Ikastolen 25. Jardunaldi pedagogikoak
Hogeita bost bider loratutako jardunaldiak
Aurtengo ekitaldiarekin 25 urte beteko dituzte Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak
Kafe tertulia batean bildu ditugu gaiaz mintzatzeko.
Aurtengo ekitaldiarekin 25 urte beteko dituzte Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoek. Kafe tertulia batean bildu ditugu gaiaz mintzatzeko jardunaldion egungo koordinatzailea, 25 urteotan antolaketan dabilen arduraduna, erretreta hartu berri duen zuzendari beterano bat eta zuzendari gazte bat: Beñat Azurmendi, Arantza Munduate, Manu Olano eta Zuriñe Zorrozua, hurrenez hurren. Hau da solasaldiak emandakoaren laburpena.
BEÑAT AZURMENDI: 25 urte, 25 jardunaldi, gai desberdinak, batzuk oraintxe ere puri purian daudenak, eskuartean ditugunak. Zer datorkizue burura jardunaldi pedagogikoak esandakoan?ARANTZA MUNDUATE: Prestakuntza saio berezi bat, finkoa, talde lana, Gasteiz (urte askotan han egin ditugulako). 25 urte, kalerik egin gabe; urte asko dira! MANU OLANO: “Jardunaldi pedagogikoak” entzun, eta aukera bat ikusten nuen eguneratzeko, gure prestakuntzan aurrera egiteko eta erronka bat ere bai; eta kezka ere bai, batzuetan, jasotako hori gero nola zabaltzen den nola hedatzen den ikastolan. ZURIÑE ZORROZUA: Erronka hitza etorri zait, gero ikastolara eraman behar duzun hori delako, zelan gorpuztu ikastolan. Baliabide edo tresna ere bai. Eta azkeneko bi-hiru urteetan bihurtu dira abiapuntu bat. Jardunaldi hauetan hasi da prozesu bat, KiVa dela, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra dela … Berrikuntza hitza ere etortzen zait. Oraintxe jardunaldietara goaz jakitera zer erronka berri, zer urrats berri egiten dugun aurrera.
A.M.: Abiapuntu bezala balio izan dute. Jar dezagun gai bat martxan, zer datorren ikus dezagun, ikastoletan ezartzeko. B.A.: Zentzu hori badaukate, eta 1993an martxan jarri zirenean ere helburua hori zen, eta emaitzak ere hor daude. A.M.: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezartzera zihoan, kezka handia sortu zen, aldaketa handia zekarren ikastolaren antolaketan, ikasmaterialgintzan… Lehen jardunaldiak DBHko aldaketak ezagutzeko antolatu ziren, hurrengo biak Ostadarrren aurkezpen eta ezarpena izan ziren. Hortik aurrera izan dira gai desberdinagoak, zabalagoak, gure eredua zabaltzeko ere balio izan dutenak, ebaluazioa edo aniztasuna, konpetentzietan oinarritutako pedagogia... M.O.: Lehen jardunaldiak errealitate berri bati erantzuteko antolatu ziren. 25 urteotan denetariko kasuak izan dira. Baina abiapuntua zer behar dugun izatea interesgarria da. B.A.: Asko lagundu dute ikastolen erreferentzialtasuna agerian jartzeko, gizarte mailan ikastola mugimenduari erreferentzialtasuna ematen edo ikusgarri egiten lagundu diote. A.M.:Ikastolen Eredua zabaltzea eta kontrastatzea lortu da jardunaldien bidez. Z.Z.: Handitasun bat ematen dute jardunaldiek, beste dimentsio bat ematen diote prestakuntzari. Hara joanda, hainbeste lagun ikusita, banatzen den dokumentazioa, hizlarien itzal handia … A.M.: Ikastoletako esperientziak denei erakusteko ere balio izan dute. Ikastolen lana balioan jartzeko, praktika onak azalduz eta erakutsiz. B.A.: Bilakaera horretan ezagutzaren sarea osatu da, praktika onak erakutsi dira, ikastolen arteko gertutasuna erraztu da. Jardunaldi guztietan, ikastolen eredua zabaltzeko eta erreferentzialtasun horri laguntzeko balio izan dute. M.O.: Jardunaldien diseinuan, ikastolen ezagutza partekatzea garrantzitsua izan da. Kanpoko adituek liluratu gaitzakete, baina haiek esandakotik errealitatera distantzia handia egon daiteke. Ikastoletan gauza asko eta berriak egiten dira, eta horiek interesgarriak dira. Z.Z.: Ikastolen arteko desberdintasunak