Espazioak eraldatzen ikastoletan
UDAN, LANEAN DENAK EMANDA
Eguzkiaren distira ikastoletako ispiluetan
Obrak han eta hemen, Konfiantzaren Pedagogian oinarrituta.
Ikastoletan ematen ari diren aldaketa fisikoak ugari direnez, Ikastolak Banaka atalean dirdiraren adibide batzuk jaso ditugu irakurlearen informaziorako. Hurrengo zenbakietan gehiago bilduko ditugu, argitasuna bazter guztietan baitago.
ARMENTIA IKASTOLA
GASTEIZ
Obra sakona, alderik alde
Ikastola osora iritsi da aldaketa. Dagoeneko 3 lerro eta 1100 ikasle dituen Gasteizko ikastola gazteak berrikuntza sakonak egin ditu. Azpiko solairura eraman ditu HH 1-4 eta jangela, hiru patioen ingurura: 2 estalitakoak eta bestea, berdea, baratzea duena. Horrekin batera, beheko solairura, sarrera, idazkaritza, HH 5 eta LH 1-4 bildu ditu, bigarren solairura LH5-6 eta DBH 1-2, eta azkenik goiko aldera DBH 3-4 eta Batxilergoa. Metro asko eta asko ditu duela 25 urte mojei erositako eraikinak, eta horri esker aukerei zukua ateratzen jakin dute. Metodologiari dagokionez, Konfiantzaren Pedagogian sakondu dute. Inbertsiotarako diru-laguntzen dekretuaren zain daude, obra handiena eginda.
Aurten bertan bete ditu 25 urte Ikastolak, eta HH1etik Batxilergorako eskaintza zein azpiegitura berria izango ditu urteurren honetan.
ARIZMENDI IKASTOLA
LEINTZ BAILARA
Udako obrak bukatuta bost gunetan, eta bukatzear Santa Teresan
Jauzi berezia egiteko asmoz diseinatu eta egin dira ikastolan aurtengo udako obrak. Santa Teresako eraikina osorik birmoldatu da, Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan diseinu propioz eta auzoarekiko lotura kontuan izanda. Arimazubin, bigarren zikloa egokitu da; Gazteluondon eta Almenen, berriz, lehenengo zikloko gelak. Gaztelupen eta Almenen batxilergo berritua eskaintzeko -proiektu bidezko metodologia- espazioak moldatu dira. Olarten, bolumena zabaltzeko obrak egin dira. Azkenik, Almeneko futbol zelaia jarduera-eremu bihurtu nahi denez bizpahiru ikasturtetan, aurten aglomeratu asfaltoduna egin da. Arizmendi beti bizirik, mugimenduan!
Lehenengo fasearen amaiera da.
BETIKO IKASTOLA
LEIOA
Lanak bukatutzat, ikastola eraldatuta
Urte eta erdi pasa da obra bukatutzat emateko. Iazko udan HH eraikinaren berritzea burutu zuten Konfiantzaren Pedagogiaren parametroei jarraituz. Ikasturtea eman zuten ondoren eraikin berria gauzatzeko, DBH 3n eta 4n bigarren lerroa bete ahala osatzeko. Bulego zaharrak bota eta jantokia handitu dute, eta horrekin batera administrazio osoa eraikin berrira pasa dute, igogailua eta irisgarritasuna bermatze aldera larrialditarako eskailerak gehituz. Eraikin zaharraren itxura ere berritu dute; horrela, komunak eta ikastolako sarrerak etapaka berezi dituzte, bai eta patioak jolastoki eta autobus zerbitzura egokitu ere. Betiko Ikastolak inoiz ez bezalako aurpegi dotorea zein gorputz ederra du Leioan!
Inaugurazioa azaroan eginen da, urria ekitaldiz lepo baitago.
BIHOTZ GAZTEA IKASTOLA
SANTURTZI
“ZeroSei” proiektua: gelak ikasleei egokitu.
Irakasleak dudatsu zeuden, Santurtziko ikastola txikia baita metrotan; baina Ikastolen Elkartetik jasotako bultzadari esker, Lekeitioko ikastola erreferente hartuta, Konfiantzaren Pedagogian murgildu dira ilusiorik handienarekin. Amesten zutena egia bihurtu, eta komunitate osoaren adostasunarekin, “ZeroSei” proiektua zehazten ari dira, identitatea eman ondoren. Formazioa dute lagun. Diogenes sentimendua kenduz, gelak ikasleentzat egokituz, eta tutoreen elkarlana areagotuz, familiak ere erakarri nahi dituzte. Buruko hormak hautsi zituzten lehendabizi, eta dagoeneko HH 2, HH 3 eta 4 urtekoen gelak elkartu ere egin dituzte. Lan metodologia eta material berriarekin emozionatuta daude.
2018an, Bizkaiko ikastolen jaia antolatuko da Santurtzin, eta ilusio hori ere antzematen da, bihotzen taup! sentitzen baitira.
