IKASTOLA 225 > orientazioa > Nafarroako hainbat ikastolak parte hartu dute europar programa batean

Oinarrizko konpetentziak Lehen Hezkuntzan

Nafarroako hainbat ikastolak parte hartu dute europar programa batean

Egitasmoari amaiera emateko nazioarteko konferentzia bat antolatu zuten Iruñean

Ikastola bakoitzean egitasmo desberdinak garatu dituzte.

Lehen Hezkuntzan oinarrizko konpetentziak garatzeko europar mailako Keycolab proiektuan parte hartu dute Nafarroako hainbat ikastolek, NIEren eskutik. Ikastola bakoitzean egitasmo desberdinak garatu dituzte eta haiek erakusteko aukera izan zuten iragan irailaren 27an, Iruñeko Civican-en Keycolab azaltzeko NIEk antolatu zuen nazioarteko konferentzian.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak gidatutako Keycolab proiektuak bere ibilbidea amaitu du, Iruñean antolatutako bosgarren bilerarekin eta Nazioarteko Konferentziarekin. Keycolab proiektua (Key Competences In Primary School Education- Oinarrizko Konpetentziak Lehen Hezkuntzan) bi urteko iraupena izan duen eta ikasleen konpetentzien garapenean sakontzea helburu izan duen Europako proiektua da.

Bere interes-gunea hiru esparrutatik artikulatu da: irakasleen prestakuntza estrategia berrietan sakontzea, ikasleen ebaluazioa egitea eta kide diren herrialdeetako oinarrizko konpetentzien garapena zein alor honetan Europako eskolen intereseko esperientziak ezagutaraztea. Halaber, Nafarroako Ikastolen Elkarteak bere ikastoletan oinarrizko konpetentziak inplementatzeko erabilitako estrategia ezagutarazi ditu.

Proiektua Europako Eerasmus+ programaren bidez finantzatu da. NIEz gain, hauek izan dira europar mailako partzuergoa osatu duten erakundeak:  Turkuko Unibertsitatea (Finlandia), Oxfordeko Lehen Hezkuntzako Elkarte Nazionala (Erresuma Batua), Anberesko Antigon eskola-taldea (Belgika), Banateko eskualde mailako Irakasleen Elkartea (Errumania) eta Ekimen Berritzaileak erakundea (Iruñea).

Erakunde horiek guztiek bilera eta konferentzia egin zuten Iruñean, iragan irailaren 26an eta 27an. Lehenbiziko egunean Nafarroako Hezkuntza kontseilariarekin bilera egin zuten, eta ondoren Tafallako Garces de los Fayos ikastolara bisita egin zuten, Lehen Hezkuntzan oinarrizko konpetentziak nola garatzen ari diren bertatik bertara ikusteko.

Hurrengo egunean, berriz, konferentzia egin zuten oinarrizko konpetentziak gaitzat hartuta. Hainbat adituren ekarpenak jaso ziren konferentzia horretan, eta Civican eraikineko areto nagusia bete zuten ekarpen horiek entzutera joandako irakasle eta unibertsitariek. NIEko lehendakari Mikel Asiainek, NIEko zuzendari Josu Reparazek eta Hezkuntza arduradun Irene Lopezek hartu zuten hitza Nafarroako ikastolen aldetik. UNESCOtik, berriz, Renato Operttik hezkuntza sistemak eta ikasleen konpetentziak birpentsatu beharraz hitz egin zuen. Lehen Hezkuntzan oinarrizko konpetentziak lantzeko Ingalaterrako eta Finlandiako ereduak ere ezagutarazi ziren.

Ekitaldi horretan bertan, Europatik etorritako nahiz bertako ordezkariek, Nafarroako hainbat ikastolatan programa honen bitartez garatu dituzten proiektuak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Hain zuzen ere,  Vianako Erentzun Ikastolako, Iruñeko Jaso Ikastolako, Lizarra Ikastolako, Zizur Txikiko San Fermin Ikastolako, Tafallako Garces de los Fayos Ikastolako eta Zangozako Ikastolako ikasleek erakutsi zizkieten euren ikastoletan aurrera eramandako proiektuak.

ikastola 225
2017 Urria
225