Irakurzaletasuna bultzatzeko egitasmoa
17.000 ikasletik gora hartu zuten parte JUUL hauteskunde literarioetan
Apirilean egin ziren hauteskundeak, eta maiatzaren 31n banatu zituzten sariak
Literaturzaletasuna bultzatu, eta irakurritako liburuen artean onena aukeratzea.
Literaturzaletasuna bultzatu, eta irakurritako liburuen artean onena aukeratzea dute xedetzat JUUL hauteskunde literarioek. Urterik urte gero eta ikasle gehiagok hartzen dute parte. Aurten Euskal Herriko 53 ikastolatako 17.000 ikaslek baino gehiagok eman dute boza.
Hemeretzigarren urtez jarraian, Ikastolen Elkarteak literatur hauteskundeak antolatu zituen, apirilaren 4an, eta emaitzen ondorioz sarituak izan ziren idazle eta lanen aitortza eta sari emate ekitaldia egin zuten maiatzaren bukaeran. Euskal Herriko Ikastoletako 17.099 ikaslek hartu zuten parte libururik onenaren bozketan, eta 8.900k, berriz, ilustratzaileri onenarenean.
Aurreko urteetan bezala, bozketa egiteko bi sistema erabili ziren, hots, betiko boto-txartela eta bozketa elektronikoa. Ikasleen artean helduenak izan ziren, bereziki, bozketa elektronikoko sistema erabili zutenak. Adin taldeka banatuta, talde bakoitzak bere liburu gustukoena eta ilustratzaile onena aukeratu behar zuen. Boto-emaile askok bi aukeretan parte hartu zuten, alegia, liburu gustukoena zein ilustratzaile gustukoena aukeratzeko botoa eman zuten. Partaidetzari dagokionez, honako hau izan zen ikasle kopurua kategoria ezberdinetan:
A- Kategoria (Haur Hezkuntza): 2.589 (Ama Ikastola)
B- Kategoria (LH 1. eta 2. maila): 3.153 (Lehen Maila 1. eta 2. urtea)
C- Kategoria (LH 3. eta 4. maila): 3.804 (Lehen Maila 3. eta 4. urtea)
D- Kategoria (LH 5. eta 6. maila): 4.025 (LM 5. urtea eta Kolegioko 6.a)
E- Kategoria (DBH): 3.528 (Kolegioko 5., 4., 3.a eta Lizeoko 2.a)
I- Kategoria (Ilustratzailearena): 8.900
Orotara 53 ikastolek hartu zuten parte hauteskunde literarioan.
Irabazleak, berriz, hauek izan ziren:
3-6 urte: Margarita del Mazo eta Charlotte Pardiren Azazkalo (Txalaparta)
6-8 urte Txomin eta Peru Magdalenaren Txomintxo eta Perutxo maiteminduta (Elkar)
8-10 urte Toti Martínez de Lezearen Nur eta banpiroen dantza (Erein)
10-12 urte: Jeff Kinneyren Greg 6 – Etxean itxita (Alberdania)
12-16 Jasone Osororen Ezekiel (Elkar)
Ilustratzaile onenak, ikasleen iritziz, Juan Luis eta Ivan Landa izan ziren, Nur sailaren ilustratzaileak