Hezkuntza eraldatzen
Ikastolak, hobekuntza pedagogiko iraunkorra ezartzen
Hemeretzi ikastola hasi dira ikasturte honetan; proiektua ikastola guztietara hedatzea da xedea
Ikastola bakoitzak ezarritako ikasleen irteera profila ziurtatzeko, garatzeko eta aurrera eramateko ikasgelan behar diren hobekuntza pedagogikoak aztertu, diseinatu eta ezartzeko eta hobekuntza horiek denboran irauteko prozesua abiatu dute hemeretzi ikastolak, Ikastolen Elkartearen aholkularitzarekin. Ez da etapaka diseinatutako plangintza bat; aitzitik, klaustro osoa dago inplikatua hobekuntza pedagogiko iraunkorrean, hobekuntza ikastolako gela guztietara eraman nahi delako.
Denbora zen Ikastolen Elkartetik horrelako aholkularitza zerbitzu bat eskaini nahi ziela ikastolei. Aurretik ere egin ziren hobekuntza pedagogikorako esku-hartze batzuk EHItik, baina mugatuak (bost-sei ikastolatan) eta partzialak (etapa bakar edota alor batzuetan) izan ziren. Baina lan horretatik ondorioak ere atera zituzten, eta nagusia izan zen ikastolek horrelako esku-hartze bat nahi zutela.
Ikastolen Elkarteko Pedagogia arduradun Abel Ariznabarretak azaldu digu, zergatik orain baden unea horrelako esku-hartze baterako: “Beharrezkoa ikusten genuen aurretik ere gai honi heltzea, baina oraintsu arte ikasmaterialgintzan jarriak genituen indar guztiak, DBHko EKI proiektuan. Hura amaitu denean, ikusi dugu, batetik unea aproposa zela, eta, bestetik, lan horretan aritzeko ditugun adituak horri ekiteko moduan zirela, orain arte DBHko materialen diseinuan eta sorkuntzan aritu direlako, eta orain, karga hori arindu zaielako”.
Unea aproposa zen, izan ere, Euskal Curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutako proiektua ikastoletan ezarria dagoen arren, hura gelan nola ezartzen ari den aztertzeko unea da, gelan sartu eta praktika aztertzekoa eta hobekuntza pedagogikoak ezartzekoa.
HPI Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorrerako, Kataluniako Escalae institutuak proposatzen duen ereduaren aldeko hautua egin da, baina ikastolen errealitatera, behar izanetara eta erritmoetara egokitu du Ikastolen Elkarteak. “Ikastoletan HPI ezartzen laguntzeko bideratzaileak Ikastolen Elkartekoak izan behar zutela argi genuen hasiera hasieratik. Ikastolen errealitatea ongi ezagutzen dute, eta, gainera, orain ikastoletan erabiltzen ari diren materialen egileak dira. Escalaeren egitekoa da gure bideratzaile taldea prestatzea eta haien jarraipena egitea”, azaldu digu Ariznabarretak.
11 kidek osatzen dute bideratzaile taldea, eta aurtengo ikasturtean hemeretzi ikastolatan hasi dira HPI ezartzen. Baina HPIren benetako protagonistak irakasleak dira, irakasle guzti guztiak. “Ikastoletako zuzendaritzek paper garrantzitsua jokatzen dute, baina klaustro osoak dira benetako protagonistak”, diosku Ariznabarretak
Klaustro osoa protagonista izanik, eta irakasle guztien parte-hartzea eskatzen duela aintzat hartuta, hasiera batean egiteko zaila aurreikusten bazen, erantzunak zalantza guztiak uxatu ditu. “Harrera oso ona izaten ari da. Hasieran kezkak zeuden klaustro osoak batzerik izango zuten ikastolek. Zuzendaritza taldeetako eurek sorpresa pozgarria hartu dute jaso duten erantzunarekin. Era berean, irakasleak beraiek ere oso gustura daude, kasu batzuetan lehenengo aldiz ikastolako irakasle guztiak parte hartzen ari baitira horrelako proiektu batean, denak elkarrekin”.
