IKASTOLA 200 > erreportajeak > URRIAREN 21EAN BOZKATU, ETA OINEZERA
Nafarroa Oinez 2012
Eraikin berria (1)
Eraikin berria (2)

Nafarroa Oinez

URRIAREN 21EAN BOZKATU, ETA OINEZERA

San Fermin Ikastolak Bigarren Hezkuntza handitzeko beharra

Nafarroa Oinez antolatzeko ardura Zizur Txikiko San Fermin Ikastolari iritsi zaio berriro. San Fermin Ikastola ibilbide luzeko ikastola da, 1970ean sortua, eta gaur egun 950 familiek, 1.514 ikaslek, 98 irakaslek eta 38 zerbitzuetako profesionalek osatzen dute ikastolako komunitatea.

Beraz, erreferentzia argia da Iruñerriko euskaldunentzat. Aurten Nafarroa Oinez urriaren 21ean da, EAEko hauteskundeen egunean, hain zuzen ere. Hortaz, egun horretan bozkatu eta gero Zizur Txikira joan beharko lukete lurralde horietako euskaltzaleek. Festaren helburu nagusia Bigarren Hezkuntza handitzea da. San Fermin ikastolak lau lerro zituen aspaldidanik HHn eta LHn, baina lau gela horiek hiru bilakatzen ziren Bigarren Hezkuntzan. 2002 urtetik aurrera ikasle kopurua, matrikulazioa, etengabe haundituz joan da. Azken urteotan 200 bat ikasle gehiago dituzte. Eta egoera honek leku arazoak ekarri ditu DBHn eta Batxilergoan.

Euskalerria Irratiaren lana aitortzea
Aipatu helburuaz gain, aurtengo Nafarroa Oinezen bidez Euskalerria Irratiari euskararen hedapenean Iruñerrian aspalditik egiten ari den lana aitortu nahi dio San Fermin Ikastolak, eta bidenabar haren legalizazioa
aldarrikatu.

Oinez Berdea eta Ekotxozna
Ekogunea izango da aurtengo Oinezen berrikuntza nagusietako bat, Oinez Berdearen barrenean. Txosna honek bi ezaugarri nagusi izanen ditu: produktu ekologikoak eta Euskal Herrikoak.

Gazteentzako alternatibak eta kontsumo erantzulea
Aurtengo Oinezak nobedade nabarmenak ditu gazteentzako guneetan. Alkoholaren kontsumoaz azkeneko urteetan egindako hausnarketaren ondorioz, prebentzio neurriez gainera, aurten aisialdi alternatibak eskaini nahi zaizkie Bigarren Hezkuntzako gazteei. Horientzako bi gune izango dira, 3. eta 4., eta ahalegin bereziak egin dira batez ere 3. gunean (11-15 urtekoentzat pentsatua). Esaterako, role-playing (gymkana) bat antolatu da, Los juegos del hambre trilogian oinarritua. Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko gazteei zuzendutako jarduera da, DBHko 3.goek ere parte hartu ahal izatea aurreikusten bada ere. Asmoa da 30 bat talde osatzea, Nafarroako ikastola guztietakoak. Izena emateko epea urriaren 9an amaituko da. Informazio gehiago: oinez2012.jarduerak@sanferminikastola.net.

ikastola 200
2012 Urria
200