Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak
Etorkizuneko irakaslea marrazteko pedagogia egunak
Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoen 25. ekitaldiak urteurrenaren tamainako egitaraua eduki zuen
“Hezkuntza loraldatzen. Etorkizuneko irakasleari begira” lelopean.
“Hezkuntza loraldatzen. Etorkizuneko irakasleari begira” lelopean egin ziren Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak, Hernaniko Orona Ideo aretoan, martxoaren 2an eta 9an.. Leloari men eginez, paisaia loretsu batean egin ziren jardunaldiak. Hogeita bosgarren jardunaldiak izanik, urteotan guztiotan ikastolek pedagogia gizarteratzeko egindako lana balioan jartzeko ere balio izan zuten.
Irakaslearen jardunean jarri zituzten fokuak jardunaldiok, eta hain zuzen ere irakaskuntza hobetzeko praktika gogoetatsu sistematikoaz aritu ziren lehenbiziko egunean. ANGELS DOMINGO pedagogia doktoreak eman zuen hitzaldi-tailerrarekin abiatu ziren. Bartzelonako Escalae institutuko kide eta irakasleen prestakuntzarako ‘Práctica Reflexiva’ plataformaren sortzaileetako bat da Domingo. Bere alboan izan zuen FEDERICO MALPICA pedagogia doktore eta Escalae institutuko zuzendaria.
Irakasleek eguneroko praktikaren gainean gogoeta egin eta gogoeta horren ondorioz ekintzak aukeratu eta praktikan jartzea proposatzen du Domingok; praktikaren gaineko gogoeta sistematikoa, irakaskuntzaren hobekuntzara zuzendua. Ordu eta erdiz egiteko horren ezaugarriak eta praktikara eramateko moduak azaldu zituen Domingok, eta, ondoren, tailer bat egin zen jardunaldietara joandako irakasle, pedagogo eta hezkuntza adituekin. Azkenik, tailer horretako emaitzak bildu eta ondorioak atera zituzten.
Bigarren eguenan, berriz, ARITZ ANASAGASTI emozioez eta haien kudeaketaz, hezkuntza emozionalaz mintzatu zen jardunaldietan. Emotional Network erakundeko zuzendaria da Anasagasti, psikologo eta psikoterapeuta, irakasle eta prestatzailea. Bere taldean landu duten VEC Lotura Emozional Kontzientearen eredua aurkeztu zuen, eta eredu horrek irakasleari nola lagun diezaiokeen azaldu.
Jardunaldion bigarren saioa nor bera izatetik abiatu bazen, lanbideaz jardun zen bigarren hizlaria, FRANCESC IMBERNON. Irakasle ofizioaz eta bokazioaz aritu zen; egiteko zail baina atseginaz. Didaktika eta Hezkuntza Antolaketako katedraduna da Imbernon, Bartzelonako Unibertsitatean, eta urteak eman ditu bere jardunean. Irakaslearen gaur egungo eginkizuna hizpide hartuta, entzuleria konkistatu zuen bere jardunarekin.
Azkenik, etorkizuneko irakaslea marraztu zuten ARANTZA OZAETAk eta BEGOÑA PEDROSAk. HUHEZI fakultatean etorkizunean irakasle izango diren ikasleekin zer eta nola lantzen ari diren aurkeztu zuten fakultateko dekanoak eta Graduondo eta Etengabeko Prestakuntza arduradunak.
Jardun interesgarri eta luzeak izan ziren bi egunetakoak; trinkoak eta mamitsuak. Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoen 25. ekitaldiak urteurrenaren tamainako egitaraua eduki zuen. Formatua ere berritzailea izan zen aurreko ekitaldietatik alderatuta. Goiz osoko bi saio izan ziren, eta ez ziren jarraiak izan, bi ostiraletan egin baitziren.
Jendearen parte-hartzea ere halakoxea izan zen: lehen egunean 160 irakasle eta hezitzaile agertu ziren; bigarrengoan, berriz, berrehun. Eta jardunaldien gaineko oso balorazio ona egin zuten, gainera.
25. JARDUNALDIAK
Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak izan ziren aurtengoak eta ibilbide luze hori erakutsi nahi izan zen jardunaldien hasiera ekitaldian. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk berak esan zuen moduan, pedagogiaz hitz egin, pedagogiaz hausnartu, eta apustu pedagogiko berriei ekiteko foroa izan dira eta dira jardunaldiok. Baita ikastolen lana balioan jartzeko eta ikastolen lanaren erakusleiho izateko ere.
“Jardunaldiotan oinarri sendo batzuk jarri ditugu, gero ikastolara eraman ditugun proiektu berriak ezartzeko”, nabarmendu zuen Tellituk. “Gutxi batzuk aipatzearren, ikastolok aurrera eramaten ari garen hezkuntza eraldaketaren isla diren zenbait aipatuko ditut: Konpetentzietan oinarritutako pedagogiaren gainean egindako jardunaldiak, haur eta lehen hezkuntzari buruzkoak, KIVAri buruzkoa, iazkoak beraiek … Horiek ondoren ikastoletara eraman ditugun proiektuen ernamuinak izan dira: euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako pedagogia, haur hezkuntzako markoa, KIVA programaren ezarpena, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra …”, azaldu zuen.
Hogeita bost urteko ibilbidea marrazteko erakusketa bat ere jarri zen Orona Ideoko aretoaren hall-ean, eta bideo labur batean ere laburbildu zen Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoen mende laurden honek eman duena.
