Hedabideak
Ikastolen Elkarteak bat egin du Berriaren Geroa Zugan kanpainarekin
Konpromisoa hartu du ikastolen eremuan BERRIAlagunak egiteko kanpaina burutzeko
Euskaraz argitaratzen jarraitzeko babes ekonomikoa behar du.
Euskara hutsezko egunkari nazional bakarra dugu, eta hark kalitatezko informazioa euskaraz argitaratzen jarraitzeko babes ekonomikoa behar du. Hamabosgarren urteurrena betetzear da Berria, eta horren harira abiatu duen Geroa Zugan kanpainarekin bat egin du Ikastolen Elkarteak, herritik sorturiko ekimena izaki, Berria egunkariak ikastolen oinarriarekin bat egiten duelako, alegia, herritik eta herriarentzat sortu zelako.
Ikastolen Elkarteak bat egin du BERRIA Berri taldeak sustatutako ‘Geure oinarrietatik’ manifestuarekin, eta konpromisoa hartu du ikastolen eremuan BERRIAlagunak egiteko kanpaina burutzeko. Manifestua abenduaren 1ean aurkeztu zuten euskal kulturako eta hezkuntzako hemezortzi lagun ezagunek, eta BERRIA berri taldea osatu zuten. Hamabost urte beteko ditu Berriak 2018ko ekainean, eta urteurrenaren harira beste jauzi bat eman nahi BERRIAlagun berrien bultzadarekin, egitasmoak aurrera egin dezan ziurtatzeko. Herritarren eta administrazioaren "konpromisoa" eskatu dute horretarako.
Ikastolen elkarteko eta BERRIA Taldeko ordezkariak Berriaren egoitzan egin zuten bilera, Geurea Zugan kanpaina aurkeztu zieten kazetako ordezkariek. Bileran parte hartu zuten Koldo Tellituk, Jose Luis Sukiak eta Idurre Maortuak, Ikastolen Elkartearen izenean, eta Martxelo Otamendik eta Iban Arregik, Berriarenean.
Berria taldearen asmoa da herritarrek bai egunkaria eta bai Interneteko edukia babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Egunkaria diruz erosten da, baina sareko edukia doan eskaintzen du Berriak. Azken urteotan publizitateak behera egin du, eta egunkari salmentetan ere beheranzko joera nabaritu du Berriak. Sarean, ordea, besterik da, gero eta irakurle gehiago dituelako. Publizitateak, aldiz, ez du etekinik ematen sareko edizioan
“Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta euskaldunen eskubidea, euskaraz informatua izatea”, azaldu zuten Berriako ordezkariek.
Ikastolen Elkarteko ordezkariek, berriz, konpromisoa hartu zuten kanpaina ikastolen komunitate osora hedatzeko. Kanpainarekin bat egiten duten ikastolakideek, gainera, abantaila bereziak izango dituzte eta bi hilabetez egunkaria doan jasoko dute etxean, asteburuetan. Informazio gehiago nahi izatera, jo zeure ikastolara.