IKASTOLA 225 > erreportajeak > Omenaldi beroa, mende erdia bete duten 27 ikastolari

Ikastolen 2017-18 ikasturte hasierako ekitaldia

Omenaldi beroa, mende erdia bete duten 27 ikastolari

Ikastola Eredua sortu, garatu eta eraldatu izana eskertu diete omenaldia jasotako ikastolei

Mende erdiaren bueltan dira ikastola asko. 

Batzuk, hasiera hasierakoak, Ikastolen 2013-14 Ikasturtearen hasiera ekitaldian omendu zituzten. Baina lau ikasturte hauetan, eta orain hasten dugunean, badira ikastola gehiago mende erdira iritsi direnak edo iritsiko direnak, 27 ikastola guztira. Horiek guztiak omendu nahi izan zituzten iragan irailaren 30ean Elorrion egindako ekitaldian. Merezi duten esker ona adierazi zieten, eta, bereziki, urteotan guztiotan erakutsi duten konpromiso sendoa aitortu.

Konpromisoa euren herri eta herritarrekiko, euskara eta euskal kulturarekiko, kalitatezko euskal hezkuntza eraldatzailearekiko, ikasle guzti eta bakoitzarekiko. Azken batean, ikastola ereduarekiko erakutsitako konpromisoa aitortu nahi izan zieten, Ikastola Eredua sortu, garatu eta gaur egunera arte ekarri dutelako, haien ondotik sorturiko beste ikastola guztiekin batera.

Ikastola horietako ordezkari bana igo ziren oholtzara eta oroigarri bana jaso zuten Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eta lehendakariorde Nekane Artolaren eskuetatik.

Guztien izenean, Elorrioko Txintxirri ikastolako lehendakari Eider Barrenak egin zituen esker oneko hitzak. “Hunkituta nago, hunkituta gaude, gaur jaso dugun omenaldiarekin. Mila esker Ikastolen Elkarteari, eta mila esker ikastola guztioi, egin diguzuen omenaldiarengatik”, adierazi zuen. “Gure ikastolaren eta ikastola guztien ezaugarri nagusiak dira euskaldunak garela, herritarrak, hezkuntza eredu propioa dugula eta eraldatzaileak garela. Txintxirri ikastolak, gaur omendu gaituzuen ikastola guztiok, aurrekoek eta ondoren sortu zirenek partekatzen ditugu ezaugarriok, eta ezaugarri guztiak dira, gure ikasleak, gure seme-alaba bakoitza eta guztiak, erdigunean jarrita, Ikastola Ereduaren muina”, gaineratu zuen Eider Barrenak. ”Ikastola Eredu hori garatzen, gaurkotzen eta eraldatzen dihardugu, eta halaxe jarraituko dugu, gutxienez beste 50 urtetan”, amaitu zuen.

Ikastolen zerrenda
* ANDER DEUNA IKASTOLA Sopela
* ANDRA MARI IKASTOLA Zornotza
. ARIZMENDI IKASTOLA Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate
. AZPEITIKO IKASTOLA Azpeitia
. BEASAINGO IKASTOLA Beasain
. BETIKO IKASTOLA Leioa
. BIHOTZ GAZTEA IKASTOLA Santurtzi
. EGUZKI BEGI IKASTOLA Galdakao
. ELEIZALDE IKASTOLA Bermeo
. HAURTZARO IKASTOLA Oiartzun
. HAZTEGI IKASTOLA Legazpi
HERRI AMETSA IKASTOLA Donostia
. JAKINTZA IKASTOLA Ordizia
. KURUTZIAGA IKASTOLA Durango
. LARRAMENDI IKASTOLA Mungia
. LASKORAIN IKASTOLA Tolosa
. PAZ DE ZIGANDA IKASTOLA Atarrabia
. SALBATORE MITXELENA IKASTOLA Zarautz
. SAN FERMIN IKASTOLA Zizur Nagusia
. SEBER ALTUBE IKASTOLA Gernika
. TXANTXIKU IKASTOLA Oñati
. TXINTXIRRI IKASTOLA ElorriO
. UDARREGI IKASTOLA Usurbil
. URRETXU-ZUMARRAGA IKASTOLA Urretxu-Zumarraga
. ZUBI ZAHAR IKASTOLA Ondarroa                                            
. ZUBIMUSU IKASTOLA Villabona
. ZURRIOLA IKASTOLA Donostia

 

ikastola 225
2017 Urria
225