IKASTOLA 228 > iritziak > Argi-ilunak Hezkuntza Akordiorako proposamenerako lehen fasearen amaieran

Hezkuntza Legea

Argi-ilunak Hezkuntza Akordiorako proposamenerako lehen fasearen amaieran

Kezkak ere badiren arren, ikastolek akordioa erdiesteko konpromisoari eusten diote

Eusko Jaurlaritzak abiarazi duen Hezkuntza Akordiorako proposamenaren lanketak lehen fasea amaitu du.

Hezkuntza Lege berri bat egiteko aurreko urrats gisa Eusko Jaurlaritzak abiarazi duen Hezkuntza Akordiorako proposamenaren lanketak lehen fasea amaitu du. Hezkuntza eragileekin egindako lana aurkeztu zuen Hezkuntza Sailak, eta eragileen ekarpenak egiteko epea zabaldu. Ikastolek egin dituzte ekarpenak, eta proposatutako zirriborroaren argi-ilunak mahai-gaineratu dituzte.

Akordio proposamenaren zirriborroari ikastolek eta beste eragile batzuek egindako ekarpenak bildu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta horietako batzuk sartu zituen zirriborroan. Zirriborro berritua dagoeneko Eskola Kontseiluaren esku dago. Iragan martxoaren 7an eman zion Cristina Uriarte sailburuak Eskola Kontseiluko lehendakariari. Eskola Kontseiluak aztertu egingo du orain, eta bere iritzia emango du. Kontseilu horretan ikastolek ez dute ordezkaririk, ezta beste eragile batzuek ere.  Aldizkariaren edizio hau ixterako orduan, ez genekien zer aldaketa izan dituen Hezkuntza Sailak Eskola Kontseiluaren esku jarri duen zirriborroak, ezta ere, beraz, ikastolek egindakoak onartu dituzten edo ez. Eragileekin eztabaidatu zen proposamenaren gainean idatzitako zirriborroari buruz Ikastolen Elkarteak egindako irakurketa da, beraz, ondorengoa. Oinarrizko edo balorazio orokorra, hain zuen ere.

Ikastolen Elkartea, orokorki, bat dator Hezkuntza Akordiorako proposamenaren zirriborroan hartzen den bide pedagogikoarekin. Besteak beste gai hauek azpimarratzen dira: eraldaketaren beharra, konpetentzietan oinarritutako ikas-irakas prozesua, ikasleen irteera profilaren garrantzia, ebaluazioaren papera eta oinarrizko printzipioak…

Hala ere,  ez dira tratatzen ikastolen ustez oinarrizko diren bi gai: Lehena da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren osaketa eta ezaugarriak. Ikastolek onartzen dute Hezkuntza Sailak nahita alboratu duela gai hau, aurrerago jorratzeko, baina era berean ezinbestekoa ikusten dute berau mahai gainean jartzea, bestela ezinezkoa delako zehaztapenetan edo lan-ildoak finkatzerakoan Administrazioaren papera definitzea eta zehaztea. Horren adibide da dokumentu osoan egiten diren proposamen gehienak administrazioaren titularitatepeko ikastetxeei begira daudela, eta ez duela aurreikusten ezta aipatzen zeintzuk izango diren beste ikastetxeen egitura eta ezaugarriak. Ikastolek Hezkuntza Legearen inguruan plazaratutako azken proposamenean defenditzen dute  funts publikoekin hornituriko ikastetxe guztiek, hezkuntza zerbitzu publikoaren ezaugarriak bete eta ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatuta, osatuko beharko luketela Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eta administrazioak tratu bera eman beharko dietela.

“Horren aurrean zer interpretazio egin behar dugu?”, galdetu dute ikastolek, “berriro ere (1993an gertatu bezala) sare publikoari begira egiten den akordio bat lantzen ari garela, edo Hezkuntza Sistema osoarena?”
Ikastolek proposamenaren zirriborroan ikusi duten beste gabezia bat da, dokumentuan zehar oso kasu gutxitan azaltzen dela zein izan beharko litzatekeen Administrazioaren papera eta proposatzen diren norabideak gauzatzeko Administrazioaren betebeharrak. “Badakigu ez dela dokumentu bat zehaztapen guztiak azaltzeko, baina bai bakoitzaren konpromisoak azaltzeko, eta kasu honetan ez dira ikusten zeintzuk diren Administrazioarenak”, azaldu dute ikastolek.

Beste kezka bat ere plazaratu dute. Koldo Tellitu lehendakariak azaldu zuen Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoetan: “Jakinaren gainean gara, Eskola Kontseilua dagoeneko hasia dela gai honetan lanean; bigarren fasea abiarazi dute, beraz. Ikastolok ez gara Eskola Kontseiluko kide, ezta beste eragile batzuk ere. Horregatik, dei egiten dugu foro horretan ere hezkuntza eragileok parte hartzeko aukera bideratzera”.

“Kezkak badirauen arren, ez pentsa ez gaudenik konprometituta bide honetan aurrera egiteko”, gaineratu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. “Hogeita bost urteotan izan dugun aukera handiena, bakarra esango nuke, dugu eskuartean Hezkuntza Sistema osoarentzako lege bat egiteko, eta horretan gogor jardungo dugu ikastolok”.

 

ikastola 228
2018 Apirila
228