IKASTOLA 226 > orientazioa > Gabon hauetan, jolastea oparitu!

Joko eta jolasak

Gabon hauetan, jolastea oparitu!

Uzta batzera, Argitxo panpina, Hatz10 eta Kontalari, Ikastolen Elkartearen bermearekin

 Jolastea da oparirik ederrena, eta jolastuz ikastea da saririk handiena.

Jostailu eta jolas ugari daude oparitzeko, baina jolastea da oparirik ederrena, eta jolastuz ikastea da saririk handiena. Ikastolen Elkarteak lau eskaintza ditu Gabon hauetarako, gure seme-alabek jolas, ikas eta disfruta dezaten. Uzta biltzera da lehenbizikoa; mahai jolas honen bitartez, baratzegintzaz, sasoiko uztaz eta elikaduraz jakintza aberasteko. Argitxo panpinarekin jolasteko aukera ere izango dute, eta ipuinak egiteko eta mekanografian trebatzeko aplikazioekin dibertitu eta ikasi egingo dute.

UZTA BATZERA! (6+)
Etxe ondoan edo herri-gunetik oso hurbil familiaren kontsumorako baratze txikiak, ortuak  izatea  ohikoa izan da gure herrietan, gure kulturan.
Jolas  kooperatibo  honen bidez nekazari girora hurbilduz, eta ohitura horren transmisioa bermatu nahian, baratzean urtaro bakoitzean zer erein eta  zer landatzen den  ezagutuko dugu, eta baratzea zaintzeko egin behar diren lanetan murgilduko gara. Gure neska-mutilek baserriko nahiz hiriko baratzeko oinarrizko egutegia ezagut dezaten nahi dugu.
Jolasaren helburua da hiru baserritarren artean, kooperazioan, ahalik eta uzta gehien jasotzea. Baratzeko lanak ere egin beharko dituzte bide naturalak erabiliz, gainera! Eta naturaren egoerei eta basurdeari aurre egin! Ez da lan erraza!
Uzta batu baino lehen basurdeak bere 24 zatiko puzzlea osatzen badu, baserritarrek galdu dute jolasa!

Urrezko baserritarra
Urrezko baserritarraren titulua lortzeko ortuarien eta fruituen artean 20 eskuratu behar dira, eta lurraren zaintzarekin lotutako 5 lan egin, guztien artean.

Zilarrezko baserritarra
Zilarrezko baserritarraren titulua eskuratzeko ortuarien eta fruituen artean 13 eskuratu behar dira, eta lurraren zaintzarekin lotutako 3 lan egin, guztien artean.

Jolasteko arau zehatzak, kaxa barruan. Zure esku dago jolasteko era berriak sortzea!

HATZ10
Mekanografia ikasteko Ikastolen Elkarteak garatu duen web aplikazio bat da Hatz10. Zortzi urtetik aurrerako ikasleentzat prestatua dago,  eta ikastea dibertigarriago izateko, ariketak joko modura proposatzen dira.
Bi prozesu nagusi bereizten dira, ikastea eta trebatzea.
Aplikazioaren webgunea: www.hatz10.eus

KONTALARI
Ipuin pertsonalizatuak sortzeko webgunea da. Ikastolen elkarteak sorturiko zenbait ipuin txantiloi modura erabil daitezke eta pertsonaien izenak aldatu. Gainera, norberak bere argazkia igo dezake pertsonaia batzuen aurpegiak aldatzeko.
Orriz orri, (argazki album digital baten modura), fondoko irudiak, objektuak, pertsonaiak eta testuak gehitu edo editatzeko aukera ematen du.
Ipuina osatzean, inprentara bidali eta etxean jasotzeko aukera ere ematen du.
Kontalariren webgunea: www.kontalari.eus

ikastola 226
2017 abendua
226