Hobekuntza pedagogiko iraunkorrerako eredua
HPI lantzeko aukeratu den ereduak triangelu baten forma du: erdian ikaslea kokatuta, erpin bakoitzean egongo lirateke aholkularitza taldearen garapena, irakasleen praktiken azterketa eta berrikuntzen ezarpena. Daukan ezaugarri nagusia da praktikan oinarritzen dela. “Praktikaren gaineko gogoeta oinarriztatua da xedea, hau da oinarrriztapen teoriko batekin baina praktikaren gogoetari lotua. Fokua jartzen da praktikan; beste aspektu batzuk ere badaude, baina horiek praktikaren gogoetaren inguruan aztertuko dira”.
Hobekuntza esparruak detektatu behar dira egiten ari diren azterketan, definitu zeintzuk diren hobetzeko esparruak. Escalaek hobekuntzarako hamasei eremu aurreikusten ditu (ikusi ondoko taula), eta hori hartu da abiapuntutzat. “Progresiboki ikasturte bakoitzean launa eremu lantzea proposatzen da; horrela, lau urteren buruan, plan estrategiko bat osatuko litzateke, baina plan hori egiten ari den heinean aplikatzen ere joango litzateke. Eta plan guztia garatzeko beste lau urte beharko lirateke”, azaldu du Ariznabarretak.
Plan estrategikoaren lanketa eta garapena zortzi urteko prozesua litzateke, beraz. “Lehen urtean plan estrategikoaren gidalerro komun bat ezarriko da, hurrengoan beste bat… lau urterekin hamasei esparruak jorratuta, diagnostikoak eginak, hobekuntza guneak detektatuta, lehentasunak ezarrita, gidalerro komunak definituta egongo lirateke. Hori egingo dugu lehenbiziko lau eremuekin, eta hurrengo ikasturtean hasiko gara horren inplementazioan eta, aldi berean, beste lau eremu jorratzen”.
Ikasleen irteera profiletik abiatuta
HPI ezartzeko, ikaslearen profiletik abiatzen da.Ikastolan egindako ibilbidearen amaieran ikasleak lortzea espero dena jasotzen du ikaslearen irteera-profilak. Horixe da, hain zuzen ere, hezkuntza komunitateak norabide berean aritzeko iparra. Fase hori dagoeneko egin dute aipatutako ikastolek. Klaustroek egin dute, eta azken erredakzioa zuzendaritzek.
Orain, berriz, ikasgelan egiten denak markatutako iparrarekiko duen koherentzia aztertzen ari dira. Praktikaren analisia egiten ari dira, diagnostikoa, autodiagnostikoa. Irakasle bakoitzari galdeketa luze bat eman zaio, praktikan egiten duena azal dezan. “Analisi horretatik aterako da zeintzuk diren praktika adostuak, irakasle gehienek partekatutakoak. Baina beste adierazle bat ere badago; irakasleei galdetzen zaie zein litzatekeen jokamolderik egokiena lortu nahi den profila eskuratzeko. Hortik aterako da zeintzuk diren, irakasleen ustez, jokamolde egokienak, eta hortik ondorioak aterako dira: ikusten bada gabeziak daudela jokamolde horietan, hobetzeko tartea egongo da. Eta aldiz, jokamolde egoki horietakoren bat dagoeneko irakasle askok praktikara eramaten badute, jokamolde hori sendotzeko neurriak hartuko dira”.
Irizpide guzti horien arabera, lehentasunezko hobekuntza esparruak definitzea da azen xedea. Aste Santuaren bueltan egitea aurreikusten da. Aurten jada gidalerro bat definituta geratzea da garrantzitsua eta heldu den ikasturtean martxan jartzea, eta beste lau eremuri ekitea. “Aldiko aldaketa edo hobekuntza gutxi edo txikiak, baina esanguratsuak eta denboran iraunkorrak egitea da kontua, denen artean adostutakoak eta denek aurrera eramatekoak”, nabarmendu du Ikastolen Elkarteko Pedagogia arduradunak.
