, alorreko arduradun diren Manu Aurrekoetxea, Ana Monge eta Mikel Errazkinen bitartez.
Batxilergorako osatzen ari diren marko berrian urratsak egiten jarraitzea da asmoa, eta horretarako sortu zen Batxilergo Foroan markoaren garapenaren azterketa sakona egingo da. Era berean, prestakuntza mintegiak jarraipena izango du ekainean, aurten egin diren lanak errematatzeko. Ikasturtean zehar diseinatu diren erronkei (Elkarrekin erabaki eta Herrigintza auzolanean) zientzietako beste bat gehituko zaie, eta horrela, gutxinaka erronka banku bat osatzen joateko asmoa dago.
LANBIDE HEZIKETAn, berriz, ebaluazioan eta metodologietan eta antolamenduan eta espazioen kudeaketan sakontzeko asmoa adierazi da.