IKASTOLA 201 > erreportajeak > SEM@S: EUROPAKO IKASKIDEEKIN MEMORIA HISTORIKOA LANTZEN
SEM@S: historia, lekukoen ahotik
Jonathan Even-Zoharrek dinamika handian sartu zituen mintegian parte hartutako guztiak. Jonathan, Europako Historia irakasleen Elkartekoa da
Aranzadiko Mikel Errazkin eta Paco Etxeberria Gabilondo (laugarrena) eta EHIko Manu Aurrekoetxea, Imanol Igeregi eta Abel Ariznabarretarekin batera
Arkivet. Kristiansand-etik etorritakoak, Norvegia.
Futura Spa. Boloniako ordezkariak, Italia.
Aranzadiko Rosa Martinez eta Paco Etxeberria Gabilondo, Imanol Igeregirekin batera, ekitaldiari hasiera ematen
Azaroaren 16an, Ikastolen Etxean antolatutako mintegian parte hartutako lagunak

HISTORIA, LEKUKOEN AHOTIK

SEM@S: EUROPAKO IKASKIDEEKIN MEMORIA HISTORIKOA LANTZEN

SEM@S (Sharing European Memories At School) proiektuak bazituen hiru abantaila garbi: batetik, memoria historikoa lantzen zuen, gurean gaurkotasun handia duen gaia (Gernikako bonbardaketaren 75. edo Nafarroako konkistaren hasieraren 500 urteurrenak, eta historia hurbilagoaren ‘kontakizuna’ bera). Bestetik, konpetentzietan oinarritutako ereduarekin lan egiteko aukerak ematen zituen;  eta, hirugarrenik, Europako kideekin partekatzeko aukera eskaintzen zuen, ikastola gehienetan DBH3 eta 4n Gizarte Zientziak ingelesez irakasten direlako.

Mikel Errazkin Aranzadiko ikertzailea eta SEM@S proiektuaren koordinatzaileak modu oso grafikoan azaldu zuen proiektuak metodologia aldetik eskaintzen duen aukera berritzailea: “Kimikan onartuta daukagu gure ikasleek laborategian ordu batzuk egin behar dituztela ikastorduetan. Gizarte Zientzietan ere onartu behar genuke tarteka testu liburuak gelan utzi eta ikerketa egitera atera behar dutela”, esan zuen.

SEM@S (Sharing European Memories At School) proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatu zuen, eta bertan, azken bi ikasturteotan, Europako sei erakundek eta beste hainbeste ikastetxek hartu zuten parte, tartean Santo Tomas Lizeoak. Proiektuaren bukaera gisa, Ikastolen Elkarteak mintegia antolatu zuen, azaroaren 16an, Ikastolen Etxean; mintegi horretan Europatik parte hartu duten erakundeetako ordezkariak izan ziren.

Konpetentzietan oinarritutako ikaskuntzarako memoria historikoaren lanketa oso interesgarria izan zitekeela ohartu ginen. Eredu horretan ez dira eduki kontzeptualak bakarrik lantzen, jarrerazkoak eta prozedurazkoak ere landu behar baitira, eta horretarako aproposa zen proiektua, izan ere ikaslea gelatik atera eta bere ingurua aztertzera bultzatzen baitzuen. Oraindik ere Gizarte Zientzietan ikasleei egitateak transmititzen saiatzen gara, alegia, urteak, ekintzak eta pertsonaiak. Proiektu honetan, ordea, ikerketa-prozedurek dute garrantzia. Bestalde, hezkuntzaren egiteko nagusienetako bat ikaslearen sozializazioa da. Gaurko ikasle baten ingurunea oso da zabala IKTei esker, baina, aldi berean, belaunaldien arteko transmisioa ahuldu egin zaio, eta hori berreskuratzen laguntzen zion proiektuak”, jarraitu zuen Mikel Errazkinek.
SEM@S (Sharing European Memories At School) proiektuak aurrekari bat izan zuen 2008-2009 ikasturtean, Europako Kultura eta Hezkuntza Agentziaren Kultura programako SEME proiektuan hartu baitzuen parte Aranzadi Zientzia Elkarteak. Orduz geroztik hasi ziren memoria historikoaren proiektua bideratzen. Anoetako Herri Ikastolak hartu zuen parte lehen esperientzia hartan, Mikel Errazkin bera ikastolako irakasle eta ikasle ohia zelako orduan eta, esperientzia hori burutu ondoren, hasi ziren Comenius programaren barruan orain gauzatu den proiektuarekin.

