Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia
Ikastolen elkartasun besarkada
800.000 euroko laguntza eman diete ikastolek premia handiena duten hamar ikastolei
Premiarik handiena duten ikastolei laguntzeko.
Iragan azaroaren 30ean egin zen, Orion, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia. Xede bakar bat zuten batzartutako kooperatibistek: premiarik handiena duten ikastolei laguntzea. Ia 800.000 euro banatu zituzten eskaera egin zuten ikastolen artean. Berriro ere agerian geratu zen kooperatiben balio nagusietakoa: gizarte ekintzarena.
Kooperatiben balio nagusietakoa da gizarte ekimena, gizarte ekarpena. Ezaugarri hori ikastoletan txertaturik dago barreneraino, eta halaxe jarri zen agerian azaroaren 30ean, Orion, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak egin zuen Batzar Nagusian. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek Elkartasun Ikastolei egindako ekarpen ekonomikoa beharrik handiena duten ikastolen artean banatu zuten, beste behin ere. 1990.eko hamarkadan Elkartasun Kutxa sortu zuten xede horretarako; hamarkada honetan Europar Kooperatiba bilakatu zen, Elkartasun Ikastolak izena hartuz. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek osatzen dute, baita ere, Elkartasun Ikastolak.
Aurten 835.162 euro jarri dituzte ikastolek, eta azaroko Batzar Nagusian 770.752 euro banatu zituzten zortzi ikastola eta Kanboko Ikastolen Etxearen artean. Hauek dira gainontzeko ikastola guztien elkartasun ekonomikoa jaso duten ikastolak: Baionako Bernat Etxepare Lizeoa, Angeluko Ikastola, Tuterako Argia ikastola, Lodosako Ibaialde ikastola, Bastidako ikastola, Bilboko Harrobia ikastola, Etxebarria ikastola (likidapenerako) eta Trebiñuko Argantzon ikastola. 65.000 euro inguru geratu ziren banatu gabe, baina Beasaingo ikastolaren kasua aztergai geratu da. Izan ere, bi gela kontzerturik gabe dauzka ikastola txiki honek, eta hori dela-eta litekeena da diru premia izatea. Hurrengo hilabeteetan aztertuko da egoera, eta behar izanez gero Artezkaritza Kontseiluak hartuko du Beasaingo ikastola laguntzeko erabakia.
Ikastola guztiek premiarik handiena duten ikastolentzat egiten duten ekarpenaren balioa agerian geratu zen laguntza hori jasotzen ari diren ikastoletako ordezkarien testigantzekin Batzar Nagusian proiektatu zen erreportaje batean. “Elkartasun Kutxa, guretzat dena da, bizirautea”, zioen, esaterako, Ibaialde ikastolako lehendakari Laura Mikelezek. Eraikinaren hipotekari eta inguruko herrietako haurrentzako garraio zerbitzuari aurre egiteko erabiltzen dute laguntza. Harrobia ikastolako ordezkari Juan Carlos Gomezentzat, berriz, “elkartasunerako lanabes indartsua” da Elkartasun Ikastolen ekarpena. Harrobia bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko erabiltzen ari da laguntza.
“Elkartasunean oinarritutako eraikuntza nazionalerako ezinbesteko tresna” dela, azaldu zuen Bernat Etxepare Lizeoko zuzendari Iban Thikoipek. Elkartasun Ikastolen ekarpena Baionan ireki berri duten eraikinaren kostuei aurre egiteko erabiltzen ari dira. “Elkartasun besarkada handi bat da”, berriz, Argantzon ikastolako zuzendari Ekaitz Lotinaren hitzetan. Jasotzen ari diren laguntza irakasleei ordaindu ahal izateko erabiltzen dute bereziki Trebiñuko ikastolan.
OINA: Elkartasun Ikastolen batzorde teknikoa: (Ezkerretik eskuinera) Martin Etxeberria, Urko Rodriguez, Jose Luis Sukia, Zaloa Aldatz, Patxi Olabarria, Gaizka Arrizabalaga, Aimara Arostegi, Miriam Zuazola eta Idurre Maortuak osatzen dute batzorde teknikoa. Talde honek prestatzen du Batzar Nagusirako txostena.
ELKARTASUN KUTXA: 2018. urterako laguntzak
IKASTOLA HERRIA LAGUNTZA
Bernat Etxepare Lizeoa Baiona 150.000 euro
Angeluko ikastola Angelu 20.000 euro
Ikastolen Etxea Kanbo 46.272 euro
Argia ikastola Tutera 93.000 euro
Ibaialde ikastola Lodosa 103.000 euro
Bastida ikastola Bastida 23.000 euro
Harrobia ikastola Bilbo 123.000 euro
Etxebarri ikastola Etxebarri 92.000 euro
Argantzon ikastola Argantzun 90.480 euro
Beasaingo ikastola Beasain zehazteke
GUZTIRA 770.752 euro
IKASTOLEN EKARPENAK 835.162 euro