txikitzen dituzte jardunaldiek. Joaten zara eta ikusten duzu besteen moduan jardun dezakezula, eredu bat ezagutu eta hura zure ikastolan ere egin dezakezula. Ikastola handiak, txikiak, baliabide askokoak, gutxikoak elkartzen gara, eta elkar ezagutza horretatik dinamika berriak sortzen dira, elkarrekin lan egiteko esparruak zabaltzen dira. M.O: Esan duzuen hori oso garrantzitsua da. Behin baino gehiagotan joan naiz ni beste batek joan behar zuenean. Eta hori lortzen ari bada, oso positiboa da. B.A.: Bai, zaila da beti asmatzea. Baina ikastola osoa hartzen duen gai bat jorratu ahal izatea, eta, gainera, hori gero ikastolara eraman ahal izatea oso aberasgarria da. M.O.: Urrats esanguratsua da hori. Jardunaldietan, interesgarri izateaz harago ez gara joan batzuetan. Baina adibidez, KiVarekin edo Malpicarekin urrats oso esanguratsuak egin dira. B.A.: Jardunaldietan asko baloratu izan da entzutera joan soilik ez, parte hartzera ere joan direnean. Parte hartu duen horrek etxera joan behar du zerbaitekin, bere eguneroko horretan erabilgarri izango zaion tresna berri batekin. M.O: Zaila da askotan jasotako hori zabaltzea ikastolan. Ikastola ereduak abantaila badu horretan, baina kultura aldaketa batzuk ere eman behar dira. Askotan ez dakigu gela barruan zer gertatzen den, eta haraino iritsi behar dugu. Bestela, ez du balio. Kulturalki horretaraino iritsi behar gara, gelak ireki behar ditugu, eta ikusi zer egiten den ondo, zer ez; zerk balio duen, zerk ez. Z.Z: Hobekuntza plan bat bezala hartu behar dela uste dut. Bidean laguntza behar du. Eta azkeneko jardunaldietan oso bideratuta egon dira gaiak. Orain planteatzen da bide osoan bide-lagun izatea. B.A.: Aldi berean punta puntako berrikuntza da. Eta jardunaldien koordinazio lanetan ibili naizenean, sorpresa atsegina hartu dut adituekin harremanetan jartzerakoan erakutsi diguten hurbiltasunarengatik. A.M.: Etorri diren aditu guztiak oso jatorrak izan dira, eta geuk ere oso ondo tratatu ditugu, eta bai gu bai haiek oso gustura geratu gara. B.A.: Guzti guztiak? A.M.: Bakar batekin izan genituen gorabeherak, bere bila joan eta ordurako bera zain zegoelako. Izugarrizko purrustadak bota zizkigun, eta ez nekien non sartu. Gero, taxilariak argitu zigun bi minutu ere ez zeramala zain. Behin bakarrik gertatu zaigu, baita ere, hizlari batek huts egitea. Gasteizen geunden, kanpotik zetorren hizlari bat ez zen aireportuan azaldu. Hurrengo eguneko lehen saioa zuen. Azkenean beste hizlari batek, bezperan eman zuenak, beste ponentzia bat egin zuen. Eta oso hitzaldi ona eman zuen gainera. Jardunaldien ostean deitu eta deitu jardun ginen huts egin zuen hizlariari, baina ez genuen haren berririk inoiz gehiago izan. Ordutik aurrera B plan bat egiten dut beti. B.A.: Jardunaldietan parte hartu duten aditu askorengana jo izan dute ikastolek ondoren. Horretarako ere balio dute jardunaldiak. M.O.: Horrela jo genuen guk Neus Sanmartirengana. Ebaluazioan kezka handiak genituen, eta berari esker lanketa handiak egin ditugu. B.A: Gaur egunean talde ikuspegitik erronka bat badugu, batetik nola egin ikastolengandik egunerokoan gertuago egoteko, eta, bestetik, nola eman beti pauso bat harago. Z.Z: Horrelakoekin hainbat ikastolari bultzada bat eman diegu. Talde bat gara, horrelako jardunaldiekin erakusten dugu abangoardian gaudela, puntaren puntan gabiltzala. Hori ikastola bakar baten txikitasunetik zaila da islatzen, baina talde izaerak ematen du plus hori, bistaratzeko. Irudikatzen dugu gu urrats bat harago gaudela. Guri taldeak eta gizartean islatzen dugun irudiak asko laguntzen digu. M.O.: Ez dakit punta puntakoak garen, baina saiatu behar dugu. Orduan, prestakuntza gakoetako bat da. Prestakuntzarako kultura hori