Ikastolen 2017-18 ikasturte hasierako ekitaldia
Hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza ituna lortzea izango dira ikastolen aurtengo erronkak
“Hezkuntza eraldatzen” lelopean ospatu dute ikastolek 2017-18 ikasturtearen hasiera ekitaldia
Elorrioko Arriola antzokian ospatu zuten ikastolek 2017-18 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia, iragan irailaren 30ean.
Euskal Herriko ikastoletako eta Ikastolen Elkarteko ordezkari andana bildu zen Elorrion, ordubete inguru iraun zuen ekitaldian. Bertan, ikastolen aurtengo erronkak zeintzuk izango diren aurkeztu zen.
Ikastoletako ordezkariekin batera, gonbidatu ugari izan ziren ekitaldian. Besteak beste, Elorrion izan ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana De Castro eta Elorrioko alkate Idoia Buruaga; Eusko Jaurlaritzako ordezkari gehiago ere izan ziren, eta baita EAJ eta EH Bilduko ordezkariak, hezkuntza eragileetako hainbat ordezkari, sindikatuetakoak, kooperatibetakoak eta euskalgintza eta euskal kulturakoak ere.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, ikastolen aurtengo ikasturteko erronkak azaldu zituen, eta nagusiak hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea izango direla nabarmendu zuen.
Indartsu hasi dute ikasturtea ikastolek, Koldo Tellituk nabarmendu zuenez. Bokaleko ama ikastola berriarekin, Bernat Etxepare ikastolaren zabalpenarekin, Lizeo berria ireki dute Lanbide Heziketa ere emanez, eta kolegioa ireki dute orain arteko egoitzan. Era berean, Armentiako ikastolan Batxiler eskaintza ireki dute, bi gelarekin, eta Argantzon ikastolak lehen hezkuntza emateko proiektua ere hor dago. 110 ikastola dira, beraz, eta 56.000 ikasle inguru dituzte jada.
Gainontzeko ikastolek ere indartsu hasi dute ikasturtea, Tellituk azaldu zuenez. Asko dira eraikinak berritu dituztenak, berritzen ari direnak, edota berritzeko egitasmoak dituztenak. Batzuk aipatzearren, Gasteizko Armentia ikastola, Leioako Betiko ikastola, Oñatiko Txantxiku, Durangoko Kurutziaga, Tolosako Laskorain, Lekeitioko RM Azkue, Baionako Bernat Etxepare Lizeoa, Arizmendi ikastola, Elorrioko Txintxirri…. Espazio berritzaileak dira, eraldatzaileak, malguak, unean uneko beharretara moldagarriak... Azken batean, hezkuntza eredu eraldatzaileak espazio eraldatzaileak behar ditu. Horregatik jarri du martxan Ikastolen Elkarteak aholkularitza zerbitzu bat ikastolentzako, espazioen eraldaketa horretan laguntzeko.
Hezkuntzaren eraldaketan ikastolak egiten ari diren lana ere mintzagai izan zuen Tellituk. Euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritzen den eredu pedagogikoaren bitartez ari dira ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hori garatzeko eta gelaratzeko ikasmaterial berriak sortu dituzte eta sortzen ari dira, EKI proiektuaren baitan.
DBHn iazko ikasturtean amaitu zen EKIren ezarpena. Aurtengo ikasturtean Lehen Hezkuntzan hasi dira eredu hori ezartzen, zehazki 6. mailan. Heldu den ikasturtean 5. mailan ezarriko dute, eta horrela jarraituko du ezarpenak.
Baina Haur Hezkuntzara ere ari dira eraldaketa eramaten, EHIko lehendakariak azpimarratu zuenez. Baziren ikastola batzuk dagoeneko eraldaketa hori martxan zutela, eta haien denen esperientziak aintzat hartuta eta Ikastolen Elkartean martxan jarritako koordinazio taldearen bitartez, ikastola guztietara eraman nahi dute eraldaketa.
Eta hori guzti horrekin batera, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako proposamen berriak ere ari dira garatzen.
Hezkuntza eredu berriaren ezarpenean, irakasleen prestakuntza funtsezkoa izan da eta izaten jarraitzen du, Tellituren hitzetan. Ebaluazioaren gaian, esate baterako, prestakuntzarekin jarraitzen dute.