HEZKUNTZA SAILA, ITXIERA EKITALDIAn
Hezkuntza alorreko eragileak, sindikatuetako ordezkariak, euskalgintzakoak, alderdi politikoetakoak ere izan ziren gonbidatu gisa jardunaldiotan. Baina Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak egiten direnetik, lehen aldiz ez zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkaririk izan hasiera ektialdian. Koldo Tellituk deitoratu egin zuen hutsune hori. Baina huts egite hori, bigarren saioan konpondu zen, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat agertu baitzen itxiera ekitaldira, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea buru zuela. Tellituk ongietorria egin zien eta eskerrak ere eman zizkien, eta astebete lehenago agertu ez izanak sorturiko kezkak uxatu zaizkiela ere azaldu zuen. Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak amaituta, 26.goak prestatzen hasi dira jada, urteurrenak ospatzeko ere badiren arren, aurrera begira jartzeko ere balio dutelako.
HUHEZI
BEGIRADA ALDAKETA, ETORKIZUNEKO IRAKASLEAK SORTU ETA PRESTATZEKO
Irakasle eskolan egiten ari diren eraldaketa azaldu dute HUHEZIko arduradunek
Eskoriatzako irakasle eskolak 41 urte daramatza irakasle berriak sortzen eta prestatzen. Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean integratuta, eraldaketa prozesu batean murgilduta dabil helburu jakin batekin: beste modu batera irakatsi, beste modu bateko irakasleak sortzeko, etorkizuneko irakasleak sortzeko. Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoetan HUHEZI fakultatea egiten ari den eraldaketa horren berri eman zuten fakultateko dekano BEGOÑA PREDROSAk eta Graduondo eta Etengabeko Prestakuntza arduradun ARANTZA OZAETAk.
“Duela bi urte hasi ginen hausnartzen nolako irakasleak behar genituen. Bartzelonara joan ginen, orain modan dagoen gisan. Harremanetan jarri ginen, pentsatzen hasi ginen; ikaste emaitza, konpetentziak… eta gure curriculumari buelta bat eman behar geniola ikusi genuen. Eta hor hasi ginen hausnartu eta egin… kanpora ere joan ginen, maletak egin eta Europara, Ameriketara … han ikusi, hona ekarri … Mundura begira jarri ginen, hainbat unibertsitate ezagutu ditugu, eta guztietatik zerbait hartu dugu. Hezkuntza eredu desberdinak, egiteko modu desberdinak, ulertzeko eta pentsatzeko modu desberdinak… eta hortik elikatu dugu hurrengo prozesu guztia”, azaldu zuten HUHEZIko bi arduradunek. Berritzea pentsatu zuten, gizartearen “irakurketa sakon bat” eginez. “Gizartea eta eskolaren arteko harremana, zubi hori eraiki nahi genuen. Irudikatu dugu hemendik hamar urterako gizartea, eta mundu guztiz berria irudikatu dugu. Irudikatu dugu mundu konektatuago bat, klima aldaketa, populazioaren zahartzea, aniztasuna, desberdintasuna (irabazietan eta beste aspektu batzuetan). Eta hortik joan gara datorren munduaren irakurketa bat egiten, eta gure hezkuntza proiektura ekartzen”.
Mundu berri horretan aurrera egiteko beharrezko ezaugarriak ere identifikatu dituzte. “Garbi dugu bizialdi osoan izango garela ikastunak. Horrek esan nahi du garrantzitsua ez dela soilik ikasten ikastea; desikasten ere ikasi behar dugu. Jakintza berri pilo bat sortzen ari da egunero. Irakasle jendea beti egon behar dugu etengabeko ikaskuntzan murgilduta. Aniztasuna da beharrezko beste elementu bat: buru irekitasuna, hizkuntzak menderatzea… Eta, noski, aldaketara moldatzen ikasi behar dugu. Aldaketak iraun egingo du; moldatzen jakin beharko dugu, beraz, eta aldaketa horretan ondo bizitzen ikasi”. Testuinguru hori ikusita, irakasleak sortu eta prestatzeko prozesuan ere eraldaketaren beharra ikusi dute, eta martxan jarri dute curriculum berri bat. “Jakintza arloak hor daude, baina erdian jarri duguna da pertsona; subjektu sozial indibidual, kultural baten koadroa egin dugu. Eta hau da gure ardatza”.
CurrIculuma jaun eta jabe da oraindik, “baina guk pertsona ekarri nahi dugu erdira, aldatu egin nahi dugu”, diote. “Gizarte aldakor honetan, pertsonak hainbat lanbide joan-etorri pertsonal eta profesional izango ditu. Guk hemezortzi urteko pertsona hori hartu behar dugu eta bere ibilian lagundu, ahaztu barik profesional on bat izan behar duela”. Curriculum berri bat ari dira diseinatzen pertsona hartzen duena erdian, ezaugarri pertsonal batzuk hartzen dituena erdian, eta elementu profesionalak periferian, bere inguruan. Zertarako? “Gizarte eraldaketarako; hau da gure misioa, kooperatibarena, eraldaketa sozialerako agenteak behar ditugu. Gakoa da nola lortzen dugun ni hori gu izatea, eta eragitea”, azaldu dute.
Eta irudikatu dute lanbideari lotutako curriculumaz gain, nolako pertsonak hezi nahi dituzten, nolako profesionalak irtengo diren: testuinguru euskaldunean sustraitua eta komunitatearekin konprometitua, jasangarritasunaren begiradatik; norberaren buruarekin eta lanbidearekin konprometitua; pertsona kooperatiboa eta justizia sozialari begiratuko diona; sortzailea eta eraldatzailea; autonomoa eta bizialdi osoko ikastuna; pentsamendu kritiko eta analitikoduna; ziurgabetasuna eta frustrazioa kudeatzeko gaitua; kontzientzia eta komunikazio kultura-arteko, eleanitz eta multimodularra izango duena.