barru barrutik sortu behar da, eguneroko gogoeta horretatik eta gogoeta hori aldamenekoarekin partekatuz. Gure ikasleei etorkizuneko hezkuntzarik onena eskaini behar diegu, eta asko gure esku dago, inkonformista izanez eta ahaleginduz. Z.Z: Etengabeko hobekuntzak, hausnarketak, izan behar du gure filosofia. Ez da ezer erosi dezakeguna, hau ez da berrikuntza supermerkatu bat, norberarengandik sortu behar da. Uste dut lortzen ari garela, eta transmititzen ere asmatzen ari garela. Gaur egungo gurasoak oso zorrotzak dira. Eta jendea etortzen zaigu badakitelako filosofia horrekin gabiltzala. M.O.: Ez genuke inoiz ahaztu behar hori. B.A.: 25 urte ere 25 urte dira, etenik gabe, eta autokonplazentzian erori gabe. Ikuspegi kritiko eta autokritiko hori badugu, ikastolak gertu ditugu, etxe honetako jendeak ere ikastolaren errealitatea ezagutzen du … Etorkizunari begira nolako jardunaldiak aurreikusten ditugu? Nik buelta asko ematen diot horri. Garapen profesionala nola ulertzen dugu? Zer gizarte mota ari gara eraikitzen? Irakasle izate hori, kontziente gara zer erantzukizun dugun? Etorkizunari begira, zer motako irakasleak nahi ditugu? Etengabeko hobekuntzan gako bat hori dela uste dut, gai izango gara gizartea eraldatzeko edo gutxienez datozen belaunaldiak prestatzeko? M.O: Ikasleen irteera profila ezarrita dugu. Maila berean zehaztu behar dugu irakasleen profila. Ikastola bateko irakasle izateko zer ezaugarri behar ditu? Proiektuarekiko identifikazioa, konpromisoa, ekintzailea, nortasuna duena… Horrelako irakasleak behar dira, noski! Z.Z: Halakoak etorriko dira, guk baliabideak ematen badizkiegu. M.O.: ikastola ereduak abantailak ditu. Bat da gertutasuna. Zer premia dago? Ikastola baten premiei erantzun behar diegu. Eguneratu beharra, gauza berriak sartu, biharko gizarteri erantzun… Z.Z: Nik tresnak eskatuko nizkieke etorkizuneko jardunaldiei. Jauzia oso handia da, eta tresnak ematen dizkiegun bitartean, posible dela erakusten diegun bitartean aurrera egingo dugu; erakutsi behar dugu ez dela uko egitea orain artekoari, baizik eta prozesu bat dela eta prozesu horretan hainbat gauza egin daitezkeela. A.M.: Taldea izatea, ikastolen arteko sare hori izatea, oso baliagarria da horretan. Eta zaindu beharrekoa. B.A: Baita jardunaldietan ere. Asko baloratzen dut parte hartzea, parte hartze aktiboa izatea ahal dela. Nola egin ahalik eta parte hartze handiena izateko, etengabeko hobekuntza ikuspegitik bideratzeko. M.O.: Gakoa da daukagun ezagutza partekatzea eta aurrera egitea. B.A: Beste erronka bat ikusten dut, hezkuntza komunitate ikuspegitik, begirada alderdi bakar batean ez ote dugun jartzen, irakasleengan. Gurasoak eta ikasleak aipatu nahiko nituzke. Erronka eta arantza txiki bat badut, fokua hor nola jarri asmatu behar horretan. M.O: Bai, parte-hartzea makaldu egin delakoan nago, gurasoak alde batean, ikasleak bestean, irakasleak bestean. Hiru oinarri horiek nahastu beharko genituzke, ikastola proiektuak denok osatzen dugulako. Z.Z: Komunikazio tresnekin asmatu behar dugu, belaunaldi desberdinak gaude eta formatu jakin batzuk ere ez dira denentzako baliagarriak. Beraz, aldatu beharko litzateke, eta zabaldu formatua. B.A: Eta horretan gabiltza, eta prest gaude. Eta balio erantsi handi bat izango lukeela uste dut gurasoak eta ikasleak ere inplikatzea. Gero ere bada, esaten duten hori entzun eta aintzat hartzeko gai izango garen. M.O: Izan ere, bestela ez litzateke benetako parte-hartzea izango. Eta horretaz ikasleak segituan ohartzen dira. Ez da komunikazioa bakarrik, eraikitzea da, baina guztien artean eraikitzea. B.A.: Laburbiltzeko, zer hitz jarriko zeniekete jardunaldi pedagogikoei? M.O.: Aukera. A.M.: Ikasi. Z.Z: Erronka. B.A.: Erreferentzia.