EKI proiektua
Etapa bat amaituta, beste bati ekin dio IKASELKARrek, indar berrituta
ORONA Ideon ospatu du argitaletxeak DBHrako ikasmaterialen eskaintza osoa kaleratua eta ikasgeletan dela
“Euskal Curriculuma adostu genuen. Adostutakoa gauzatu dugu"
“Euskal Curriculuma adostu genuen. Adostutakoa gauzatu dugu. Euskal Herriko gizarteari eskaintzen diogu”. Hitz horiek erabili zituen Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduradun Abel Ariznabarretak EKI proiektuaren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ikasmaterialen eskaintza osoa ikasgeletan dagoela ospatzeko Hernanin egin zen ekitaldian. Etapa bat amaitu, eta beste bat hasi: Lehen Hezkuntzarako ikasmaterialen sorkuntzan dihardu, orain, Ikaselkarrek.
EKI DBH proiektua gizarteratzeko ekitaldia antolatu zuen Ikaselkar argitaletxeak, Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek osatutakoak, iragan maiatzaren 11n, Hernaniko Orona Ideoko auditorioan. Bertan bildu ziren hezkuntzako, kulturako eta gizarteko ordezkari ugari.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan egindako lanaren ibilbidea errepasatu zen ekitaldian, Abel Ariznabarretaren bitartez, eta Ikaselkarreko kudeatzaile Dani Maizak etorkizuneko erronkak aurkeztu zituen. Bi agerraldi horien artean, berriz, Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirre kazetari eta antropologoak, gaur egungo gizartean hezkuntzak dituen erronken gaineko hitzaldi bat eman zuen. Xabier Zeberio musikariak, berriz, nyckelharpa instrumentuarekin (teklak dituen biola suediarra) pieza bana jo zituen ekitaldiaren hasieran eta amaieran.
Euskal curriculuma du jatorrian EKI proiektuak, Ariznabarretak gogorarazi zuen bezala, eta joan den mendearen amaieratik mende honen lehen hamarraldira bitarte garatu eta gauzatu zen adostasunean izan zuen abiapuntua. Euskal curriculumean oinarritzen da, bai, baina berrikuntza pedagogiko asko ekarri ditu. “Motz geratuko nintzateke EKI proiektuaren berrikuntza euskal curriculumera mugatuko banu”, azaldu zuen Ariznabarretak; “izan ere, gehiago da EKI proiektua. Hezkuntza ekarpen berri eta esanguratsu baten oinarria da EKI; euskal curriculuma ardatz duen, konpetentzietan oinarritzen den eta integrazioaren pedagogia barnebiltzen duen proiektua da”.
Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduradunak EKIren ezaugarri nagusiak azaldu zituen, eta banan bana aletu zituen ezaugarriok. Egindako lana goraipatu zuen, baina bidea hasi besterik ez dela egin ere gogorarazi zuen: “Hezkuntzaren erronkak ez dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan amaitzen. Gure egitekoa, beraz, hasi baino ez dela egin esan genezake. Lehen Hezkuntza osoa dugu, Haur Hezkuntza, Derrigorrezko ikasketen ondorengo hezkuntza… eta etengabe aldatuz doan, etorkizun zehaztugabea duen eta erabat likido den mundu honetan gure ikasleak, gure etorkizuna, hezten eta trebatzen jarraitu behar dugu”.
Dani Maizak heldu zion etorkizuneko proiektuak azaltzeari: “Bigarren Hezkuntzan murgilduta egon bagara ere, 6-11 adin tarteari ekin berri diogu. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredua Lehen Hezkuntzara ekarri nahi dugu”. Dagoeneko hainbat ikastolatan ezarpenak egin dira eta lehen emaitzak jasotzen ari da orain Ikaselkar. “Aurrera ez egiteko motiborik ez dugu”, azaldu zuen Maizak, “gure haurrek ikasteko gaitasuna berezkoa dutelarik, helduok, argitaletxeok, kasu, hori garatzeko testuinguru egokiak eskaintzen badizkiegu, emaitzek hobera egiten dutela frogatua dugu”.
EKI DBHko ikasmaterialekin egin bezala, Ikaselkarrek irakasleen prestakuntzan ere urratsa egin nahi du fase berrian ere: “Ikastetxeen bidelagun izan nahi dugu. Eta horretarako, ikastetxeek gure laguntza izango dute, bai EKI proiektua inplementatzeko aholkularitza emateko orduan, bai ikasturtez-ikasturte irakasleak trebatzeko prestakuntza plana diseinatuz. Arreta eta jarraipena emango duen eskaintza bizia eta garai berrietara egokituz joango dena”, azaldu zuen Maizak.
Une honetan, Ikaselkar hurrengo urteetarako plan estrategikoa marrazten ari da. Denbora gutxi barru osatuko du etorkizun hurbileko urratsen ibilbidea.