HAURTZARO IKASTOLA
OIARTZUN
Maratoi-obra, azken urtetako handienetakoa
“Obra ez da moda kontua, oinarrizko arrazoia badago, haurrak baitira gure egunerokotasunean protagonistak, eta hori horrela, gure egitekoa da ikasleari bere garapenean laguntzea. Badira modu ezberdinak, ez dago bat bakarra; guri gurera egokitzea dagokigu”. Azpeitiko ikastola dute erreferente. Uda osoa eman dute obra erraldoian, umeen beharretara egokituko den ingurunea sortzen. HH osorako egin dute. Lehengo 9 edo 10 geletatik, espazio irekia sortu dute, zirkulazio libreko apustuarekin, adin ezberdineko haurrak batera ibil daitezen.
Azpeitiko Ikasberri ikastolako irakaslea den Ainara Bidal dute EHIko erreferente, HH Marko berrian oinarrituta.
LASKORAIN IKASTOLA
TOLOSA
Eraikinak ikastolen izaera berritzaile eta eraldatzeari erantzuten dio
Helburu handiek esfortzu handia eskatzen dutela esan ohi da, eta gurean hezkuntza komunitate osoaren ahaleginari esker lortutako helburua izan da; guztiok pasa behar izan dugu urtebete estua, orain askoz baldintza hobeetan aritzeko. Iazko ikasturtean 500 ikaslek eraikinetik kanpo egon behar izan zuten beste kokapen batzuetan, aurten guztiz eraberritutako Sakramentinoen eraikineko ateak zabaltzeko. Eta gainera, eraikin berrituaren irekierarekin, Laskorain Ikastolak bere ateak lehen aldiz ireki zituen dataren 50. urteurrenarekin bat egiten du, 1967ko urrian hasi baitziren lehen andereñoak umeekin lanean.
Urriaren 28rako antolatu dute Ikuskizun ibiltaria ikastolak izan zituen lau kokapenetan gogoratuko diren pasadizoak lekuko.
URRETXU-ZUMARRAGA
IKASTOLA
Udalaren laguntza eskertzekoa da
Instalazio zaharkituak zirelako, aspaldi ziren Urretxuko egoitza berritzeko asmotan. Lur sail baten salmentari esker, eta 2018ko Kilometroen atarian, ikastola ez dute berritu bakarrik egin, handitu ere egin dute, Urretxuko udalak lagapen akordio baten bidez utzi dizkielako Pasiotarrenak ziren lokal berri batzuk. Hartara, zerbitzu orokorrak hobetu dituzte, areto nagusia gehitu eta 0-6 eraikina Konfiantzaren Pedagogiaren mesedera egokitu dute arkitektura. Bi udalen laguntza handia izan da; egoitza Urretxun izanik, espeziala. Auzolanak ere antolatu dituzte, ikasleen bidez hustuketa lanak egiteko, eta gurasoei zein irakasleei esker gelak betetzeko. Biziki pozik dira.
Irailaren 30ean elkartu dituzte ikasle ohiak eta gertukoak bazkari erraldoi batean, non 1.200 lagun elkartu baitira gozatzera.
ZUBIMUSU IKASTOLA
VILLABONA
Pedagogian ere aldaketak: aurten Mahi Mahi proiektua, adibidez
Zizurkilgo obra amaituta, Villabonako Txermin eraikuntza berritzeari ekin diote. HH 2 eta 3ko gelak eraberritu eta jangela ere aldatu dute; espazioaz gain funtzionamendua ere bai. ASKORA etxearekin dabiltza, eta aurten Mahi Mahi proiektua jarri dute eurekin batera martxan, ikasleak seinaka mahai biribiletan bazkaltzen, bakoitza bere eguneko rolarekin, jangela ez baita zerbitzu hutsa, proiektu pedagogikoan txertatua dagoen osagaia baizik. Ikastolako matrikula goraka doa, gauzak poliki egiten, etenik gabe. Formazioa dute derrigorrezkoa, aholkularitza pedagogikotik talde pedagogikoa sortu baitute. Fronte guztietan dabiltza ilusioz blai!
Isiltasuna errespetatzen da, ikasgelatik atera bezain laster. Astero, ostegunero, sorpresa eguna dute.
URRETXINDORRA IKASTOLA
BILBO
San Adrian eta Miribila artean ia 1.000 urretxindor kantari
Miribila auzo berriaren alboan dago Urretxindorra Ikastola. Bi lerro izatetik hirura pasa behar izan du, matrikulazioan gora eta gora eginda, familien eskaerei ezin erantzun baitzebiltzan. Euskararen garapenerako estrategikoa den proiektuan Lehen Hezkuntzarako eraikin berria altxatu dute, atzeko aldean zuten patio batean. Modernoa da, energetikoki puntakoa; laborategi, ingeles eta behar berezitako gelak ditu, eta hezkuntza fisikoa egiteko leku estalia sortu diote. Urriaren bukaera baino lehen inauguratuko dute.
Espazioa dagoeneko prest dago; orain detaileak egokitzeko garaia da.