EAErako Hezkuntza Legea
Lan taldeak martxan, hezkuntza ituna mamitzeko
Lehen bilerak egin dituzte; ikastoletako ordezkariak bost lan taldeetatik hirutan ari dira parte hartzen
Hezkuntza itun bat adostea lehen geltokia.
Hezkuntza lege berri bat egitea da helburu nagusia, eta bide horretan, hezkuntza itun bat adostea lehen geltokia. Horretara iristeko, bost gai nagusi jorratzeko lan talde bana osatu dira, eta lanean dihardute dagoeneko. Lan taldeen fase hau urte bukaera aldera amaitzea espero da.
Bost lant talde osatu ditu Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza ituna mamitzeko: bizikidetzaren lan taldea, hizkuntzena, hezkuntza modernizatzeko lan taldea, ikastetxeen autonomiarena eta ebaluazioarena.
Cristina Uriarte sailburuak egitasmoa aurkeztu zuen unean bertan, Ikastolen Elkarteak adierazi zuen lan talde horiei gutxienez beste bi falta zitzaizkiela, publikotasuna definitzekoa eta finantziazioarena. Baina ituna lortzeko bidean eta horren ostean etor daitekeen hezkuntza lege berri bat lortzeko bidean, ikastolek prestutasun osoa erakutsi zuten prozesuan parte hartzeko.
Hastapenean, hiru hilabeteko epea aurreikusten da lan-talde horiek, nork bere eremuan, Hezkuntza Sailari lehen dokumentua aurkez diezaioten. Dokumentu horretan, taldeko kideen artean adostasuna lortu duten puntuak jasoko dira. Lan hori jaso ondoren, Hezkuntza Sailak berriro dei egingo die gizarte eta hezkuntza eragileei, dokumentu horien edukiaren berri emateko.
Aurkezpen horren ondoren, Hezkuntza sailak eragile guztiei eskatuko die egoki deritzoten ekarpenak egin ditzatela. Parte hartuko duten eragile guztiek izango dute, beraz, aurkezturiko dokumentuak aberasteko aukera, helburua zein den kontuan harturik: guztion artean jarrera bateratua aurkitzea, akordio zabal bat sustatzea ahalbidetuko duena. Ekarpen hauek, Hezkuntza Sailak aztertu ondoren, hasierako testua hobetzeko balioko dute.
Hortik aterako den dokumentua Eskola Kontseilura bidaliko da, prozesuari jarraipena eman diezaion. Eskola Kontseiluak egoki deritzon jarduerak burutuko ditu jaso duen dokumentua aztertu eta aberasteko, bidezko ikusten dituen ekarpen edota zehaztapenen bidez. Kontseilu horretan ikastolek ez daukate ordezkaririk.
Eskola Kontseiluak Hezkuntza Sailari bidaliko dio bere dokumentu-proposamena. Testu hau Gobernu Kontseilura igorriko da, hura jakinaren gainean jartzeko. Eusko Jaurlaritzak ondoren, Eusko Legebiltzarrera igorriko du Hezkuntzaren aldeko Akordioa jasotzen duen dokumentua, legebiltzar-taldeek aztertu eta eztabaidatu dezaten.
Prozesu gorabeheratsua izatea espero da. Dagoeneko zenbait eragilek aurkakotasuna adierazi dute, eta deituak izan diren arren, uko egin diote lan taldeetan parte hartzeari. Zenbaiten aburuz, ez dago hezkuntza itun eta lege berri baten beharrik, eta eztabaida guztia etorkinen integraziora mugatu izan dute orain arte.
Ikastolen iritziz, ordea, bada garaia hezkuntza sistema osatzen duten sare guztiak bilduko dituen lege bat egiteko, egungoak ikasleen erdiak biltzen dituen sarea, sare publikoa, babesten baitu soilik, eta ikastolak hortik kanpo baitaude. Lege bat aldarrikatzen dute ikastolek, sistema osoa hartuko duena, publikotasun partekatu bat izango duena, hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta, euskaran ardazturiko eleaniztasuna ziurtatuko duena, euskal curriculuma ardatz hartuta, eta Hezkuntza Sistema Propio baten bidean oinarriak jarriko dituena. Euskal hezkuntza etorkizunari erantzuteko gai izango den lege bat, finean.