IKASTOLA 226 > erreportajeak > 2018ko Eskolarteko Bertso Txapelketa ari da forma hartzen

Bertsolaritza

2018ko Eskolarteko Bertso Txapelketa ari da forma hartzen

Martxoan hasiko du 2018ko Eskolarteko Bertso Txapelketak.

Erreleboa eman da Ikastolen Elkartean; Juanjo Respaldizak hartu ditu Mikel Mendizabalen egitekoak.

Eskolarteko Bertso Txapelketa prestatzeko lanean dihardute Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak. Azken ekitaldietan berrikuntza ugari sartu dituzte, eta txapelketa bainoago bertsoaz gozatzeko gune dira lurraldeetako txapelketak eta Euskal Herri mailakoak.

Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finala iristen ari den honetan, forma hartzen ari da heldu den urteko Eskolarteko Bertso Txapelketa. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute duela ekitaldi batzuetatik hona. Aurten, erreleboa eman da Ikastolen Elkartean. Orain arte Mikel Mendizabal eta Juanjo Respaldiza arduratzen ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko eskolartekoak antolatzeaz, Euskal Herrikoarekin batera. Orain, Mendizabal erretreta hartzear dela, Juanjo Respaldizak hartu ditu bere gain egiteko horiek denak.

Mendizabalek 1982an hasitako ibilbideari emango dio amaiera. Respaldizak, ardura berriekin, duela ia hogei urte hasitakoari jarraipena emango dio. Eskolartekoaz gain, Respaldizak bertso eskolak ere ematen ditu Betiko ikastolan, Kurutziaga ikastolan eta Txintxirri ikastolan, besteak beste. Biekin egon da IKASTOLA ALDIZKARIA, hurrengo Eskolartekoaz mintzatzeko.

Eskolarteko Txapelketaren helburuak, sorreratik, 1981etik, gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea eta adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea izan da. Bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea izan zen ekimen honen sorrerako sena.

2014an Euskal Herriko bertso-eskolekin Eskolartekoari buruzko gogoeta bideratu zuten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak, eta elkarrekin egindako prozesu horretan finkatu ziren egun Eskolartekoak dituen oinarri nagusiak.

* Haur eta gazteei, euren neurriko saioak eskaintzea, rol anitzetan aritzeko bide ematea, adinkideekin harremanak egitea eta bertsolariekin zuzeneko harremana izatea.

* Bertso-eskolatan, bertsotan egiteko motibazioa piztea, rol ezberdinak lantzeko bide ematea, saioen antolakuntzan trebatzeko aukera bat izatea, beste bertso-eskolekin harremanak egitea, eta talde lana zein bakarkakoa uztartzea eta biei balioa.

* Inguruan (adinkideengan, gurasoengan, ikastolan, herrian), adinkideak ekimen hauetara erakartzea eta zaletzea, herriko bertso-eskola ezagutzera ematea eta herrian bertso ekimenak sustatzea.

Eskolartekoaren formatuak aldaketa ugari izan ditu bere bilakaeran. Gaur egun, bat-bateko saioak 15-18 urte bitarteko ikasleek egiten dituzte, eta gazteagoak, berriz, bertsopaperetan lehiatzen dira eta saio didaktikoak izaten dituzte.

Saioak, goizetan

2018ko ekitaldiko berrikuntza nagusia,  bertsopaper lehiaketa goizeko saio bihurtzea izango da, eskola orduetan egingo dena. Saio didaktikoak ere egingo dira, azken ekitaldietan bezala, epaimahaiak bertso onenak zein izan diren ebatzi bitartean.  Gipuzkoan zortzi saio izango dira, martxoaren 6tik 16ra bitartean. Gipuzkoako bat-bateko finala eta bertso paperena, Lasturko barnetegian jokatuko dira, Aste Santuaren bueltan.

Bizkaiko txapelketa, berriz, maiatzean jokatuko da, eta aurreko asteetan izango dira kanporaketak. Bertsozale elkarteak antolatuko ditu, berriz, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko txapelketak.

Euskal Herriko eskolartekoa, azkenik, ekainean jokatuko da, iaz bezala, Saran, eta herrialde guztietako txapelketak amaitu ostean.

ikastola 226
2017 abendua
226