IKASTOLA 228 > elkarrizketak > Irakaskuntza eredu zaharkituak desikasten ikasi behar dugu

Ikastolen 25. Jardunaldi Pedagogikoak

Irakaskuntza eredu zaharkituak desikasten ikasi behar dugu

ANGELS DOMINGO, Pedagogia doktorea

Bartzelonako Escalae institutuko kide eta irakasleen ‘Práctica Reflexiva’ plataformaren sortzaileetako bat da.

Irakasleen prestakuntzarako ‘Práctica Reflexiva’ plataformaren sortzaileetako bat da Domingo. Berak eman zien hasiera Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoei, Federico Malpicarekin elkarlanean gidatu zuen hitzaldi-tailer baten bitartez.

- Ongi prestatzen ari al dira etorkizuneko irakasleak unibertsitateetan?
Uste duguna baino hobe. Dena den, prestakuntza gehiago behar ditugu, irakasle izatearen konpetentzia espezifikoei dagokienean. Zehazki horixe da hobetzeko elementuetako bat, nagusia esango nuke.
Ikasleen irteera profilaz asko hitz egiten da, baina zein profil eduki beharko luke irakasle batek eskola batean sartzean?
Interesgarria da galdera hori. Gaur egun ez dago ezarrita, ez dira eskakizun bereziak egiten. Halere, konplexutasun handiko lanbide bat da, eta oso profesional konpetenteak eta prestatuak exijitzen ditu gelan dagoen konplexutasuna, aniztasuna, kudeatzeko. XXI. mendeko gizarteak irakasleei eskatzen diena da, bereziki, jakintzaren transmisore izateari utzi eta aprendizaia prozesuen diseinatzaile, kasik ingeniari, izatera eralda daitezen.

- Zer konpetentzia garatu beharko lituzke irakasle batek bere jardunean?
Hainbat konpetentzia garatu behar ditu. Baina, batez ere nabarmenduko nuke  gogoetarako konpetentzia, konpetentzia erreflexiboa; irakaskuntza-ekintzaren gainean gogoeta egiteko gai izatea, etengabe hobetzeko,  eta ikastoletako geletan planteatzen diren beharretara egokitzeko.
Ikasgeletan esperientzia baduten irakasleez mintzo, zer esan nahi duzu irakasleek desikasten ikasi beharko luketela diozunean?
Erantzun labur bat emanez, baina pentsamendu hau ilustratzeko baliagarria dena, izango litzateke, adibidez, nik XIX. mendeko ideia pedagogikoetan oinarritutako prestakuntza jaso nuen XX. mendeko unibertsitatean, eta XXI. mendeko irakaslea naiz. Hiru mendeez ari naiz. Horregatik uste dut mende honetako konpetentzia oinarrizkoetako bat dela irakaskuntza eredu zaharkituak desikasten ikastea, transmisio hutsean oinarritutakoa, adibidez. Aldaketa behar da, eta horregatik konpetentzia nagusietako bat da baliagarri ez den hori desikastea, baliagarri diren batzuk ikasi eta aplikatzeko.

- Nola laguntzen du praktika gogoetatsuak, “Práctica reflexiva” deitzen diozun horrek, irakasle baten jardunaren hobekuntzan?
Praktika hori susperraldian dago mundu osoan, irakasleen garapen edo prestakuntza alorrean. Eta hain azkar hedatu izanaren arrazoi nagusietakoa da prestakuntza hori ez dela sekula lanean ari den ikastetxetik kanpo gertatzen, baizik eta beti norbere testuinguruan izaten da. Beraz, ez dago arriskurik prestakuntza alde batetik joateko eta lanbidearen hobekuntzaren praktika beste batetik. Aitzitik, lanbide praktikaren gogoeta hobekuntza ezarriko den ikastetxean bertan eta lankideen artean egiteak aurrerapausoak ematea ekartzen du.

- Labur esanda, zertan datza praktika gogoetatsua?
Labur esanda, estrategia bat da, irakasleen auto-formazio eredu bat da, ahal dela kolektiboa, praktika hobetzera zuzendua. Hori izango litzateke deskribapen azkar bat. Eta sistematikoa da. Hau da, praktika gogoetatsuak denok gure lanaren inguruan egiten dugun gogoeta intuitiboa eraldatu nahi du gure praktikari onura ekarriko dion gogoeta metodologiko batera igarotzeko.

- Praktika gogoetatsua, hobe taldean bakarka baino?
Dudarik gabe. Aberasgarriagoa da; baina horretarako aukerarik ez balego, gogoeta indibidualak ere beti lagunduko du hobeto lan egiten.

- Zenbat pertsonaz osatutako taldeaz ari zara?
Zenbaki zehatzik ez dut, baina denok gai baten inguruan gogoeta egin behar badugu denok hitz egin eta pentsatu ahal dugun kopuru bat izango litzateke. Praktika gogoetatsua ezarrita duten ikastetxeetan, talde txikiak osatzen dira, jorratuko dituzten gaiekiko interesa duten eta elkarrekin konfiantza duten kideez osatua, elkarrekin hobetu nahi duten kideez osatua.

- Talde homogeneoak ala heterogeneoak hobe?
Eguneroko jardunari begira, hobe homogeneoak badira, etapa edo gela bereko ikasleez osatua. Aldiz, hezkuntza ereduaz edo pedagogia ereduaz hitz egin eta diseinatzeko, talde heterogeneoak osatzea komeniko litzateke.

- Egungo egitekoetarako dagoeneko denboraren kudeaketa oso zaila dela kontuan hartuta, nola ezarri praktika gogoetatsua irakasleria gehiago estutu gabe?
Oinarrizkoa da hori. Esperientziatik mintzatuko natzaizu: praktika hau aurrera eramaten ari garen zentroetan egin duguna izan da lehen bileretan presentzia eskatzen zuten zenbait gaietatik denbora erreskatatzea; bilera horiek elkarri pasatzen dizkiogun dokumentu bihurtu ditugu, eta denbora hori erabili dugu gure lanbidearen egitekoak hobetzeko praktika gogoetatsuaren bitartez. Kudeaketarako erabiltzen genuen denbora hori eskuetan dugun teknologia aprobetxatuz aurreztu dugu, eta prestakuntzara bideratu dugu.

- Zure planteamenduak auto-ebaluazioan eta ko-ebaluazioan indarra jartzen du; zer iritzi duzu, ordea, kanpoko ebaluazioen inguruan? Baliagarri eta justuak iruditzen zaizkizu PISAren moduko nazioarteko informeak?
PISA informeak OCDEk egiten ditu. Beraz, hezkuntza mailan enpresaren esku-hartze bat dago hor, emaitzak estandarizatu ahal izango balira bezala testuinguruak eta abiapuntuak hain desberdinak izanik. Ebaluazio sistema hori ez da justua, ez bere baitan usteldurik dagoelako, baizik eta oso egoera desberdinak dituzten herrialdeen emaitzak alderatu nahi dituelako. Ekuador edo Finlandia, parekagarriak al dira? Ez dut uste. Beraz, emaitza estandarizatu batzuk ematea hezkuntza errealitate askotarikoen artean emaitzak faltsutzea litzateke; azken batean berdintasunaren eta ekitatearen artean dagoen desberdintasuna bezalakoa da.

 

ikastola 228
2018 Apirila
228