EKINTZALETASUNA: ESFORTZUAK DAKARREN GOZAMENA
Beatriz Ezeiza
Orientazio Departamenduko kide eta Ikasketa Buru
Tolosako Laskorain Ikastolan
Artikulu hau irakurtzen ari zaretenon artean, zenbatek ez ote duzue proiektu, ideia berriren bat izan, baita aurrera eraman ere? Hau bezain xinplea eta zaila da hain modan dagoen ekintzaletasun ideia hori.
Askotan pentsatu izan dugu ekintzaile izateko pertsonak gaitasun, talentu berezi bat izan behar duela bere baitan, baina jakin badakigu Mihaly Csikszentmihalyi eta Terence McKenna psikologoek dioten bezala, ekintzaletasuna, pertsonok garatu dezakegun gaitasuna, ahalmena dela. Bi psikologo hauek diotenez, ezinbestekoa litzateke honako jarrera hauek garatzea: geure lanetan, bizitzan, atal zehatz batean, hobetzeko gogoa edukitzea, geure buruengan sinestea, lan anitz eta ezberdinak egiteko gogoa izatea, ekimena sustatzea, arazoei aurre egiteko gaitasuna garatzea eta, garrantzitsuena dena, esfortzurako balioaren garrantziaz jabetzea….
Seme-alaba, nerabe eta gazteak ditugunontzat ez datozkigu garai errazak. Ikasketak bukatu eta zer ? Hau da geure buruari behin eta berriz egiten diogun galderetako bat. Gaur egun enpresa, heziketa edota osasun alorretan ekintzaletasunari sekulako balioa ematen zaio. Batzuentzat kontzeptu berri xamarra bada ere, aurrera ateratzeko posibilitate handiagoa izan dezakete seme-alaba ekintzaileak baditugu…
Baina, zer egin dezaket geure seme-alabek ausardia hau, esfortzuaren balioa gara dezaten, proiektu, ideia berriak gauzatzeko?
- Beharrezkoa litzateke eguneroko diziplina garatzea, eguneroko errutina eta ordutegiak haurrak, txikia denetik, barneratzea.
- Garrantzitsua litzateke seme-alaba bakoitzari dagokion exijentzia maila zehaztea. Exijentzia maila hau zehazten diegunean, eskola gaiei dagozkionak zein eguneroko bizitzari dagozkionak ere markatu beharko dizkiegu (beraien autonomia lantzeko), eta honetarako ekintza plan bat egitea litzateke egokiena:
- Helburuak jartzen lagundu.
- Helburu hauek burutzeko eman beharreko pausoak zehaztu.
- Pauso horietara heltzeko izan dezakegun zailtasuna aurreztu.
- Zailtasun hauei aurre egiteko bakoitzak dituen errekurtsoak azpimarratu, hauek erabili beharko dituztela kontzientzia hartu. Zergatik? Edozer espero bezala aterako ez balitz, berriro ere lanari ekiteko indarra izango luketelako, baita frustrazioa errazago gainditzeko ere.
Beste gakoetako bat, gure seme-alabek dituzten interes gune eta irrikak kontutan hartzea litzateke. Askotan ikastolako gaietatik kanpo beste hainbat interes izan ditzakete eta hau aprobetxatu egin behar dugu; ziurrenik gai hauek lantzerakoan, esfortzua, bikaina izan daiteke. Gai hauek ikertzeko, sakontzeko, laguntza eskatuko baligute ere, guretzat arrotza, arraroa izan daitekeen arren, bidea ireki behar diegu. Ez gaude honetara ohituak, beti ere gizarteak erakusten digun ildoa jarraitzea egiten baitzaigu errazago. Bestetik badakigu entusiasmoa, ilusioa, motibazioa, kutsatu egiten direla eta esfortzuaren balioa lantzeko ezinbestekoak direla hauek ere.
Ah! Motibazio hitza ere atera da; ekintzaletasunean beste ezinbesteko osagai bat. Esfortzua eta motibazioa elkarreraginean ari dira beti ere lanean. Zenbatetan ez ote ditugu entzun “ez nago motibaturik, ez naute motibatu!!!” gisakoak? Dakigunez, motibazioa, ez da kanpotik datorren zerbait, motibazioa bilatu egin behar da; barne-barnetik sor dezakegu indar hori , baina honetan ere ahalegina eta esfortzua ezinbestekoak dira. Bilaketa honetan, gure buruari zer dugun gustuko galdetu diezaiokegu!! Zein mezu eman nahi diot neure buruari, nola animatu naiteke? Esfortzu handi baten aurrean gaudenean erabili ditzakegun estrategiak dira hauek, eta lehenik guk geuk frogatu beharko genituzke, geure seme-alabekin landu nahi baditugu.
Beraz, azken ideia bezala, ondoko hau azaldu nahiko nuke: gaur egun jakin badakigu gure burmuina egin trebatu daitekeela, eta zenbat eta gehiago trebatu, orduan eta trebezia, abilezia, azkartasun gehiago hartuko ditugula, buruan ziraldoka dabilzkigun ideia berritzaile horiek aurrera eramateko.
LABURBILDUZ, GEURE BARNEAN, ILUSIOREN BAT PIZTEN ZAIGUNEAN, PROIEKTU BERRITZAILEREN BAT ESKU ARTEAN DUGUNEAN, EKIN LANARI BELDURRIK GABE. HONEXEK IZAN BEHARKO LUKE GEURE SEME-ALABEI BIDALI BEHARKO GENIEKEEN MEZUA!!!!