Gainera, orain unea iritsi da ikastolak egiten ari direna aztertzeko. Alegia, zer eta nola egin nahi duten badakite, zer helburu duten ere bai, hau da, zein den edo izan behar duen ikasleen irteera profilak. “Orain jakin nahi dugu helburu horretara iristen ari garen, iritsi garen, edo zein puntutan gauden”, azaldu zuen Tellituk. Horretarako osatu du Ikastolen Elkarteak aholkularitza talde bat, eta aholkulari horiek lagunduko diete ikastolei lan hori egiten. Aurtengo ikasturtean 25 ikastolatan hasiko dira. Heldu den urterako ikastola gehiagotara iritsiko da aholkularitza.
Horrekin batera, eskola jazarpenari aurre egiteko KiVa programak jarraipena izango du, eta ikastola gehiago sartu dira programan. Hain zuzen ere, iaz KiVa ezarri zuten 55 ikastolei beste hamar batu zaizkie aurten. Gainera, programa Lehen Hezkuntzarako prestatua dagoen arren, Bigarren Hezkuntzan ere ematen hasi dira aurtengo ikasturtean.
Ezarpena azkarra eta eraginkorra izan da. Ikastola guztiak oso gustura daude KiVaren bitartez eskola jazarpenaren aurka prebentzioan egiten ari diren lanarekin.
Hezkuntza ituna eta legea
Halaber, Ikastolen Elkarteko lehendakariak hizpide izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza akordio baten beharra. Horren harira, errepikatu zuen irailaren 25ean Hezkuntza Sailarekin 33 hezkuntza eragilek egindako bilera abiapuntua izan behar dela akordiorako. Eragileekiko Hezkuntza Sailaren konpromisoa nabarmendu zuen Tellituk, eta kronograma bat ezarri izana azpimarratu zuen. Lan taldeei dagokienez, erdietsi nahi den sistemaren publikotasun ereduari dagokion lan taldea erantsiko lioketela esan zuten ikastolek, baina, orain, prozesua indartsu abiaraztearen garrantziaz ohartuta, aurrerago beste lan eremu batzuk zabaltzeko aukera egongo denaren ziurtasuna azaldu zuten.
Hezkuntza itunaren ostean Hezkuntza Lege berri bat egon behar duela gaineratu zuen Koldo Tellituk, eta horri begira ikastolek dokumentu bat garatu dutela adierazi zuen. Dena den, azaldu zuen, ikastolek ez dutela marra gorririk ezarriko, alegia, dokumentu hori ez dela marra gorri bat izango: “Prozesu honetan modu aktiboan hartuko dugu parte, eta ikuspegi irekiarekin; aldez aurreko bermeak eta exijentziak ezarri gabe, prozesua hasi baino ez delako egin”.
“Guk eskatzen dugun legea da hezkuntza sistemako ikastetxe guztiak barne bilduko dituena, hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta, eta nolabait esan, publikotasun partekatu baterantz jarriaz”, adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. “Baina, aldi berean, uste dugu lege horrek balio izan behar duela Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propio bat eraikitzeko, herri honentzat funtsezkoa delako gai hau, ezin dugulako Espainiako edo Frantziako lege murriztaileen pean egon, gainditu egin behar ditugulako. Kataluniako prozesuarekin ezagun egin den hitza erabiliz, hezkuntzari dagokionez, bederen, deskonexioa behar dugu”, gaineratu zuen.
OIN ARIN DANTZA TALDEAREN IKUSKIZUNA
Ikasturte hasiera ekitaldian omenaldiaren tartea ere izan zen. Aurtengo ekitaldian, azken lau ikasturteotan mende erdira iritsi diren 27 ikastola omendu zituzten [ikusi ondorengo orrialdeak].
Ekitaldian dantza ikuskizuna ere egon zen, Lazkaoko Oin Arin taldearen eskutik. Dantza talde honek ere bere 50. urtemuga bete berria du, baina Elorrion erakutsi zuen jakin duela garatzen, eta euskal dantza tradizionaletik edan arren, hura oinarri hartuta koreografia berriekin eskaini zuten ikuskizuna. Hiru dantza eskaini zituzten. Lehenbizikoa agurra izan zen; bi dantzarik dantzatu zuten, eta beste bik, berriz, a capella abestu zuten. Bigarren dantza, berriz, Kalakan taldearen musikaren erritmora dantzatu zuten, makil dantza eta sagar dantzaren urratsekin sortutako koreografia berri bat izan zen. Bukatzeko, Korrontzi taldearen doinuarekin Arratiako dantzen interpretazio original bat eskaini zuten.
Eta zer esan aurkezleaz? Kike Amonarriz arduratu zen ekitaldia bideratzeaz, eta berezkoak dituen umore, alaitasun eta komunikazio gaitasun apartarekin eraman zuen saio osoa.