Zazpi erakunde, sei ikastetxe
Harri Beobidek, Ikastolen Elkarteko Gizarte Zientzietako ikasmaterialen arduradunak, kontatu zigunez, proiektuak Europako sei esperientzia pilotu bildu ditu. Aranzadi Elkarteak koordinatu du eta, Euskal Herriko kasuan, Santo Tomas Lizeoak hartu du parte. “Historia idatzia ez da baztertu, baina ahozko historiari lekua egin zaio. Ikasleak lekukoen bila joan dira eta elkarrizketak egin dizkiete. Ikasleak ohartu dira beren aitona-amonak historiaren parte izan zirela, eta gertakizun haiek nola bizi izan zituzten jasotzen aritu dira. Santo Tomas Lizeokoek Aranzadik prestatutako plataforma digitala, eta metodologia aldetik elkarte honen esperientzia baliatu dituzte. Tarteka autoebaluazioak egin eta historia idatziarekin kontrasteak eginez joan dira aurrera. Azkenik erakusketa bat antolatuz bukatu dute esperientzia. Hiru hilabeteko lana izan zen, martxoan hasi eta ekainera bitartekoa”, esan zuen.

Zazpi ikastetxeren arteko harremanak hasieran eta bukaeran bideratu ziren. “Lanak partekatzeko bi konferentzia antolatu zituzten Skype bidez. Lehendabizikoa elkar ezagutzeko izan zen eta, gehienbat, futbolaz eta horrelakoez hitz egiten eman zuten denbora. Bigarrenean, egindako lana partekatzen aritu ziren. Donostiarrek Esloveniako Kranj-eko ikastetxe batekin eta Poloniako Poznangoekin egin zuten trukea. Bi gai nagusiren inguruan landu dute memoria historikoa: batzuk Bigarren Mundu Gerraren inguruan aritu dira, eta industrializazioaren inguruan, besteak. Europako herrialdeetan gerrari buruzko historia politikoa oso landurik dute, baina gisa honetako proiektuekin historia soziala txertatzen saiatzen dira”, erantsi zuen Errazkinek. Donostiako kasuan bertako Bigarren Industrializazioan (1950-1970) burututako gizarte aldaketak aztertu zituzten. Proiektuaren aurrekontuaren %75 Europako Batasuneko Comenius programak ordaindu du.

Aurrera begira, Gizarte Zientzien alorreko Joxin Azkuek gogoratu zuenez, Ikastolen Elkarteak badu asmoa gisa honetako proiektuak bultzatzeko. “Ikastola bakan batzuekin bada ere, jarraitu nahi genuke memoria-historikoaren arloa lantzen. Baina edozein modutan garrantzitsuena historia lantzeko modu hau zabaltzea da”, esan zuen. Manu Aurrekoetxeak, Ikastolen Elkarteko Bigarren hezkuntzako arduradunak, gogoratu zuenez, “motibazioa askotan kanpotik sorrarazi behar den osagarria bezala ulertzen dugu, eta proiektu hauetan, aldiz, lanak berak sortzen die motibazioa, lana bera baita pizgarri. Baina metodologia hauek ziurgabetasuna sortzen du irakasleen eta ikasleen artean, orain artean azterketari begira ikasten ohituta daudelako. Eta konpetentzietan oinarritzen den irakaskuntzak beldur hori gainditzea eskatzen du”.

Mintegia Ikastolen Etxean
Sem@s proiektuari amaiera emateko ekitaldia, azaroaren 16an, Donostiako Ikastolen Etxean izan zen, eta Gizarte Zientzietan lan egiten duten ikastoletako irakasleei proiektuaren ondorioen berri jakiteko aukera eman zitzaien. SEM@Sen parte hartu duten Europako erakundeak bildu ziren bertan:  Futura Spa (Bolonia, Italia), Arkivet (Kristiansand, Norvegia), Adam Mickievicz Unibersitatea (Poznan, Polonia) eta Kranj-eko Udal Liburutegiko (Kranj, Eslovenia). Ekitaldi horretan bertan, Euroclio, Europako Historia Irakasleeen Elkarteko Jonathan Even-Zoharrek tailer bat eman zuen.

Mintegia ingelesez egitea ez zen eragozpena izan, ia ikastola guztietan ditugulako Gizarte Zientziak ingelesez ematen ari diren irakasleak. Eguna amaitutakoan, bertaratutako irakasleen artean egin dugun galdeketak erakutsi digu oso ekitaldi interesgarria izan zela. Gonbidatu multzo bat ere bildu genuen. Guztira 60 bat lagun izan ziren mintegian”, esan zuen Harri Beobidek. “Gure irakasleek ikusi zuten memoria historiakoaren kontua eta konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza ez direla gureak bakarrik diren kezkak, Europako herrialde guztietan lantzen ari diren bideak baizik”, erantsi zuen Aurrekoetxeak.

ikastola 201
2012 Abendua
201