Gidalerroak definitu, zehaztu eta ezarpen prozesuaren jarraipena egiteko diseinu talde bat osatuko da ikastola bakoitzean. Diseinu taldearen osaketarako, irizpide moduan, etapa guztietako jendeak parte hartzea hobesten da, klaustroaren aniztasuna kontuan hartuz.
Egitasmoa ez da hemeretzi ikastola hauetara mugatzen. “Ikastola gehiago sartuko dira hurrengo ikasturtean. Ikusi egin beharko da zenbat gehiagori eskain geniezaiokeen aholkularitza, baina talde bezala, oso garrantzitsua litzateke orain edo beranduxeago, ikastola guztiak sartzea proiektu honetan”, esan du Ariznabarretak.
HPIren gakoak
Aholkularitza eredua: Triangelu baten forma du: erdian ikaslea kokatuta, erpin bakoitzean egongo lirateke aholkularitza taldearen garapena, irakasleen praktiken azterketa eta berrikuntzen ezarpena.
Ikasleen irteera profiletik abiatuta: Ikasleak ikastolako etapa amaitzerakoan lortu behar dituen helburuetatik abiatuta, eta helburu horiek lortzeko xedearekin, proposatzen dira gelan ezarri beharreko berrikuntzak.
Hamasei eremu: Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorrerako hamasei eremutan lan egingo dute ikastolek. Ikasturte bakoitzean lau garatuko dituzte, eta eremu horietako hobekuntzak planteatu, diseinatu eta martxan jarriko dituzte hurrengo ikasturtean.
Praktikan oinarritua: praktikaren gaineko gogoeta oinarriztatua da xedea, hau da oinarrriztapen teoriko batekin baina praktikaren gogoetari lotua. Fokua jartzen da praktikan; beste aspektu batzuk ere badaude, baina horiek praktikaren gogoetaren inguruan aztertuko dira.
Zortzi urte: Hamasei eremuak aztertzeko lau ikasturte erabiliko dituzte, eta, aldi berean, plan estrategikoa diseinatuko dute. Plana 2018-19 ikasturtean hasiko da ezartzen; ikasturte bakoitzean aztertutako eremuetarako diseinatutako hobekuntzak hurrengo ikasturtean ezarriko dira. Prozesu guztiak zortzi urte emango ditu.
Klaustroa: Ikastola da hobekuntzaren gunea. Zuzendaritzak paper garrantzitsu bat du, baina klaustro osoak du protagonismoa, bere osotasunean.
Bideratzaileak: Ikastolen Elkarteko 11 kidez osatuta dago bideratzaile taldea. Horiek dira ikastoletan Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorraren ezarpenean bideratzaile lanak egingo dituztenak.
Escalae: Kataluniako institutu entzutetsuarekin kolaborazio bat dago. Bideratzaileen prestakuntza eta jarraipena egiten du. Escalaek diseinatutako hobekuntza prozesua da, baina Ikastolen Elkartetik ikastolen errealitatera, behar izanetara eta erritmoetara egokitu da.
HPIrako eremuak
- Asmoen lorpena
- Asmoak eta heziketa-praktika
- Edukien sekuentziazioa eta antolamendua ikastetxearen curriculum proiektuan zehaztea
- Sekuentzia didaktikoen ezaugarriak eta irizpideak ezartzea
- Konpetentzia-osagaien baitako sekuentzia didaktikoak diseinatzea
- Ikasgelan garatu behar diren harreman interpertsonalak definitzea
- Ikasgelaren antolaketa sozialaren ezaugarriak zehaztea
- Heziketa-espazioak antolatzea
- Denboraren kudeaketaren ezaugarriak definitzea
- Baliabide didaktiko desberdinen betebeharra zehaztea
- Edukien aurkezpena ikuspegi globalizatzaile batetik ezartzea
- Ikaslearen segimenduak izan beharreko ezaugarriak ezartzea
- Estrategia metodologiko orokorrak ezartzea
- Ebaluazioaren ezaugarriak eta irizpideak zehaztea
- Irakasleen garapen profesionalerako neurriak definitzea
- Metodologiarako euskarri bezala eskola-antolaketa zehaztea