Eraldaketa, ikasgelan
Espazioak eta altzariak, pedagogiaren zerbitzura
Pedagogia aktiboa hautatu dute ikastolek, eta horrek eraldaketak ekarri ditu eraikinetan
Espazioa “hirugarren irakaslea” da. Argi dauka hori Aitor Axpek.
Funtzionalitateaz gain, espazio berean espazio desberdinak sortzea, aniztasunari erantzutea eta ikasteko motibagarri izatea bilatzen dute euren eraikinetan espazioak eraldatu eta altzari berriez hornitu dituzten ikastolek. Gaia jorratzeko hainbat gako azaldu dizkigu Aitor Axpek. Bera da ikastoletako espazioak eraldatzeko Ikastolen Elkartearen aholkularia.
Espazioa “hirugarren irakaslea” da. Argi dauka hori Aitor Axpek. Familia litzateke lehenbizikoa; irakasleak beraiek bigarrena. Baina espazioak ere betetzen du irakasle papera: “Espazioak moldatzen ditugu, baina espazioak itzultzen digu gure izaeraren garapena. Gela karratu txiki batean mahai baten aurrean, geldi, sei-zazpi ordu egoteak ematen digun mezua da geldi egon behar dela; kalean ere jarrera hori hartzera bultzatzen gaitu, azken finean. Aldiz, espazio zabalak baldin baditugu, eta batera eta bestera mugitu ahal badugu horrek ere baldintzatzen digu gure izaera. Azken batean, ikasle garaian, bizitzaren heren bat egiten da ikastola batean”.
Espazioak eraldatzen ari dira ikastolak, baina espazioak eraldatzen, pedagogiaren zerbitzura jartzeko. Ikastolen Elkarteko arkitektura aholkulariak espazio guztiak transformatzera dei egiten du: “Gela bakarrik ez, espazio komunak eta kanpo espazioak ere didaktikarako erabili behar dira. Eta, zergatik ez?, baita ingurunea eta herria bera ere”.
Denbora da ikastolak metodologia pasibotik -non irakaslearen hierarkian oinarrituta ikasleak jakintzaren hartzaile huts ziren- metodologia aktiboetara igarotzen hasi zirela. Ikasleak gaur egun parte aktibo bilakatu dira, ‘zuk zeuk sortu’ filosofiari jarraituz.
Metodologia aktiboetan hiru nagusitzen ari dira; txokokakoa, kooperatiboa eta proiektuetan oinarritutakoa. Baina, maiz, hiruen arteko konbinazioak ere ematen dira. Horregatik, pedagogiara egokitutako espazioak sortzeaz gainera, espazio horiek moldagarriak izatea ere garrantzitsua da
Txokokako metodologiak ikasle bakoitzaren erritmo biologikoari erantzutea bilatzen du, bakoitzak bere erritmora ikasteko. “Txoko desberdinak daude, eta ikaslea, bere erritmoaren arabera, batean edo bestean arituko da, ongien dagokionean”.
Metodologia kooperatiboak, berriz, taldekako lana lehenesten du. “Espazioen aldetik, bermatu behar da lau-bost ikaslez osatutako taldeak bakoitza bestearengandik ahalik eta urrunen egotea, elkarri traba ez egiteko. Era berean, irakasleak behaketa eta aholkularitza lanak egiteko batetik bestera mugitu ahal izatea ere bermatu behar da”.
Proiektuetan oinarritutakoak lanketa kooperatiboa nahiz indibiduala proposatzen du. “Erronka bati erantzun behar diote ikasleek, bakarka edo taldeka, edo batzuetan bakarka eta besteetan taldeka; baina irakaslearen edo adituren baten parte-hartzea ere eskatzen da batzuetan. Beraz, metodologia honetan, nahiz besteetan, espazioak eta altzariak moldagarriak izan behar dira antolaketaren aldetik”.
Espazioak antolatzeko orduan, David Thornburgen hezkuntza filosofiaren irizpideak aipatzen ditu Aitor Axpek: “Thornburgek lau espazio, lau kokagune bereizten ditu: sumendia edo sutondoa, aska edo edanlekua, kobazuloa eta bizitza”. Sumendi edo sutondoa gela arrunt bat litzateke, ohiko egitura duena; “hierarkia batekin, irakaslea goian eta ikasleak entzule pasibo edo ia pasibo direna”. Aska edo edanlekua, aldiz, guztiz desberdina litzateke: “leku lasaiago edo erlaxatuago bat; izan liteke harmaila bat edo butaka batzuk, edo borobilean eserita… Irakasleak rol hierarkikoa galtzen du, denek dute estatus bera, gai bat planteatzen da eta hura jorratu eta eztabaidatzen da”. Kobazuloa, berriz, lan indibidualerako erabiltzen da: “espazio horretan nork berak bere buruarekin lan egiten du, lanerako lasaitasuna behar denerako”. Azkenik bizitza litzateke ikastea albo batera utzi eta aisialdirako edo lasaitzeko espazio bat.
Axpek dio espazio horiek guztiak erabilgarri direla, eta, tamainaren eta ikasle kopuruaren arabera, gela batean ongi zehaztuta egon daitezkeela edo unean unean moldatu daitezkeela. Espazioak ahalik eta zabalenak sortzea proposatzen du, beraz: “Arkitektura aldetik espazioa zenbait eta zabalagoa izan lasaiagoa da, eta zenbat eta itxiagoa, berriz, giroa tenkatuagoa izango da. Helburua, beraz, ahalik eta espazio zabalenak egitea litzateke”, diosku Axpek. “Eta ezingo balitz, gutxienez izan dadila ahalik eta mugikorrena, eta gardena, beirazko hormekin egina, edota espazioak gortinak erabiliz itxi, gero, berriro, ireki ahal izateko. Eta espazio horietarako altzariak zenbat eta mugikorrago edo moldagarriago izan, are eta hobe”. Espazioak moldatu “une batean sumendi gisa kokatzeko, hurrena aska gisa edo lanketa kooperatiborako edo indibidualerako baliagarria, eta une baten kobarena. Edota une batean altzariak bildu eta bizitzarako gune bilakatu ahal izateko”.
Horretaz aparte, gela girotzea ere proposatzen du. “Arkitekturarekin baino dekorazioarekin lotura gehiago izan dezake honek, baina baliagarria da. Esaterako, unibertsoa ikasten ari bagara, gelan unibertsoko argazkiak jar daitezke, edo planeten maketak eskegi. Udazkena dela? Orbela erabil dezakegu dekoratzeko, edota usain batzuk eraman… Musika ere lagungarri izan daiteke. Zentzumen guztiak erabil daitezke ikasteko”.
Arkitekto izateaz gain, irakasle ere bada Axpe, eta horregatik gonbidatzen ditu irakasle eta ikasleak espazioa eraldatu ostean, espazio horiei ahalik eta zuku gehien ateratzera. “Ikasle bakoitzak bere espazioa dauka gusturago ikasteko. Ikastolek espazio horiek eskaini ahal izatea oso ondo dago. Baina ez dugu ahaztu behar espazioen eraldaketak helburu bati erantzuten diola: ikasleen hobekuntzari ikaste prozesuan. Beraz, espazio horiek sortuta, haiei ahalik eta etekin handiena atera behar zaie”.